Harreran azpimarra

Iñigo Terradillos 2019ko uzt. 9a, 09:41

Tolosaldera iritsi berri diren gaztetxoei ongietorria ematea du xede Harrera on ekimenak; bertako hizkuntzari eta kulturari garrantzia ematen zaie, baina jatorrizkoena ahaztu gabe.

Zer hoberik leku berri eta ezezagun batera joatean eskuak zabalik hartua izatea baino? Adin guztietara zabaldu daitekeen sentsazioa da, baina, ziurrenik haur eta gazteengan pisu handiagoa hartzen du. Horretaz jakitun, erakundeak eta elkarteak hainbat ekimen ari dira bultzatzen, migrazioaren gorakadaren ondorioz sortutako gizarte anitzean elkarbizitza ahalik eta egokiena izan dadin.

Hor kokatzen da, hain juxtu, Harrera on egitasmoa. Duela sei urte hasi zen Tolosaldean lehen pausoak ematen, helburu argi batekin: «Tolosaldera iritsi berri diren gazteei eta haurrei harrera on bat egitea». Tolosaldea Garatzenek antolatzen duen egitasmoa da eta Ana Telleria bertako migrazio saileko teknikariak dioenez, Pasaian urtebete lehenago hasi zuten ereduari jarraituz ekin zioten. «Behar edo hutsune bat ikusi zuten han, eta Tolosalderako ere interesgarria zela ikusi zen». Eskolaz kanpoko ekimen hau Tolosan eta Villabonan egiten da eskualdean, eta haur eta gazteei zuzendutako dinamizazioa eta formazioa eskaintzen dituen Urtxintxa elkarteak koordinatzen du.

BOLUNTARIOA

Ikasturtea bukatu den moduan, Harrera on guneak ateak itxi ditu hurrengo ikasturtera arte, urrian hasi, eta ekainera bitarte luzatzen baita. Aurtengoan ere, 6-16 urte bitarteko gazte ugari elkartu da bertan. Guztiek komunean duten ezaugarria da azken bi urteetan Tolosaldeko herri edo ikastetxe batera iritsi izana.

Astean behin elkartu dira, adinaren arabera banatuta, astelehenetan, astearteetan eta asteazkenetan. Txikienak, 6 eta 9 urte artekoak, Villabonako Gazte Lekuan, eta 9-12 urte bitartekoak eta 12-16 urte artekoak Tolosako Gazte Topagunean.

Euskal Herritik kanpo etorri berriak dira egitasmoan parte hartzera deituak edo gonbidatuak direnak. Tolosaldea Garatzenen bitartez egiten da hori: «Eskualdera etorri berri diren familien informazioa izaten dugu, bai ikastetxeekin, bai eta udaletako gizarte zerbitzuekin harremanetan gaudelako», zehaztu du migrazio teknikariak. «Kasu askotan, gainera, ikastetxeak beraiek jartzen dira harremanetan gurekin, behar hori izan dezakeen haur edo gazte bat identifikatzen dutelako, dela kurtso hasieran edo erdian». Badira, halaber, euren kabuz joaten direnak ere. Doako egitasmoa den heinean, bertan parte hartzea ere boluntarioa da, eta Telleriak zehaztu duenez, «beraiek erabakitzen dute noiz joan».

ABERASGARRIA

Euskal Herritik kanpokoak eta etorri berriak, dira,beraz, Harrera on egitasmoan parte hartzera gonbidatzen diren gaztetxoak. Hori da, hain juxtu, ekimena berezi eta aberats egiten duen ezaugarrietako bat antolatzaileen arabera. Hala, jatorri askotariko haurrak eta gazteak elkartzen dira: Hego Amerika, Afrika, Europa… «Bakoitza bere errealitatearekin etortzen da bertara, baina, finean, antzeko errealitateak elkartzen dira». Ezaugarri horrek are eta aberatsago egiten duela diote: «Guk, bertan jolasean ari diren bitartean, euskal kulturara gerturatzeko tresnak eskaintzen dizkiegu. Baina, era berean, beraiek ere, euren jatorria ahaztu gabe, beraiena den hori ematera bideratzen ditugu, eta hori guretzat oso garrantzitsua da: esaterako, dituzten ohiturak kontatzera gonbidatzen ditugu».

Elkarren artean jolas egiteko eta lagun berriak egiteko aukera izaten dute, beraz. Eta, gainera, euskal kulturara gerturatzea ere badu xede bezala egitasmoak, «euskara hizkuntza bizia dela erakutsiz, euskaraz hitz egitea garrantzitsua dela eta komunikaziorako eta gizarte harremanetarako tresna dela islatuz. Beti ere, euren nortasun errespetatuz».

Astean behin izaten diren saio horiek ikastetxetik irtetean izaten dituzte, arratsaldeetan, bi orduz. Bi hezitzaile izaten dituzte zain, Villabonako Gazte Lekuan eta Tolosako Gazte Topagunean. Jolas edo jarduera desberdinak proposatzen dizkiete gaztetxoei, baina, ez edonola. Adin tarte bakoitzaren arabera, interesgune edo gai bat hartzen dute aitzakia moduan, bidea irekitzeko. «Esaterako, txikienen kasuan, Beñat izeneko pertsonaia bat daukagu. Beñatek bere herrian zirku bat deskubritzen du, eta zirku horretan, hainbat pertsona bizi direla ikusten du, jatorri ezberdinekoak. Beñatek zirku horretan ikusten dituen errealitate horiek kontatzen dizkie gazteei astero gutun bidez. Gutun horietako bakoitzak gai batekin izaten du lotura: astronomia, oporraldiak, festak…»

Gai horiek Euskal Herrian nola diren azaltzeko baliatzen dute jarduera, eta, era berean, gaztetxoen jatorrizko lurraldeetan gai jakin horiek nola diren kontatzeko ere eskatzen diete.

LEHEN PAUSOA: HIZKUNTZA

Harrera on egitasmoko hezitzaileen lehendabiziko lanketa hizkuntzarena izaten da. Haur edo gazte bakoitzak dituen beharrak identifikatzen dituzte, eta behar horien arabera programa bera ere eboluzionatzen doala kontatu dute: «hasieran hizkuntzari lotutako tresna erraz batzuk ematen ditugu lan egin ahal izateko».

Etorri berri diren gaztetxoek ez dute euskara jakiten, beraz, zerotik hasi beharra izaten dute. Horrelakoetan, hezitzaileek euskaraz ematen dituzte azalpenak eta tresna batzuk gaztelaniaz ere eskaini beharra izan dituzte. «Gaztelaniaz ez ezik ingelesez ere eskaintzen ditugu, jatorriaren arabera. Tresna horiek, pixkana, desagertuz joaten dira, ikasturtean aurrera egin ahala».

Seigarren ikasturtea osatu du Harrera on ekimenak, eta hasieratik izan duen «erantzun baikorra» azpimarratu dute. Antolatzaileek dioetenez, gaztetxoak «oso gustura» joaten dira, eta horren adierazle da askok urtez urte errepikatu egiten dutela, eta taldez talde igarotzen joaten direla adinean aurrera doazen heinean.

Ekimena «keinu» modukoa da «ezezagun zaien leku honetan ongietorriak sentitzeko», eta gogoratu dute ateak zabalik dituela nahi duen ororentzat, ikastetxean bertan galdetuz, edo Tolosaldea Garatzenera joz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!