Denboraren gurpilean

Ramon Olasagasti/Aitor Elduaien 2019ko uzt. 7a, 19:59

'Hiru pauso, hiru norabide' proiektua burutu zuten duela 20 urte Tolosaldeko hainbat herritarrek. Berriki elkartu dira Izaskunen, bidaia hura gogoratzeko, eta zeharkaldi hartan parte hartu zuten Ramon Olasagasti berrobitarrak eta Aitor Elduaien tolosarrak gogoratu dituzte lehen pertsonan, abentura hartan bizitako hainbat pasarte.

Oraindik orain bete dira 20 urte Hiru pauso, hiru norabide proiektuko azken zeharkaldia amaitu genuela, eta horren aitzakian, bizikleta zeharkaldi hartan partaide izan ginen sei kideetatik bost elkartu ginen Izaskunen, hamaiketakoa egiteko: Josu Iztueta, Josune Gorostidi, Joxean Zubelzu, Aitor Elduaien eta Ramon Olasagasti. Seigarrena, Ane Miralles, Bretainian zen, eta ezin izan zuen bertaratu. Pablo Dendaluze, eski zeharkaldian partaide izandako kidea ere batu zitzaigun Izaskungo hitzorduan.

Hiru pauso, hiru norabide egitasmo hartan hiru zeharkaldi egin genituen Eskandinavian. Lehena, eskiatzen lerari tiraka,, 1998ko neguan, Oslotik Nordkappera; bigarrena, piraguan, 1998ko udazkenean, Oslotik Helsinkira. Eta hirugarrena, bizikletan, 1999ko udaberrian, Oslotik Kirkenesera, Errusiako mugara. Zenbat bizipen, denboraren gurpilean.

Hamaiketakoan, ohiko hitz-aspertua: arrapaladan joan direla hogei urte, ilea urdindu edo erori zaigula askori, ume saldo bat jaio dela geroztik… Udaberriko zizen tortillari zerion gozotasuna, txakolinaren eta sagardoaren bizitasuna, oroimina eta bizimina, nahastu eta hasi zitzaizkigun jira eta buelta, denboraren gurpilean.

Besteak beste, 1974an Laponian lehen zeharkaldi hura egin zuten David Hernandez, Antxon Bandres, Alfredo Feliu, Jose Luis Lekuona Gorri, Mikel Zabala eta Jose Mari Rebollar etorri zitzaizkigun gogora. Hura bai egiazko abentura! Aurten bertan bete dira 45 urte espedizio hartatik, eta haien arrastoan hainbat eta hainbat proiektu eta zeharkaldi sortu dira geroztik. Urrutira gabe, Josu Iztuetak, Pablo Dendaluzek, Iker Iriartek eta Aitor Ossak ederki jaso zuten aitzindari haien testigantza, aurtengo martxoan estreinatu duten Arrastoan dokumentalean.

«Arrasto sakona»

Josu Iztuetak 16 urte zituen 1974an, eta orduan ikusitako irudiek eta entzundako kontuek «arrasto nabarmena» utzi zuten beregan. Josuk berak geroztik beste askorengan utzitako arrastoa bezain nabarmena. Lorratz horri jarraituz etorri dira Tolosaldean sortu diren gerozko zeharkaldi asko eta asko.

1984an, aurten 35 urte beraz, Citroen GS bat leporaino zamatuta, Laponiara joan ziren Josu Iztueta bera, Angel Ortiz, Dina Bilbao eta Jon Miren Begiristain, eta samien lurraldean 500 km-ko zeharkaldia egin zuten. Errusiako mugan, Meiden herrian, ekin zioten bideari eta Munkelva ibaiari jarraituz, Nordreisan bukatu zuten.

1988an etorri zen Groenlandiako zeharkaldia, hainbaten gogoan iltzatuta geratu dena. Josu Iztueta, Angel Ortiz, Nekane Urkia, Txiki Plazas eta Dina Bilbao izan ziren orduko hartan taldekide. Eta orduan ere bazen gurpil bat, lera bati lotua, kilometroak neurtzen zituena. Gurpil hark, denboraren joanean, ez dio inoiz birak emateari utzi.

Hurrengo urtean, 1989an, sei lagun Kemi herritik (Finlandia) Nordkappera (1.000 km) joan ziren negu gordin-gordinean, bizikletan. Josu Iztueta, Mikel Amondarain, Francis Navarro, Mikel Amundarain, Txitxi Orbegozo eta Dina Bilbao. Ordutik ere joan dira 30 urte, denboraren gurpilean.

Eskandinavian eginiko zeharkaldiez gain, izan dira beste hainbat ere, Afrikan, Alaskan… Nola ahaztu, adibidez, 1993an Josu Iztuetak, Dina Bilbaok, Jesus Ortizeketa Pablo Dendaluzek abian jarri zuten Artikotik Tropikora +/-50º egitasmo hura. Fort Yukonen, termometroak 50 gradu zero azpitik tenperaturara amildu eta izozteen eraginez itzuli egin behar izan zuten taldekideek, baina bizitzaren gurpilean beste mugarri bat izan zen abentura hura.

Hiru pauso, hiru norabide

1998an osatu genuen Hiru pauso, hiru norabide proiektuko lehen zeharkaldia. Otsailaren 2an abiatu ginen Osloko Holmenkollen tranpolinaren ondotik Josu Iztueta, Beñat Azurmendi, Ane Miralles, Pablo Dendaluze, Nerea Irazusta eta Ramon Olasagasti, eta hiru hilabeteren buruan iritsi ginen Nordkappera, 2.000 km-ko zeharbidea osatuta.

Proiektuko bigarren zeharkaldian, Oslotik Helsinkira joan ziren piraguan, Mikel Troitiño, Markox Sistiaga, Ane Miralles eta Josu Iztueta. 1998ko irailaren 17an abiatu, Suedia barneko aintziretan barna Stockholm jo, eta Baltikoa zeharkatuz Helsinkira heldu ziren azaroaren 19an, 1.500 km-ko zeharkaldia eginda.

Hirugarren pausoan, 1999ko udaberrian, Oslotik Lindesnesko itsasargira (Norvegia hego-hegoan), eta handik Errusiako mugara, Kirkenes herrira joan ginen bizikletan. 3.550 km izan ziren guztira, 37 egunetan. Orduko hartan Josu Iztueta, Ane Miralles, Josune Gorostidi, Aitor Elduaien, Joxean Zubelzu eta Ramon Olasagasti izan ginen taldekide. Oraintxe 20 urte.

1999an bertan etorri zen hiru zeharkaldiei buruzko liburua egiteko ideia. Aurreko abentura horietako gehienak bezala, Letxukaleko amets-fabrikan sortu zen liburuaren egitasmoa ere, eta, horregatik, Letxukale Liburuak zigiluarekin argitaratu genuen autoedizio hura.

Hamaiketakoaren ondoko egunetan, argazki zaharrei hautsak kentzen hasi, eta lehendik jakin bagenekiena baieztatu digute irudiek. Urtea joan eta urtea etorri, egitasmo bat joan eta bestea etorri, bada pertsona bat irudi guztietan agertzen dena, argazki guzti-guztietan hor dagoena. Bera da denboraren gurpil horretan pedalei eragiten diena, hainbat belaunaldiren eta pertsona askoren amets, adiskidetasun, bizipen, ilusio eta bizipozak birarazi dituen ardatza. Bera da denboraren gurpilean, 20 edo 30 urteren buruan, hamaiketako bat egiteko gonbitea eginez deitzen duena.

Erlazionatuak

Historia argazkiz-argazki

Tolosaldeko Ataria 2019 uzt 07 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!