Euskaraz egiteko joera txikia

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko eka. 28a, 16:26

Udalaren enkarguz, herriko guraso euskaldunen hizkuntza ohiturak aztertu ditu Siadeco elkarteak. Pasa den astean aurkeztu zituzten azterketaren emaitzak, kultur etxeko areto nagusian.

Euskararen erabilerari ikuspegi zabaletik erreparatu diote diagnostikoa egiterako orduan: ahozko erabilera, transmisioa, hedabideen kontsumoa, kultura eta euskararen inguruko iritzia izan dituzte kontuan.

Hiru fasetan banatu dute ekimena. Batetik, haurrak LH eta DBH mailatan dituzten gurasoekin inkesta bat egin da. Bestetik, gurasoekin talde dinamikak egin dira, datu kualitatiboak eskuratzeko. Azkenik, adituen iritziak jaso dira, datu horiek kontrastatzeko. Kultur etxeko dinamikan, berriz, ondorio batzuk ere atera zituzten.

Garikoitz Goikoetxea, Siadecoko kolaboratzaileak aurkeztu zituen emaitzak, baita talde dinamiketan jasotako zenbait adierazpen ere. Tolosan, 2.568 ikasle dabiltza LH eta DBH mailetan. Horietatik, lagin esanguratsu bat aukeratu zuten ikerketarako: 1.468. Jakitun ziren lagin oso zabala zela, eta ondoren inkesta batzuk baztertu beharko zituztela. Gainera, gurasoen %51k (740) erantzun zituen galderak. Hala ere, Tolosakoak ez ziren gurasoen eta guraso erdaldunen erantzunak kenduta, 547 izan dira baleko inkestak. Bestetik, dinamiketarako, lau guraso taldetan banatu dira. Azkenik, txostena osatzeko, herriko egoeraren berri duten adituen iritzia jaso dute: Joseba Antxustegietxarte, Kike Amonarriz, Helena Baraibar, Xabier Bengoetxea, Silvia Mateo eta Imanol Artola.

Gunearen arabera, erabilera aldatzen da

Azken urteetako kalkuluen arabera, Tolosan 19.500 biztanle bizi direla estimatzen da. Euskal Herria mailan, adituen ustez, Tolosaldea da euskara gehien arnasten den eskualdeetako bat. Tolosan, ordea, gora egin du erdaldun elebakarraren portzentajeak, etorkinen gorakadaren ondorioz. Hezkuntzaren arabera, ordea, Tolosan ez dago neraberik euskaraz ez dakienik. Euskarak, ordea, herritar askoren lehen hizkuntza modura beherakada nabarmena izan du, nahiz eta etxeko erabileran gora egin duen (%39,9; gazteleraren erabilera, %38,6). Kaleko erabileran ere, goranzko joera izan du azken hamarkadetan, nahiz eta tartean geldialdi uneak izan.

Guraso euskaldunen artean, %86koa da inkesta erantzun duten gurasoen bikotekideen euskararen ezagutza maila. Bi hizkuntzetan aritzeko joerak gora egin du azken urteetan, eta horren erakusle dira faktore ezberdinak. Batetik, gurasoek duten erraztasuna izan behar da kontuan. Bestetik, aurrez izandako ohitura ezberdinak. Guraso horiek, gainera, ohitura izaten dute haurrekin hizkuntza bat eta bikotean beste bat erabiltzeko.

Umetatik oraingo egoerara, guraso euskaldunen euskararen erabilerak galera nabarmena izan du, gurasoekiko harremanean. Orain joera handiagoa dute bi hizkuntzetan aritzeko, baina bai etxean baita kuadrillan ere gora egin du euskararen erabilerak; azken honetan, %93,4koa da euskararen ezagutza. Koskortu ahala, erlazioa erdaldunagoa da. Hala ere, badira gurasoak, orduko jarrera errebeldeagatik nerabezaroan euskara alboratu, eta orain berreskuratu dutenak, jarrera hori gainditu dutelako, umeak izan dituztelako edota kuadrillako erabilera ohitura aldatu delako. Lantokian, bestalde, euskararen erabilerak gora egiten du gehienen kasuan (%57), lankide gehienak euskaldunak direlako.

Aitaren edo amaren ezagutzak, eragina

Arestian aipatu bezala, guraso euskaldun guztiek haur euskaldunak dituzte. Guztien umeek burutzen dituzte ikasketak D ereduan; hori baita Tolosako ikastetxeen egungo errealitatea. Etxean, ordea, haurrekin euskaraz egiteko joera ez da %100ekoa, hamar puntu txikiagoa baizik: %90. Guraso askok aitortzen dute haurrari euskaraz egitea arau modura dutela, nahiz eta euren artean ez egin. Umeekiko harremanetan erabiltzen da euskara gehien Tolosan. Ezagutzaren eta erabileraren arteko jauzirik txikiena hor dago. Gurasoen artean oso-oso hedatua dago haurrekin euskaraz jardutea, nahiz eta batzuk erdaraz aritu beste esparruetan.

Haurrekin euskaraz egiteko gaitasuna, baina, moldatu egiten da, zahartu ahala. Euskara gaitasun mugatua dutenek, haur txikiagoekin euskaraz egiten dute, maila nahikoa dutelako horretarako; bestalde, umeak koskortu ahala, maila hori ez da aski izaten, eta gaztelerara jotzen dute. Lehen aipatutako faktoreek eragin handia dute horretan. Gurasoen ezagutzak eta haurren erabilerak, transmisioaren eta generoaren ikuspegitik ere zeresan handia ematen du. Ama euskalduna duten umeak, euskaraz errazago aritzen dira. Aita euskalduna dutenak, berriz, erdaraz aritzeko joera handiagoa dute. Hala ere, transmititutako lehen hizkuntzari dagokionez, euskara nagusi da orokorrean. Horri lotuta doaz kultur kontsumo eta ohiturak. Gurasoek behin eta berriz egiten duten hori eredu izaten da haurrentzat, eta eragin nabarmenena telebistarena izaten da. Haurrek, askotan, gurasoek ikusten duten hori ikusten dutelako. Bestela, esaterako, marrazki bizidunak ingelesez ikusteko joera zabaltzen ari da.

Telebista gazteleraz, irratia euskaraz

Guraso euskaldunek, ez dute berdin ikusten euskararen ahozko erabilera eta bestelakoa. Irakurtzea baino errazagoa zaie hitz egitea. Horri lotuta doaz, komunikabideen eta egunkarien kontsumo ohituren datuak. Eskualdeko hedabideak ezagutzen dituzte, baina gutxi kontsumitzen dituzte (asko kontsumitzen dutenen artean %37koa da). Interneten, esaterako, euskarazko hedabideen kontsumoa %10ekoa da. «Eskaintza oso txikia da» diote. Bestela, papereko kontsumoa hain txikia izatearen arrazoiak, denbora gutxi izatea, erakargarritasuna eta kalitate eskasa direla nabarmentzen dute.

Kalitateari jarraiki, erabiltzen den euskarari ere erreparatzen diote batzuek. Izan ere, %10ak horren errua dela dio, ulergaitza dela argudiatuz. Irratiaren eta telebistaren kasuak, berriz, oso ezberdinak dira. Gurasoen %40ak, irratia beti euskaraz entzuten du. Telebista egunero euskaraz kontsumitzen dutenak ez dira %2ra ere iristen (%1,3). «ETB ez dut ikusten, ez duelako merezi. Pilota ez bazaizu gustatzen, jai daukazu», zioen guraso batek.

Irakurzaletasunarekin lotuta, liburuen kontsumoa oso txikia da gurasoen artean. Musikari dagokionez, berriz, bietara entzuten dutela diote. Ikus-entzunezko edukiak, ordea, soilik gazteleraz kontsumitzen dituzte. Kultur kontsumoari lotuta, ohitura falta, eskaintzaren ezagutza falta, denbora eta saiakera falta dira horren arrazoi nagusiak.

Gurasoen pertzepzioa, errealitatearekin bat?

Diagnostikoarekin amaitzeko, euskarari eta haren erabilerari buruz nolako iritzia duten galdetu zitzaien gurasoei. Batetik, euskaldunen portzentaiaz galdetu zen: Tolosan zenbat euskaldun daudela uste duten. Datu ofizialen arabera, 2 urtetik gorako tolosarren %71 dira euskaldunak (hori dio biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuaren estatistikak). Gehienek, hamarretik zazpik, zuzen erantzun dute. Euskaldun gehiago daudela uste dutenak oso gutxi dira (%4), baina kontuan hartzekoa da ia bostetik batek (%18) uste duela Tolosan euskaldun gutxiago dagoela. Euskal Herriko herri gehienetan baino aukera handiagoa dago alde horretatik Tolosan. Euskaraz ulertzen dutenak (euskaldunak eta ia euskalduna batuta) %82 dira.

Erabilerari buruzko pertzepzioa aztertuta, horren arrazoietan sakondu nahi izan da. Zehazki, guraso euskaldunei galdetu zaie zergatik ez duten euskara gehiago erabiltzen. Inkestan, erantzun itxiak proposatu zaizkie motibo gisa. Bat nagusitzen da, alde handiarekin: besteek erdaraz egiten dietela. Lau guraso euskaldunetik batek hautatu du. Askoz atzerago daude gainerako motiboak, eta hiru nabarmendu dira: erosotasuna, euskaraz natural ez egitea, eta inguru erdalduna izatea. «Motibo horiek guztiak bi multzotan bana daitezke. Batetik, norberarekin lotuak: erosoago egitea erdaraz, ohitura eta borondate falta... Bestetik, inguruarekin lotuak: besteek erdaraz egitea, inguru euskalduna ez izatea...», aipatu zuen Goikoetxeak

Erdarara jotzeko joera horren oinarrian zer dagoen galdetuta, alde psikologikoa aipatu dute guraso ugarik: eremu batzuetan euskaraz egitea edukazio txarrekotzat jo izan dela. Guraso batzuek azaldu dute hori pixkanaka aldatzen doala, belaunaldi aldaketarekin batera. Beste motibo bat ere nabarmendu dute: hautua, kontzientzia. Aita-ama asko ez dituzte kezkatuta ikusten euskararen aldeko hautua egitearekin.

Euskaraldiko partaide izan dira gurasoen dinamiketan parte hartu duten gehienak. Oro har, ona izan da esperientzia; batzuek lortu dute inertzia hori apurtzea. Txapa jantzita eramateak eta beste batzuei ikusteak lasaitasuna eman die gehienei, eta ahaldundu egin ditu. Guraso guztiek ez dute hain balorazio ona egin, hala ere. Batzuek, ez dutelako erronka betetzea lortu: ez dute hartutako konpromisoa bete. Beste batzuek, ez dutelako aldaketarik nabaritu, edo behin Euskaraldia amaitu orduko lehengo joerara bueltatu direlako.

Erabileran pauso handiagoak emateko modua ikusten dute adituek. Gauza bera gertatu zen kultur etxeko aurkezpen saioan, eta bi ondorio nagusi atera zituzten bertaratutakoek. Batetik, elkarrizketa elebidunak izateko joera handitzea eta gaztelerara hain erraz igarotzeko ohitura ez izatea, eta bestetik, udal instituzio nahiz erakundeek sarean eskaintzen duten zerbitzuaren (webguneak kasu) lehen hizkuntza euskara izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!