"Gogo handiarekin goaz, eta badugu sartzeko aukera"

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abu. 29a, 07:59

Momentu txarren gainetik, Tolosaldea trainerua iazkoa errepikatzeko uretaratuko da gaur, Donostian; arraunlariek asko ikasteko urtetzat jo dute amaitzear den denboraldia, "zerbaiten hasieratzat". 

Opariaren eta lanaren arteko zubia izan zen, iaz, TAKeko traineruarentzat, Kontxako sailkatze estropadan lehenengo zazpi ontzien artean geratzea. Urtebete pasatu da honezkero, eta ETE ligako traineruak osatu du bere bigarren denboraldia. Kontxako sailkatze estropadaren atarian, arraunlariek balorazio eta pronostikoak izan dituzte hizpide. 

Malen Oiartzabal patroiak urte berezia izan dela azpimarratu du, entrenatzaile aldaketari begira: "Bera gugana ohitzeko eta gu beregana ohitzeko urtea izan dela uste dut, izan ere, bere lehen urtea zen emakumezko traineru batean, eta guretzat ere lehen aldia zen, aurrez ezagutzen ez genuen entrenatzaile batekin. Asko ikasteko urtea izan da, elkar ondo ulertzekoa". Bide horretan, amaitzear dena "zerbaiten hasieratzat" du Oiartzabalek eta, horrela jarraituz gero, "etorkizun handia duen proiektua" dela dio. 

ETE ligako hitzorduak atzean utzita, ordea, gaurkoa denboraldi hasieratik gorriz margotutako eguna dute Tolosaldeako arraunlariek, eta Uxue Zuriarrain hankeko estriborrak denboraldiko helburuetako bat dela azaldu du: "Bi denboraldi daramatzagu traineruan eta, bietan, denboraldi hasieran helburu bezala izan dugu Kontxan sailkatzea. Iaz hala gertatu zen, baina aurten ere zail dago berriz". Hala eta guztiz ere, taldea konfiantzaz dago, asteburu txarrak izan dituztenean ere asmatu baitute elkar animatzen; hala iritsi zitzaien, esaterako, Colindreseko garaipena. Arratsalderako, beraz, sekulako gogoarekin daudela aitortu du Zuriarrainek: "Kontxako ere gogotsu gaude, eta azken asteburua txarra izan den arren, badugu sailkatzeko aukera". 

Taldekideen bide beretik eta, Donostiarra aurrez sailkatuta dagoela kontuan izanda, banderaren lehiarako hautagaien pronostikoa ematera ere ausartu da Itsaso Aizpurua proela: "Orio, Arraun Lagunak, Mecos, Hibaika, Zumaia, Tolosa eta San Juan". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!