Erretiratu ondoren bigarren entrenatzaile bezala Orion aritu zen eta Kontxako bandera bat irabazi zuen. Ondoren entrenatzaile postuan aritu zen Getaria, Orio B, Zierbena eta Zumaian, eta aurreko urtean irrati batean aritu zen estropadetako emanaldietan aditu moduan. TAK elkarteko deia jaso zuenean Tolosaldea traineruko entrenatzaile izateko, mikrofonoak alde batera uztea erabaki zuen.
Asteburu honetan hasiko dute ETE ligako denboraldia Tolosaldea trainerukoek, Pasai Donibanen jokatuko diren bi estropadekin, I. Igartza Bandera larunbatean eta I. Adegi Bandera igandean. Banderen lehian aritzea eta igoera faserako sailkatzea du helburu Francesek.
Zein izan zen zure lehenengo sentsazioa TAKeko deia jasotzerakoan?
Aurtengo denboraldia berriro Radio Euskadikoekin egitea hitz eginda nuen, baina esan nien ere deiaren bat jasoz gero, niri kresal usaina eta uretan egotea gustatzen zaidala. Sabino Alijostesek [TAKeko lehendakaria] deitu zidanean, hasiera batean ezustekoa izan zen, emakumezkoen taldea zelako. Baina, egia esan, banuen harremana emakumezkoen arraunarekin: 2008an Anjel Larrañaga nirekin zegoen bigarren entrenatzaile bezala, eta Tolosa-Getaria traineruari laguntzaren bat eman genion. Horrez gain, Zumaiako entrenatzaile nintzenean, klubean mutilak eta neskak zeuden. Eta TAKeko deia jasotzerakoan, ikusi nuen aukera bat zela nik dakidanarekin ekarpena egiteko emakumezkoen arraunari.
Emakumezkoen arraunen garapenik izan da azken urteotan?
Asko izan da. Estropaden emanaldiak egiten aritu naiz, eta entrenamenduak ikusten ere izan naiz, eta teknikoki asko garatu da. Eta garapena ez da izan orain hamar urtetik hona bakarrik, esango nuke azken hiru urteetan oso handia izan dela. Emakumeak kirol honetan murgiltzen joan dira, pixkana, eta azken finean, pausoak ematen joan dira, eta asko garatu da. Ni aurten konturatzen ari naiz, txalupa motordunean joaten naizenean traineruaren ondoan, teknikoki ez dutela gizonezkoen inbidiarik. Oso ondo egiten dute arraun.
Eta TAKera iristerakoan zer aurkitu duzu?
Inpresio berezia izan da. Kontuan izan behar da Tolosa barrualdeko herri bat dela, eta trainerua duela, traineruarekin entrenatu ezin den leku batean. Arraunlariek eta zuzendaritzako kideek sekulako meritua dute. Tolosatik Oriora joaten dira egunero entrenatzera. Urtean hartu dezakegun pasadaz gain, joan-etorri horiek egin behar dira. Eta gainera, azpiegiturak eta materialak utzi egiten dizkigute hitzarmen bidez, eta nik hori ez dut orain arte bizitu. Konplikazio horiek guztiak izanik ere, kluba eta arraunlariak aurrera doaz, eta gainera gogo handiarekin.
Errazena izan daiteke TKEko klub bat eramatea, eliteko 18 arraunlarirekin, eta aurrekontu on batekin. Zailena da gazte pila batekin osatutako harrobia izatea, eta hori dena ondo eramatea. Esan beharra dago martxan dagoen tren batean sartu naizela ni, eta kontuan hartu behar da oinarrian egiten den lan guztia. Nik piramidearen punta hartzen dut, baina oinarrian ez badago ezer, ez dago puntarik.
Oinarriko mailetan egiten den lanak bere garrantzia du, beraz.
Argazkian ateratzen garenak trainerukoak izaten gara, baina atzetik ondo egindako lana ez badator... Gainera, lan gogorra da, neguan egiten dena, Oria ibaian iluntasunean, euripean, hotz egiten duela... Hori dena ez da ikusten, eta nik hori guztiaren fruitua jasotzen dut. Nire ardura da gero traineruan lehiatzeko dagoen jauzi hori egiten laguntzea.
Jubeniletatik ere igo dira arraunlariak.
Gure kasuan arraunlari guztiak harrobikoak dira. Oso gazteak dira, gainera. Aurrekoan hamar jubenilekin atera ginen, eta horietatik lau bat lehen urtekoak, 16 urte dituztenak. Horrek erakusten du arraunlariek nolako kasta jartzen dioten, ez baita erraza txalupa txiki bat den batel batetik traineru batera egokitzea. Baina egia esan, kasta handia dute, eta izan ditugun bi estropadetan erakutsi didate estropada bakoitzean borrokatuko dutela.
Zein dira denboraldirako dituzuen helburuak?
Ni oso lehiakorra naiz, eta behin baino gehiagotan esan diet hori arraunlariei. Gero, errealitatera ere jaisten naiz. Oso neska gazteak dira, eta eskarmentua falta zaigu. Eta horri kastarekin aurre egin beharko diogu. Helburuei dagokionez, ni beti aurreraka joaten naiz. Arraunlariei esaten diedan moduan, gai bagara arraunean ondo egiteko eta egiten dugun lanean iraunkorrak izateko, eta ausartak bagara eta jarrera positiboa badugu, nik uste dut ETE ligako lehen hiru postuetan egon gaitezkeela. Nire ustez banderen lehian eta igoera fasean sartu gaitezke, hori baita gure ilusioa. Kontxako Banderari dagokionez, sailkapena lortu eta gero saiatu ohorezko txandan sartzea. Itsasoaren egoerak ere baldintzatuko digu helburu horiek lortzea. Beraz, itsasadarrean eta badian ondo ariko gara, eta itsasoan, txarra badago, eta batez ere haizea dagoenean, konplikazio gehiago izango ditugu.
ETE ligatik kanpo bi estropada jokatu dira, Ondarroan eta Lekeition. Ze ondorio atera dituzu?
Ondarroan guri ondo datozkigun baldintzak eman ziren. Itsasoa barea zegoen, eta banekien kanpoaldera ondo joango ginela, eta denbora onena egin genuen. Barrura etortzerakoan, mantendu ahal izan genuen eta azkenean bigarren egin genuen, Eusko Tren ligako traineru batzuen aurretik. Gero, Lekeition oso gaizki zegoen itsasoa, eta eskarmentu falta horrek bere eragina izan zuen. Halere, ikusi genuen neskak oso ondo defenditu zirela, eta gure ligakoen artean bigarren geratu ginen, Zumaiaren atzetik bakarrik. Gure erronka izango da ahal den ondoen egokitzea topatzen garen baldintzei.
Zein ikusten dituzu ETE ligan aurkari nagusienak?
Hibaika indartsuenetakoa da, eta aurtengorako errefortzuren bat edo beste egingo dute ziurrenik. Zumaia ere kontuan hartzekoa izango da, guk bezala oinarria ondo lantzen dutelako eta orain hiru-lau urte zuten talde indartsu hartako arraunlari batzuk berreskuratu dituztelako. Beraz, eskarmentu hori ere izango dute, eta emakumezkoetan Kontxako Bandera irabazi duen entrenatzaile bat dute. Horrez gain, Kaiku eta Deustu ere kontuan hartzekoak izango dira.
Asteburu honetan hasiko zarete ETE liga, bi estropadekin. Zer aurreikuspen duzu?
Badian jokatuko dira, eta printzipioz taldearentzako baldintza egokiak izango dira. Nik uste dut taldeak ehuneko ehunean aritzeko aukera izango duela, eta bi egunetan bandera lortzeko aukerekin izango garela. Larunbatekoa erlojuaren aurkakoa izango da. Estropada bakoitzean bi ziaboga ditugu, eta gure erronketako bat horietan ahal den ondoen moldatzea da.