Udalgintzara lotu ziren lehenak

Jon Miranda Labaien 2019ko mai. 25a, 10:04

1979ko apirilaren 3an, asteartez, egin ziren udal hauteskundeak, bigarren errepublikatik lehen aldiz, alderdi politikoek aurkeztutako hautagaitzen artean eta sufragio unibertsalez; udalgintzan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten gizon eta emakumeak omentzen ari dira, egunotan, 40 urte pasatu eta gero, eta etziko udal hauteskundeen bezperetan.

Espainiako gerraren ondoren, eta Francoren diktadura ezartzearekin batera, erregimena pixkana instituzionalizatzen joan zen, eta 1945eko Ley de Bases del Régimen Local izeneko legeak zehaztu zuen, nola antolatu behar zuten tokiko administrazioek. Zinegotzien heren bat familiaburu zirenen artean aukeratzen zituzten (tercio familiar); beste herena erakunde sindikaleko ordezkarien artean (tercio sindical); eta, azkenekoa, herriko erakunde ekonomiko, kultural eta profesionaleko kideen artean, aurrez udalari herrialdeko gobernadore zibilak proposatutako zerrendatik (tercio corporativo).
Zinegotziak aukeratzeko modu hau udalak zorrotz kontrolatzeko pentsatuta zegoen, nahiz eta 1960ko hamarkadak aurrera egin ahala, erregimenarekin zerikusirik ez zuen jendea iritsi zen kargu horietara, batez ere, familietako edo sindikatuetako ordezkari gisa. Horietako batzuk frankismoaren aurkako oposizio demokratikoan parte hartzen zuten herritarrak ziren, eta horrek ahalbidetu zuen, neurri handi batean, erregimen aldaketa.


1975ean Francisco Franco hil, eta ondorengo urtean, 1976ko azaroan, erreferendumean onartu zuten, Erreforma Politikorako Lege proiektua, eta lehen ondorioa 1977ko ekaineko Espainiako Gorteak erabakitzeko hauteskundeak izan ziren, 1936tik lehen aldiz, sufragio unibertsala ezarrita. Bi ganberek sustatu zuten, gerora, 1978ko Espainiako Konstituzioa. Legedi berriak ezarri zuen, alderdi politikoek edo hautesle elkarteek aurkeztutako hautagaitzen artean eta sufragio unibertsalez aukeratu behar zirela udalbatzak. Modu horretara egin ziren, lehen udal hauteskundeak, 1979ko apirilaren 3an, duela 40 urte.

Aldaketa ugari

Lau hamarkadaotan, udalen kopuruak nabarmen egin du gora Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian: 23 udalerri berri daude; 1979an 228 ziren eta, egun, 251. Duela lau hamarkada milioi eta erdi pertsona deitu zituzten bozetara, eta, datorren igandean, 2.647 zinegotzi aukeratzeko, 1.723.000 pertsonak izango dute botoa emateko eskubidea.


Tolosaldean, gaur egun 28 udalerri baldin baldira, 1979an 25 ziren. Orendainek, Ikaztegietak eta Baliarrainek elkarrekin, Iruerrieta udalerria osatzen zuten, eta Leaburu-Txarama eta Gaztelu, udalerri bakarrean zeuden batuta. 207 zinegotzi hautatu ziren duela 40 urte eta, igandean, berriz, 214 aukeratuko dituzte hautesleek.


1979ko martxoaren 1ean Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin ziren, eta, handik hilabete eskasera, apirilaren 3an egin ziren udal hauteskundeak. Herrietan bizitasun handiagoa egon zen, eta zerrendak nonahi osatu zituzten.


Tolosaldean, 32.885 pertsonak zuten botoa emateko eskubidea, eta %37,41ko parte hartzea izan zen, lehen udal hauteskunde haietan. Herri txikietan, eskualdeko herririk gehienetan, herri elkarte modura aurkeztu ziren hautagaitzak. Herri handiagoren batean, Anoetan, adibidez, zerrenda independentea izan zen bozkatuena. Gainerakoan, EAJk irabazi zituen hauteskundeak Tolosan, Amasa-Villabonan, Ibarran eta Zizurkilen, eta HBk Iruran eta Iruerrietan. Euskadiko Ezkerra izan zen hirugarren alderdirik bozkatuena, eta lau zinegotzi eskuratu zituen eskualde osoan. Eta, nahiz eta ORT laugarren alderdi bozkatuena izan, ordezkaritza zabalagoa eskuratu zuen, guztira, 8 zinegotzi eskuratuz.


Hain zuzen, ORTko zinegotzien botoak erabakigarriak izan ziren, Villabonan eta Zizurkilen, alkateak izendatzerako orduan. ORTk EAJrekin negoziazioak egin zituen Legorretako udalean, jeltzaleek ORTren alde eginez gero, Villabona eta Zizurkilen alderantziz egiteko. EAJk ez zuen eskaera kontuan hartu eta, horrenbestez, ORTk Villabonan Carlos Etxenike babestu zuen alkate izateko, eta Zizurkilen Inaxi Otegi. Lehenengoa HB eta EEko jendez osatutako zerrenda independente bateko burua zen eta, bigarrena, Herri Batasunako alkategaia.

Omenaldiak nonahi

Amasa-Villabonako Udalak aurtengo Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, omenaldia egin zien, martxoaren 9an, agintaldi hartan zinegotzi atera ziren bi emakumeri: Bittori Zeberiori eta Arantxa Sorondori. Agurra dantzatu zieten, eta lore sorta bana eman zieten, opariekin batera. Aitortza eta omenaldi ekitaldian, egungo alkate Maite Izagirrek hartu zuen hitza lehenik: «Lehenengoak izan zineten, eta bidea ireki zeniguten. Jakizue aitzindariak izan zinetela, eta zuei esker emakumeak politikan jardutea gauza normala dela gaur egun. Ezina ekinez bihurtu zenuten errealitate. Zuek eraikitako kate sendo eta luze hori bizirik dago, inoiz baino biziago eta indartsuago». Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Amasa-Villabonako alkate izan diren Maixabel Arrieta eta Bakartxo Tejeria.


Bi omenduek hunkituta jaso zuten aitortza, martxoaren 9an. Bittori Zeberiok gogoan du nola hartu zuen udalgintzan aritzeko konpromisoa: «Ez nengoen horretara ohituta, egin behar zela eta egin behar zela esaten ziguten, eta, azkenean, egin egin genuen. Denari ezetz esatea ere...». Arantxa Sorondok, modu berean, aurretik ikastola eraiki nahian hasitako borrokari segida eman nahi izan zion udalean, «instituzioetan bide hori indartzeko posibilitatea ikusi nuelako». Biek aitortzen dute, berriak zirela kontu horietan, eta ez zirela oso jantziak politikan. «Nire senarra Madrilen zegoen urte haietan; umeak oheratuta utzi, eta udaletxera joaten nintzen. Gainera, askotan han entzuten nituenak ez ziren nire gustukoak izaten», dio Zeberiok. Bat dator Sorondo. «Hala ere, Bittorik gauza bat erakutsi zidan: kontua ez zela bestea konbentzitzea, entzuten jakitea eta norberak bere iritzia ematea, baizik. Zenbait gauzatan ez geunden ados, baina entzun egiten zuen, eta ondoren bere argudioak ematen. Emakume maitagarria da Bittori».
Sorondoren esanetan, «gogorra izan zen» garai hartan udalean aritzea: «Bilera asko egiten genituen, eta bilkura oso luzeak ziren, askotan, zentzurik gabeko gaiak tratatzeko. Gauerdia pasata udaletxean segitzen genuen askotan, eta idazkariak esaten zigun legez kanpoko plenoa egitera gindoazela, egun berri batera sartzera gindoazelako, eta deialdi berri bat egitera behartuta geundelako». Bereziki gogoan du Zeberiok, 1979tik 1983ra bitarteko agintaldi hartan, koltza olioaren inguruan sortu zen arazoa.


«Demokrazia garaiko lehen alkateei» omenaldia egin zien, berriz, EUDELek, apirilaren 5ean, Gernikako Juntetxean. Makila, eskuz esku, 40 urtez lelopean, 1979an hauteskundeetan hautatutako lehen udalak abiarazi zituzten alkateak omendu zituzten. Nolanahi ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerriek aurrera egiteko jardunean aritu diren 2.400 alkateri baino gehiagori ere zabaldu zieten aitortza. Ekitaldian Imanol Landa EUDELeko buruak urte hauetako udalen garapena nabarmendu zuen: «Gizon-emakume ausartak eta sineste sendokoak izan dira; beren udalerriei dena emanda bizi izan ziren, eta udalerrien alde egin zuten lan, egoera eta baldinta bereziki konplikatuetan. Erreferente dira, bai gaur egun haien lorratzak jarraitzen ditugunontzat, bai etorkizuneko tokiko buruzagientzat».


1979ko alkateen eta egungoen ordezkaritza bat joan zen Gernikako ekitaldira, eta alkateek makilekin osatutako arku batetik igaro ziren omenduak. Musika eta dantza emanaldiak ere izan ziren, eta orduko eta egungo alkate batzuek hitza hartu zuten. Horrez gain, oroigarri bana jaso zuten. Duela 40 urte, 228 udalerritako ordezkariak aukeratu ziren, eta horietatik lau bakarrik ziren emakumezkoak, tartean, Zizurkilgo Inaxi Otegi. Amaitzear den legegintzaldian, 251 udaletatik 69tan emakumezkoak izan dira gidari, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrietan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!