Emakume gutxi aritzen ziren duela 40 urte politikan, ez baitzen ohikoa konpromiso politiko eta sozialean jardutea; aurrerapausoa eman, eta udalgintzan aritu zen, bi urtez, «dena egiteko zegoen garaian». Ordutik, herrigintzan jarraitu du beste hainbat arlotan, Gure Eskun edo presoen eskubideen aldeko borrokan, adibidez.
Alkate izan zineneko zein oroitzapen gordetzen dituzu?
Aspaldiko kontu bezala gogoratzen dut, baina gelditu zaidan oroipena da, ausarta izan nintzela. Ezer jakin gabe sartu nintzen udaletxean, baina herriak horrela erabaki zuen, eta aurrerapausoa eman nuen. Gogorra izan zen, baina asko ikasi nuen. Izaeraz lotsatia naiz eta, iruditzen zait, indartu egin nintzela, beharrak horretara jarrita.
Zer nolako giro politikoa zegoen, garai hartan, Zizurkilen?
Garai gogorrak ziren. Mugimendu askotan ibiltzen nintzen. Aurreko urteetan errepresioa ere handia izan zen. Protesta ugaritan ibilia nintzen, eta Zizurkilgo herrigunekoa izanik, erreferentea nintzen maila horretan. Saltsa ugaritan nenbilen. Emakume gutxi ibiltzen ziren politikan, garai hartan. Etxeko lanetan aritzeko rola jartzen ziguten, eta ez zen hain ohikoa emakumeak borrokan eta konpromiso politiko eta sozialarekin ikustea. Pentsatzen dut, zerrendaburu joateko proposamena ere hortik etorriko zitzaidala.
Beste emakumerik izan al zen, zurekin batera, legealdi hartan, udalbatzan?
Bai, ORTko Inma Etxezarreta aritu zen nirekin batera. Gainerako guztiak gizonezkoak ziren.
Tratuan diferentziarik sumatu al zenuten, emakume izateagatik?
Gure udal taldean ez, noski. Eta, orokorrean, beste alderdietatik ere ez nuen horrelakorik sumatu. Eroso aritu nintzen lanean. Kalean bai, entzuten ziren bestelakoak. «Zein tristea, Zizurkilen ez al zegoen gizonezkorik alkate jartzeko, emakume bat jarri behar izateko?», horrelakoak entzun behar izan nituen.
Herri Batasunak ez zituen 1979ko udal hauteskundeak irabazi Zizurkilen. Boto gutxigatik, baina bigarren izan zineten. Zuk bukatu zenuen alkate, ordea.
Bai. ORTkoek gure alde egin zuten. Niretzako ez zen hainbestekoå sorpresa izan, baina bai EAJrentzat. Kristoren ezustekoa hartu zuten.
Ez zenuen agintaldi osoa eman alkatetzan.
Ez. Ni alkate nintzela, Joxe Arregiren istorio triste hori gertatu zen. Izugarria izan zen. Emozio handiko egunak izan ziren, eta halako batean konortea galdu nuen. Orduan jakin nuen haurdun nengoela. Zoritxarrez, handik gutxira, umea galdu nuen. Hilabete gutxira berriz haurdun geratu nintzen, eta ginekologoak berehala esan zidan: «Edo udala edo umea, bietako bat aukeratu behar duzu». Estres handia nuela, eta alkatetza uzten ez banuen haurdunaldiak ezin izango zuela aurrera egin, esan zidan. Kargua utzi nuen, eta Mikel Arrastoak hartu zuen alkatetza.
Aitortutako jarduna al zen, zuk udalean egindakoa?
Ez zegoen gaur egungo liberaziorik eta horrelakorik. Nik Michelinen egiten nuen lan. 19 urterekin sartu nintzen enpresan, eta alkatetza 29 urterekin hartu nuen. Egunero 08:00etatik 17:00ak arte egiten nuen lan. Lantokitik atera, korrika batean Lasartera joan, autobusa hartu, Villabonan jaitsi, eta oinez udaletxera igotzen nintzen. Eta, handik aurrerakoak, bileretan ematen genituen. Tarte hori besterik ez nuen izaten. Ez zen soldatapeko lana izaten. Alderantziz, guk jarri behar izaten genuen dirua askotan. Dietarik ez zen existitzen. Bilkurak bukatzen zirenean, senarra zain izaten nuen Pantxikanen. Ogitarteko bat jan, eta buelta etxera, hurrengo goizean berriz ere martxan jartzeko. Leher eginda bukatzen nuen.
Agintaldi hartako zein borroka dituzu gogoan?
Bereziki gogoan dut eskolaren alde egin genuen borroka, ez bakarrik udalean genbiltzanok, baita gurasoek ere. Hirugarren mundukoa zirudien ordura arteko eskolak, umeak egoteko modukoa ez zena. Gaur egun jada ikusten ez diren protestak egiten genituen: errepide nazionala mozten genuen, Donostiako hezkuntza ordezkaritzara joaten ginen... Lorpena gurasoena izan zen, eta udalak lagundu egin zuen, Madrilera Hezkuntza ministeriora joan, eta ministroarekin elkarrizketatu behar izan genuen. Gaizki pasatzen nuen, baina egin beharra zegoen.
Lemoizko zentral nuklearraren aurka egiteko, argia ez ordaintzeko deialdiak egoten ziren. Zizurkilen bi izan ginen, desobedientzia ariketa hori egin genuenak. Argindarra moztu ziguten, eta hilabete batzuetan ibili ginen batere gabe. Orduantxe sortu zen baserrietara potentzia handiagoko argindarra eramateko beharra, behiak jezteko makinak jartzen hasita baitzegoen jendea. Alkate gisa, elektrifikazio sare berria eskatzera joan nintzenean, ordea, Iberdrolako handi-mandi horiek faktura ordaintzen ez nuenaren kontu horrekin hasi zitzaizkidan. Herrian sare berria nahi bagenuen, aurrez ordaindu egin behar nuela. Xantaia egin zidaten.
Zer nolako tratua ematen zizuten horrelako bileretara joan behar izaten zenuenean?
Iberdrolako bilera horretan, umiliatuta sentitu nintzen, adibidez. Emakume bezala gutxietsia. Gogoan dut, hango buruetako batek etxeko telefono zenbakia eskatu zidala, eta artean guk ez genuen linearik etxean. Oraindik gogoan duat atera zitzaion irri maltzurra, esanez bezala, «gaixo honek ez du telefonotarako ere». Txikia naiz, orduan gaztea nintzen, eta horrelakoetan gurasokeriaz tratatzen nindutela iruditzen zait. Garaiko ahaldun nagusiarekin bilerak egiten nituenean, ironiaz hartzen ninduen, «hara, etorri zaigu gure neskatoa», eta horrelakoak esanez.
Estatus jakin bateko gizonezkoengandik sumatzen zenuen hori.
Bai. Herrian ez ninduten horrela tratatzen, ez gainerako zinegotziek, ezta udaleko teknikariek ere. Egia da EAJko zinegotziak ni baino zaharragoak zirela, eta ni, neska gaztea, hor ibiltzen nintzela bueltaka. Batzuetan izaten nuen loreontzi izatearen sentsazioa.
Nola jaso zenuen Gernikako juntetxean 1979an alkate aritu zinetenoi egin zizueten omenaldia?
Ondo, nahiz eta kosta egin zitzaidan joango nintzela erabakitzea. Lotsatia naiz eta jendaurreko kontu hauek ez zaizkit gehiegi gustatzen. Balio izan zidan, nire garai berean alkate izan ziren beste bi emakumezkoak ezagutzeko; hirugarrena, zoritxarrez, hilda dago. Pena eman zidan lehenago ez ezagutu izana. Garai hartan, ez ginen arduratzen udaletan zenbat emakumezko ote ginen jakiteaz. Egin egin behar izaten zen, eta nahikoa lan bagenuen horrekin. Gaur, Zizurkilgo EH Bilduk, herrian ezker abertzaleko hautetsi izan garen guztioi aitortza egingo digu hauteskunde kanpainaren barruan, eta gonbidatuta nago. Maitasun guztiarekin jaso dut gonbidapena. Asko igoko gara oholtza gainera, nik adinako meritu dutenak, eta, gehienak, nik baino merezimendu gehiago egin izan dutenak.
Emakumeok politikan salto handia eman duzuela iruditzen zaizu?
Orain bukatu den agintaldian, 69 izan dira emakumezko alkateak. 40 urtean, 4tik 69ra pausotxo bat baino ez da. Nik esango nieke, gaur egungo emakumeei, mugitzeko eta konpromisoa hartzeko, ez zaiela damutuko. Gai gara. Mundu eta Euskal Herria hobe baten aldeko borrokan, ez dago aitzakiarik. Nik 69 urte dauzkat, eta segiko dut; norberak tokatzen zaion mailan aritu behar du.
Ez duzu berriz politikagintzara itzultzeko tentaziorik eduki?
Ez. Arlo asko daude borrokatzeko. Ni urte askotan presoen eskubideen alde aritu naiz, eta oraindik ere hor nabil. Gure Eskun ere banabil eta, egia esan, hor ikusten dut nire burua aurreraxeago, momentu honetan.