Auzotarrak erdigunean jarri nahi ditu Cabiecesek

Ataria 2019ko mai. 16a, 14:00

Urteko egun guztietan kalean egon, herritarrekin hitz egin eta auzoz auzo ibiltzeko asmoa erakutsi du Iñigo cabieces, Elkarrekin Podemoseko Tolosarako hautagaiak.

Elkarrekin Podemos koalizioak agerraldia egin du, gaur eguerdian, Tolosako Trianguloan. Iñigo Cabieces Tolosarako alkategaia, Maria Valiente diputatu nagusi izateko hautagaia eta Carmen Salido Batzar Nagusietarako hautagaiak hartu dute parte.

Agerraldia hasteko, Cabiecesek hartu du hitza. Maiatzaren 26tik aurrera, argi dute egin beharreko lana zein den:  "Urteko egun guztietan zehar kalean egon, herritarrekin egon eta auzoz auzo ibiliko gara". Programa osatzen auzoz auzo ibili dira, eta "herritarrentzako oinarri bat sortu nahi duen programa" osatu dutela azaldu du, 60 orri baino gehiago dituena.

Tolosako auzo guztietan, zerbitzu publikoa bermatu nahi dute datorren agintaldian: "Kudeaketa publikoa duen zerbitzu bat nahi dugu, auzoetaraino, herritar guztiengana iristen dena; bereziki, behar handiena dutenengana, izan mugikortasun arazoak dituztenengana edo adineko pertsonengana".

Kiroldegi irisgarri baten alde lan egiteko asmoa erakutsi dute. "Azken aldian, kontatu digute, familiek 600 euro baino gehiago ordaindu behar dituztela urteko bonu batengatik, hori ez da ulergarria". Kanpoko igerilekua estaltzeaz gain, prezioa mugatzen saiatzea da Elkarrekin-Podemosen asmoa.

Horrez gain, auzoak eta auzotarrak erdigunean jarri nahi dituzte. Eta bestetik, aparkalekuen gaia ere aipatu du Cabiecesek: "Ez ditugu enpresa handien mesedetarako soilik eraiki aparkalekuak, baizik eta tokiko merkataritza eta denda txikietara iristea erraztuko duen aparkalekuak nahi ditugu".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!