«Harrera on bat izatea ezinbestekoa da frustrazioei aurre egin ahal izateko »

Iñigo Terradillos 2019ko uzt. 9a, 09:43

Urtxintxa elkarteko Heziketa Aktiboa lan-taldeko kidea da Maite Sagaseta, eta Tolosaldeko Harrera on egitasmoa koordinatzen ari da azken lau urteetan.

Integrazioari begira zertan laguntzen du horrelako ekimen batek?

Oso tresna baliotsua da integrazioari begira. Hizkuntzari begira lan handia egiten da, eta baita, esaterako, bertako eta beraien kultura eta ohiturak jorratzen ere. Badu, halaber, beste helburu garrantzitsu bat: Iritsi berri direnei herrian dauden baliabideen berri ematen zaie. Bai euren adinari dagozkionak, bai bestelakoak ere. Horretan ere lan egiten da. Duela bi aste esaterako, beraiekin erosketak egin genituen, Tolosaldea Garatzeneko migrazio saileko teknikariak eta biok gaztetxoekin lagunduta. Jarduera bat egin behar genuen, eta horretarako erosketak elkarrekin egitea pentsatu genuen, beraiek ikusteko non egin daitezkeen erosketa horiek. Horrez gain, urte hasieran Tolosaldeak zer azpiegitura dituen eta horiek non dauden ikusten egon ginen: igerilekuak, futbol zelaiak… Herrian beraien tokiak bilatzeko aukera izatea da xedea. Hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu, eta horretan lanketa ari gara egiten. Herriko elkarteekin, esaterako, harremana sor daiteke, eta polita litzateke elkartetako kideek beraiek azaltzea gazteei zer baliabide dituzten.

Berria den leku batean ondo hartua izatea suposatuko du beraientzat, ezta?

Horixe da. Harrera on izena hortik dator. Haur bakoitzak bere errealitatea ekartzen du. Batzuk adin txikikoak dira, eta normalean ez dira euren erabakiz etortzen. Tolosaldera iristen direnean frustrazioak, minak… izaten dituzte barnean. Askotan, ikusezinak izaten dira, hasiera batean behintzat. Iritsi diren toki horretan harrera on bat izatea ezinbestekoa da horiei aurre egin ahal izateko.

Etorri berritan zein izaten da beldur edo kezka nagusia?

Hasiera batean hizkuntza muga garrantzitsu bat izaten da. Tolosaldeko errealitatea ezagututa, ikastetxera iristean behar batzuk izaten dituzte hasieratik hizkuntzari dagokionez. Kontuan hartu behar da, era berean, normalean, inor ezagutzen ez duten leku batera iristen direla. Beraien burua kokatzea egokitzen zaie, eta lan handia egin behar izaten dute horretarako. Hortik etortzen dira askotan beraien haserreak, eta jolasean ari garenean beraien frustrazioak azaleratzen dituzte. Beraz, horrelakoetan beraiekin hitz egiten dugu… lan handia egin beharra izaten da zentzu horretan.

Bertakoekin erlazionatzea kostatzen al zaie?

Egitasmo honen kasuan, gure taldeak etorri berriek sortutakoak izaten dira. Hori bai, beraiekin kalera irteten garenean ikusten dugu bertakoekin harremanak badituztela. Hala ere, egia da, horretan indarra egin beharra dagoela.

Parte hartzen dute bertakoek euren adinekoei harrera egiten?

Ez dugu aplikatu oraindik, baina ideia interesgarria da. Pasa den urtean, bertako arraun taldearekin arraunean aritzea izan zen ekintzetako bat. Gurekin batera aritu ziren arraun taldeko gazteak, euren adinekoak baita ere, eta oso interesgarria izan zen. Bide horretatik ere asko egin daitekeela uste dugu.

Pasaiako esperientzia hartu zen oinarri Tolosaldekorako.

Bai. Sei urte daramatzagu proiektu honekin martxan Tolosaldean. Gure esperientzia Pasaian hasi genuen. Martxan jarri aurretik euskaltegiko langile bat eta Urtxintxa elkarteko beste bat aritu ziren buru-belarri urtebetez egitasmo sendo bat osatzeko, interesgune horiek, jarduerak eta jolasak sortzeko eta lantzeko. Tolosalderako ere lanketa hori baliatu dugu. Oso emaitza onak ematen dituela ikusi dugu, eta gaur egun beste zonalde gehiagotan ere ari gara lantzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!