Bigarren postua lortu du Tolosaldea IKTk Gipuzkoan

Imanol Garcia Landa 2019ko uzt. 9a, 19:58

Tolosaldea IKT igeriketa taldeko infantil, junior eta absolutu mailako igerilariek parte hartu dute asteburuan Irunen jokatu den Gipuzkoako Txapelketan. 28 igerilari joan ziren, eta guztira 90 domina lortu dituzte.

Emakumezkoetan hirugarren postua lortu zuten, eta gizonezkoek bigarren postua; sailkapen orokorrean bigarren postua lortu zuen Tolosaldea IKT taldeak.

Zuriñe Del Pozo taldeko kideak azaldu duenez, «infantil gehienek azken txapelketa zuten denboraldi honetan, eta gogotsu joan ziren eta gehienek beraien markak hobetu zituzten. Junior eta absolutuetan Espainiako gutxieneko zenbait marka lortu dituzte. Junior eta absolutuek denbora gehiago daramate igerian, eta, beraz, beraientzat markak jaistea gero eta zailagoa izan ohi da». Bestalde, taldetik nabarmendu dute absolutu mailako mutiletan 4x100 metro estiloetan bigarren postua lortu zutela.

Hemendik aurrera, Espainiako Txapelketak izango dituzte Tolosaldea IKTko igerilariek. Alebinetan gutxieneko markak lortu dituztenak Unai Zubeldia, Markel Garmendia, Oinatz Azkoitia, Joanes Ruiz eta Nahia Crsitobalena izan dira. Infantiletan, Leire Maritxalar eta Gorka Duran joango dira. Junior eta absolutu mailetan Eneko Garmendia, Eneko Barriola, Maddi Barriola eta Irati Arzalluz joango dira. Datei dagokionez, alebinak uztailaren 20 eta 21eko asteburuan doaz Tarragonara; infantilak Bartzelonara uztailaren 27 eta 28ko asteburuan; eta junior eta absolutuak abuztuaren 3 eta 4ko asteburuan Terrasara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!