Alderdi abertzaleen arteko indar korrelazioak antzera jarraituko du eta salbuespen batzuk kenduta, ez da pisuzko aldaketarik aurreikusten Tolosaldea eta Gipuzkoako erakunde nagusietan.
Hona hemen atzoko emaitzek utzitako bost ondorio nagusi:
Lehena. EAJ bigarren indarra da eskualdean, baina jaun eta jabe da Gipuzkoan eta EAEn: alderdi bozkatuena hiru herrialde eta hiriburuetan. Eskualdean zuen helburu nagusia bete du, eutsi egin baitio Tolosako alkatetzari. Bertako alderdirik bozkatuena izateaz gain, ez du arazorik izango udalbatzarrean gehiengoa osatzeko. Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, berriz, bigarren geratu da Tolosaldean, baina Oriako barrutian lau batzarkide eskuratu ditu, EH Bilduk adina. EAJ indartsu dago eta sustraituta dauka boterea. Batetik, boto emaile anitzetatik jasotzen duelako babesa eta, bestetik, erdigune politikoan egoteak alderdi batarekin zein bestearekin akordioetara iristeko ahalmena ematen diolako.
Bigarrena. Eskualdeko herri gehienei EH Bilduren berde argiak ematen die kolore. Tolosaldean alderdirik bozkatuena izan da udal eta foru hauteskundeetan. Aipatzekoak, azken legegintzaldian jeltzaleen esku egon ziren Amasa-Villabona eta Irura, EH Bilduk berreskuratuko baitu bietan alkatetza. Nolanahi ere, oinarrizko erronkak ditu EH Bilduk. Tolosaldea bezalako eskualde euskaldun eta abertzaleetan soilik erakutsi du EAJri aurre egiteko behar adinako indarra. Ongi errotutako alderdia da, oposizio-buru argia, baina datuek erakusten diote etorkizunean alternatiba garailea izateko bere ohiko soziologiatik haratago konkistatu beharko duela. Politika publikoetan, aniztasunean eta komunikazioan dauka non jorratua.
Hirugarrena. PSE-EEk eutsi egin dio. Udal eta foru gobernuetan edukitako presentziak eta Sanchezen indarrak ez-abertzaleen erreferentzia nagusia izatea ahalbideratu dio. Dena den, bada berezitasunik oraingo honetan: Berrobi eta Larraulgo udalak. Aurkeztutako hautagaitza bakarra izanda, Idoia Mendiak harro aipatu zituen Bilbo urrunetik eskualdeko bi udalerriak; beraz, alkatetzak bere gain hartuko dituela aurreikusi daiteke. Elkarrekin Podemos zinegotzirik eta batzarkiderik gabe geratu da eskualdean.
Laugarrena. Urtoko zubitik Leitzaran igarota, Nafarroan gertatutakoak abertzale guztien jaia ozpindu beharko luke. Nafar gizartearen soziologia gailendu da foru erkidegoan eta aldaketa momentu jakin bateko pasarte historiko izatera mugatu da.
Bosgarrena. Zer urrun dagoen Brusela. Tokiko erreferentziekin bozkatzen jarraitzen dugu Europako Parlamenturako hauteskundeetan. Eskualdean bozkatuenak izan diren bi hautagaitza abertzaleek ordezkari bana izango dute Europan. Dena den, hori baino garrantzitsuagoa iruditzen zait azken azterketa Europako panorama politikoari buruz egitea. Popular eta sozialdemokraten akordio historikoa motz geratu da eta liberal eta berdeen igoerak mantenduko du egonkor parlamentua. Europar proiektuaren aurkariek gorako joera dute eta, besteak beste, Italia eta Frantzian bozkatuenak izan dira. Nolanahi ere, oraingoz, ez dute Europako hiru erakunde nagusietako baten jarduna oztopatzeko adina indarrik lortu.