Ezker abertzalea 2011ko kopuru historikoetara itzuli da, Villabona eta Irurako udalak berreskuratuz, lehendik zituen beste 16 herrirekin batera. Herri guztietan boto gehiago lortu dituzte, Bidania-Goiatz eta Gaztelun izan ezik (hemen abstentzioa asko igo da, zerrenda bakarra aurkezten zen oraingoan). Gainera Ibarran, Ikaztegietan, Leaburun eta Zizurkilen zuen tartea handitu egin du. Alegian aldiz, abantaila txikitu egin da aurten aurkeztu den talde independente berriarekiko. Pena bakarra Tolosako alkatetza ez berreskuratzea izango du (zerrenda aurkeztu duen beste guztietan irabazi du), nahiz eta igoera nabarmena izan, 4.200 botoen langa gaindituz. Jeltzaleek boto galera izan dute, lehen aipatutako bi udalak galduz, baina Tolosakoari eutsi diote, nahiz eta tartea dezente gutxitu.
Ez da erraza aldaketa horien arrazoiak definitzea. Duela lau urte hondakinen gaiak eragin handia izan bazuen, oraingoan ez da gai izar argirik izan kanpainan, eskualdeko ospitalearena dezente aipatu bada ere. EH Bilduk zerrendak erabat berritu ditu duela lau urte galdu zituen hiru herri horietan, alkategai independenteak eta hautagai gazteekin osatuz. Beharbada horrek herritarren artean sortutako ilusioa izan daiteke gorakadaren motiboa. EAJk aldiz, hiru alkategai horiek errepikatu ditu eta Tolosaren kasuan zinegotzi gehienak ere bai.
Herritar talde independenteek bere lekuari eutsi diote lehendik agintean zeuden zazpi herrietan, aldaketa handirik izan gabe. Eskualdean bere presentzia mantentzen dute, hirugarren indarra irudikatuz nolabait.
PSE-EEk bere emaitzak hobetu egin ditu zertxobait eskualdean, lehendik zituen Tolosa eta Villabonako zinegotzi bana mantenduz, eta Ibarran eta Zizurkilen bana irabaziz. Berrobin eta Larraulen aurkeztu den zerrenda bakarra izan da eta botoen % 5a lortu dutenez, alkatetza eta zinegotzi guztiak sozialistei dagozkie, baina duela lau urte Albizturren gertatu zen bezala, ez zait iruditzen kargu horiek hartuko dituztenik, Foru Aldundiaren esku utziz, honek kudeaketa batzordeak sor ditzan herri horietan.
Elkarrekin Podemos lehen aldiz aurkeztu da gure eskualdean, Tolosan eta Villabonan bakarrik, baina ez du ordezkaritzarik eskuratu, nahiz eta Tolosan zinegotzia lortzetik boto gutxira gelditu. PPk ere ez du zinegotzirik lortu, baina ez du jaitsiera handirik izan aurreko hauteskundeekiko.
Aurpegi eta pertsonei begiratuz, alkate izanda berriz aurkezten ziren 12etatik 10ek errepikatu egingo dute. Badira laugarren agintaldia beteko dutenak, hiru alkate gisa: Abaltzisketan Jon Zubizarreta eta Adunako Josu Amilibia. Hiru urte alkate gisa: Amezketako Iñaki Amundarain, Anoetako Pello Estanga, Asteasuko Pili Legarra, Berastegiko Amaia Azkue (lehen agintaldian zinegotzi izan zen) eta Orexako Eneko Maioz. Silvia Moneok Belauntzan, Bakarne Otegik Ikaztegietan eta Olatz Peonek Tolosan bigarren aldiz errepikatuko dute (hau ere bi agintaldiz zinegotzi izan zen lehenago, bata gobernuan eta bestea oposizioan). Hamar emakume izango ditugu alkatetzan (orain arte 12 izan dira), Baliarrainen zein izango den erabakitzearen faltan.
Foru hauteskundeei begirada bat botaz, aipatu behar da Tolosan eta Ibarran adibidez, EAJk eta EH Bilduk (honen kasuan Villabonan eta Zizurkilen ere bai) udalerako baino boto gutxiago eskuratu dituztela. Eta PSE-EEk eta Podemosek berriz, boto gehiago.