Ubik liburutegiko bitartekariek akordioa lortu dute

Tolosaldeko Ataria 2019ko abu. 7a, 17:20

Zazpi hilabetez greba egin duten 9 langileen artean daude Iñigo Otxotorena anoetarra eta Andoni Uzkudun billabonatarra

Donostiako Ubik liburutegian lan egiten duten bitartekariek akordioa lortu dute Tabakaleran zerbitzua emateko azpikontratatuta dituen Sedena enpresarekin. "Luze jo du baina pozik gaude lortutakoarekin", esan du Andoni Uzkudun bitartekari bezala lanean dabilen billabonatarrak.

Orain arte baldintza kaskarretan egin izan dute lan, urteko asteburuen erdietan eta jaiegun askotan  lan egitea egokitu zaie, oporrak hartzeko ere arazo asko izan dituzte, eta batez beste, 1.000 eurotik beherako soldatak jaso izan dituzte. "Iaz hasi genuen gure lan baldintzak hobetzeko borroka eta enpresak %8ko soldata igoera eman zigun berehala. Hala ere, uste genuen hori ez zela nahikoa eta protestan jarraitu genuen. Abenduaren 22an hasi genuen greba mugagabea eta ordutik zazpi hilabete baino gehiago igaro dira", aipatu du Uzkudunek.

Hilabeteotan lan baldintzak hobetzeko eskatu diote Sedena enpresari, eta baita hari zerbitzua esleitua dion Tabakalerako administrazio kontseilua osatzen duten erakunde publikoei. "Luze jo du, neurri handi batean, Tabakalerako arduradunak ez dutelako gurekin eseri nahi izan; Enpresarekin konpondu behar genuela esaten ziguten eta horrek luzatu egin du negoziazioa".

Langileen eta Sedena enpresaren arteko akordioak, gaur egungo lan jardunaldia murriztu eta lan txandei lotutako zenbait hobekuntza jasotzen ditu; bereziki, asteburuei dagozkienak. Uzkudunek zehaztu duenez lau urtetarako sinatu dute akordioa eta 2022ra bitartean progresiboki emango dira hobekuntzak: "Urtez urte, lan jardunak jaisten eta soldatak igotzen joango dira; 2022an, gaur egun baino %40 gehiago kobratuko dugu".

Akordio honek eragina izango du Tabakalaren zerbitzu esleipenean. Ubik liburutegiko arreta zerbitzuak kontratatzeko Tabakalerak lizitazio berri bat aterako du azaroan, eta baldintza pleguetan jasota geratuko dira orain langileek akordioan adostu dituzten lan baldintzak.

Honenbestez, Tabakalerako sormen liburutegiak ateak irekiko ditu berriro, bihar, 10:00etatik aurrera. Langileek, tartean Otxotorena eta Uzkudunek, orain arteko baldintza berdinetan egingo dute lan eta hobekuntzak, azaroko lizitazioaren ondoren nabarituko dituzte. "Hori da adostu duguna eta aurrerantzean ikusiko dugu nola doazen gauzak", esan du Uzkudunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!