Lau urtean behineko hitzordua dira, udal eta foru hauteskundeak; ziklo baten itxiera, eta beste baten hasiera. Zalantzarik ez da: igandea gorriz markatutako eguna izango da Tolosaldean. 28 herritan haien udalak, alkateak eta zinegotziak aukeratuko dituzte herritarrek eta, herri bakoitzeko erakunde publikoen buruak hautatzearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Europako Parlamentuko hauteskundeak ere izango dira.
Tolosaldeko Atariaren lan-mahaia eskualdea izaki, komunikabidea osatzen duen lan-taldea buru-belarri aritu da, azken asteotan, nola kanpaina, hala hauteskunde eguna prestatzen. Horrela, datorren maiatzaren 26an, hiru euskarritara begira ariko da, tokiko komunikabidea.
www.ataria.eus webgunean, batetik, zuzeneko jarraipena izango du hauteskunde egunak, eta herriz herriko emaitzak eta datuak eskainiko ditu atari digitalak, zuzenean. Esan gabe doa, Tolosaldeko Atariaren sare sozialetatik ere jarraitu ahal izango dela, eskualdean hauteskunde gauak ematen duena.
Bigarrenik, Ataria Irratia ere izango da egunak ematen duenaren lekuko eta, 20:00etatik aurrera, irratsaio berezia entzungai izango da, fm-ko 107.6an nahiz www.ataria.eus-en. bertan, hainbat adituk lehen emaitzen analisia egingo dute.
Azkenik, hauteskunde biharamunerako, 16 orriko egunkaria prestatuko du Tolosaldeko Atariak, eta irakurgai izango dira eskualdeko datu orokorrak, herriz herriko emaitzak, Europako Parlamenturako datuak nahiz igandeko hitzorduak emandako beste hainbat kontu.