Mujika eta Alkizalete, finalera

Ataria 2019ko ekainaren 19a

Gipuzkoako 2. Mailako Aizkolari Txapelketaren kanporaketa jokatu zen igandean; Jexuxmari Mujika ibartarra izan zen denborarik onena egin zuena.

Gipuzkoako 2. Mailako Aizkolari Txapelketako finala erabakita geratu da. Kanporaketa zortzi aizkolariren artean jokatu zen Ereñozun, igandean. Finalera horietatik sei pasa ziren, tartean, eskualdeko biak: Jexuxmari Mujika eta Jokin Alkizalete. Ibartarra izan zen denborarik onena egin zuena: 11.18. Asteasuarrak bosgarren amaitu zituen lanak, 13.20ko denborarekin. Bigarren Aratz Mugertza geratu zen, Luis Txapartegi hirugarren eta Elorriaga II.a laugarren. Finalerako azken txartela lortu zuena Suharri Rodriguez izan zen. Aitor Urteaga eta Manu Fraile kanporatuak izan ziren. Ereñozun, 54 eta 60 ontzako bina enbor ebaki behar izan zituzten. Finala, ekainaren 30ean, Usurbilen jokatuko da. Irabazleak lehen mailarako jauzia emango du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!