Bila joan gabe, etortzen denari tokia egitea

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko eka. 29a, 08:59

Eskualdeko 16 eta 18 urte bitarteko gazteen kultur kontsumo ohiturei buruzko ikerketa gauzatu berri du Galtzaundi Euskara Taldeak.

Kultur mailako gaiak aintzat hartuta ekin zion, Galtzaundik, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan ikasten duten gazteek gai honen inguruan, eta eskualdeko testuinguruan kokatuta, dituzten kezkak eta jokabideak aztertzeari. Musika dela, informatzeko gaitasuna dela, ikus-entzunezkoak kontsumitzeko joera dela edota eskualdeko kultur ekimenen eskaintzaren inguruko ezagutza dela, galdetegiak, dinamika tailerrak eta hitzaldiak egin dituzte eskualdeko ikasleek.

Imanol Artola felix Galtzaundiko kidearen esanetan, «bi ondorio nagusi atera ditugu ikastetxeetan gauzatutako lantegietatik: batetik, gazteek etortzen den hori kontsumitzeko joera dutela, zerbaiten bila joan beharra ikusi gabe; bestetik, etengabe mugikorra erabiltzeko joera hartu dutela, eta hori dela kontsumo ohituretarako duten gailua». Zerbaiten bila joan, edo etortzen den horri buruz informatzerako garaian, bi bide jarraitzen dituztela dio. «Bilatzerako orduan, sarera jotzen dute gehienek. Denbora pasarako eta zer eginik ez dutenerako, berriz, telebistak protagonismo handiagoa hartzen du. Egoerari ikuspegi zabalago batetik begiratuta, duela hamar edo hamabost bat urteko egoera berean aurkitzen dira».

Orokorrean, okupatuta bizi dira gazteak, edo sentsazio hori dute behintzat. Astean zehar ez dira lagunekin biltzen, ikasketak edota eskolaz kanpoko jarduerak direla eta. Etxean daudenean, telebista edo websailak ikusteko ohitura handia dute; tarteka, musika entzutekoa ere bai. Asteburua, berriz, lagunekin egoteko eta plan ezberdinak egiteko aprobetxatzen dute.

Benetako lagunen falta sumatzen dutenean, baina, lagun birtualen bila jotzen dute ia denek. Aspertzen diren aldiro, denbora pasa modura erabiltzen dituzte sare sozialak. Bideo eta irudi artean «kateatuta» bizi direla diote. Horiek elkarbanatzeko mezuek, ordea, nekez izaten dituzte euskarazko esaldiak; oso mugatua da euskararen erabilera, eta traolen kasuan, adibidez, beste hizkuntza batetara jotzen dute. Horrelakoetan, ingurua eragitea baino, norberari interesatzen zaion hori jasotzea izaten da helburua.

Euskal musikak merezi duen tokia du?

Musika da, itxuraz, gehien kontsumitzen duten kultur eskaintza. Plataforma digitalaren aldekoak dira gehienak; musika doan entzuteko aukera izanda, horretara jotzen dute, erosi beharrik izan gabe. Musika talde berriak, berriz, lagunen aholkuei jaramon eginda, sare sozialetan ikusita edota Spotify nahiz Youtube plataformetako arrakasten zerrendatik ezagutzen dituzte. Musikari baino, letrari ematen diote garrantzia batzuek, eta alderantziz ere gertatzen da.

Askok, gainera, lagunekin musika entzuteko joera dute, nahiz eta norberak entzuten duena eta kuadrillan entzundakoa berdina ez izan. Kontzertuei dagokienez, herriko festetako eta gaztetxeko eskaintzara jotzen dute gehienek. Lehenean, berbena taldeak nagusitzen dira; bigarrenean, berriz, talde ezezagunak lehen aldiz ikusteko aukera baliatzen dute batzuek. Bestela, modaren arabera eta boladaka joaten dira taldeak entzutera; batzuetan, euskaldunak.

Euskal musikari dagokionez, orotariko iritziak dituzte: agresiboa dela, alaia dela, lehen zuen kritikotasuna galdu duela..., nahiz eta lehen baino askotarikoagoa izan. Guztiek, ordea, pentsamendu bera dute: estilo aldetik eskaintza areagotzea falta da; euskarazko reggaetoia, baina, ez zaie naturala egiten. Gainera, euskal taldeen kantu solteak taldeak baino gehiago ezagutzen dituztela diote.

Mundu globalizatu honetan, irratiak musika entzuterakoan eragin handia duela dio, eta alde horretatik, entzuten diren kateetan, euskal musikaren falta sumatzen dute; batez ere, talde ezagunen kantuak jartzen dituzte, besteei tarterik eman gabe. Horiez gain, parrandako abestiak jartzen dituztela diote. «Horiek ezagutzea beharrezkoa da, parrandan taldetik kanpo ez geratzeko». Bestetik, 'euskal' etiketaren barruan dena sartuta dagoela diote, eta ezin dela modu bariatuan entzun. Horiek arrakasta lortzeko bi bide daudela diote: sarean duen eskaintza, tokia eta zabalpena areagotzea, eta batez ere, ahoz aho hedatzea.

Interesatzen zaienaz soilik aberasten

Musikak, baina, testuinguru baten barruan kokatzen ditu gazteak, baina ez die inguruan gertatzen denaren berri ematen. Kulturaz aberasteko beste bideetako bat eskaintzen du mundu mailan albiste den horri buruz jakiteak. Beraientzat interesgarria suertatu daitekeen horren inguruan informatzeko, orokorrean, interes gutxi azaltzen dute gazteek. «Lagunen artean edo ikastetxean gai baten inguruan hitz egiten hastean, gustura aritzen gara, baina ez gara gure kabuz horretan hasten». Ez dute albisteak jarraitzeko ohitura handirik. Ohitura dutenek, aldiz, gurasoengandik jaso dutela diote. «Eurek jartzen dute telebista edo irratia eta horrela ohartzen gara gertatzen den guztiaz. Gero, kalean ezin gara gaizki geratu eta apur bat jakitea beharrezkoa da».

Bestalde, sarean aurkitzen dute arnasgunea. TOLOSALDEKO ATARIA-ren webgunea edota komunikabideen sare sozialak begiratzea erraza suertatzen zaie. Eskualdeko hedabidearen kasuan, «bertan gertatzen denari arreta handia» ematen diola eta erreferentziazkoa dela diote. Paperezko prentsari dagokionez, gaztelaniaz kontsumitzeko joera dute askok, eta mutilen kasuan, kiroletako orriek erakargarritasun handiagoa dute. «Euskarazko egunkariek soilik bertako kirol taldeak jarraitzen dituzte, kanpokoen berri eman gabe».

Zeri buruzko albisteak jarraitzen dituzten edo zeren inguruan informatzen diren galdetuta, politikaren kasuan, bertakoaren berri izatea baino, Espainiako egoeraz jabetzea errazagoa dela diote, «eskurago dagoelako, erabiltzen ditugun medioengatik». Informatuta bizi direla uste dute, baina ez dute interes gehiegi azaltzen. «Titularrak soilik irakurtzen ditut, eta ondoren, interesatuz gero, edo inguruko ezagun baten ingurukoa bada, gehiago irakurtzen jarraitzen dut», aitortu zuen batek. Bestalde, gai korapilatsuetan galtzen direnean, alde batera uzten dituztela ere aitortzen dute.

Bideoen bitartez irakurriz baino gehiago informatzen direla ere nabarmentzen dute, kiroletako laburpenak direla, Playground-eko bideoak direla edota azalpen bideoak direla. Bestetik, whatsapp taldeak ere erabiltzen dituzte informatu ahal izateko, baina ez dituzte fidagarritzat. Horietan, gainera, inguruko hedabideen berriak ere zabaltzen dituzte. Azkenik, komunikabideek manipulatzeko idazten dutela uste dute. «Badakite iritzia sortzeko nola idatzi».

Telebista gutxiago, youtuber gehiago

Kultur kontsumorako beste ohiko bide bat ikus-entzunezkoena da. Irakurtzea baino errazagoa zaio, edonori, bideo bat ikusi eta entzuten duen bitartean, kontatzen denaren berri izatea, begiak gehiegi nekatzeko esfortzurik egin gabe. Are gehiago, ikusten ari den hori entretenigarria denean. Hori dela eta, interneteko plataforma ezberdinek osatzen dute irudiaren eta soinuaren konbinazio perfektuaren jatorria. Batzuek, Youtube eta bertako tendentziak aukeratzen dituzte. Besteek, berriz, websailak edo filmak ikusteko ohitura dute ordaindu beharrik gabeko orrialdeetan. Azkenik, bada geroz eta handiagoa den fenomeno bat: gazteek telebista gutxiago kontsumitzen dute. Azken horien kasuan, kate eta programa jakinen bila jotzen dute, ikustera ohitu diren eta gustuko duten horretara. Joera horiek, gainera, gurasoetan izan ohi dute jatorria. Zer ikusi, hura ikasi. Hala ere, badira kasuak non lagunen arteko ahoz ahoko mezu trukaketekin zerbait ikusten hasi, eta gustatzeraino iritsi daitekeela bakarren bat.

Eta zein izan daiteke, ikus-entzunezko edukiak gutxi kontsumitzeko arrazoia? Bada, ia denak bat datoz hizkuntza kontua dela adieraztean. «Euskaraz ez dago eskaintza handiegirik, eta gaztelaniaz, berriz, ia dena egiten da». Eskualdean euskaraz ikus daitekeen kate nagusiena da ETB 1. Euskal Telebistaren gaineko kritika gogorra egiten dute gazteek. «Lehen eskaintza hobea zenaren ustea dut. Orain, berriz, seriotasun falta bat nabaritzen dut».Horrez gain, beste kateetako programak kopiatu eta euskal komunitatera ekartzen saiatzen direla diote, baita umorezko saioak faltan botatzen dituztela ere. Tartean, baina, bada eskaintza kalitatezkoa dela eta lagundu egin behar dela uste duenik: «Egiten duen ahalegina ere kritikatzen dugu, besteez horrela hitz egiten ez denean, eta besteen lehiakide izan ezin duenean».

Filmak, doan eta etxean

Kultura kontsumitzeko ohituren artean, azken hamarkadetan jaitsiera handiena zinemagintzak izan duela esan daiteke; gazteen artean, betiere. Ez dute euren burua zinema zaletzat, eta tarteka joaten dira aretoetara filmak ikustera. «Etxean doan ikus dezakezunagatik ordaindu? Ez dut uste», diote. Herri guztietan saiatzen dira eskaintza areagotu eta publiko askotarikoarengana heltzen. Tolosan, esaterako, Leidor aretoak eskaintza zabala izaten du, eta eskuragarri jartzen diren bonuek arrakasta handia izaten dute. Gazteak, baina, gutxitan begiratzen dute bertako programa, eta ia inoiz ez dira jartzen horren bila. «Joaten garenetan, arrakasta duten filmak ikustera joaten gara. Hala ere, beti eztabaida bera izaten dugu. Estreinatu bezain pronto Donostia inguruko aretoetara joan eta bertan ikustea, ala hona ekarri arte itxarotea.

Euskarazko pelikulen inguruan ere, iritzi kontrajarriak dituzte gazteek. «Badute arrakasta. Gainera, ezaugarri berezi bat dute: gertukoak dira, eta zeure egiten dituzu». Hala ere, euskaraz egindako lanak ikustera joaterakoan, tendentzia edo «postureo» moduko bat dagoela diote: «famatu egin ondoren ikusten dituzte askok». Mahai gainean, beste gai bat dute: bikoizketak. Euskarara transkribatutako elkarrizketek, xarma galtzen dutela eta motelagoak direla nabarmentzen dute. Informazio galera, betiko ahotsak eta euskara artifiziala dira beste arrazoiak.

Gainerako kultur eskaintzak, azaletik

Zinemagintzarekin gertatu moduan, badira beste kultur eskaintza batzuk, gazteengan interes falta dutenak. Antzerkia da horietako bat. Gazteak apenas joaten dira obrak ikustera, «ez delako erakargarria», diote. «Ez gara eskaintzaz ohartzen, eta herri txikietan, gaztetxeak tarteko, fidelagoak dira». Bertsolaritzaren kasuan, herriko saioak edo telebistakoak soilik interesatzen zaizkie. Orokorrean, urrunekoa zaie. Azkenik, literaturari dagokionez, gaztelaniaz euskaraz baino gehiago irakurtzen dute, «ezagutza handiagoa delako, gehiago idatzi delako, baita kalitate hobea duelako ere». Ikastetxean agindutako testuei ez diete lehentasunik ematen. Askori, traba ere bihurtzen zaie irakasleek eskatutakoa irakurtzea. «Sare sozialetan, jarri gabe pasatzen dugu denbora; irakurtzen, aldiz, ez; denbora librean irakurtzea ez da denbora aprobetxatzea».

Erlazionatuak

Euskaraz egiteko joera txikia

Josu Artutxa Dorronsoro 2019 eka 28 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!