Tolosaldeako oreka bermatzeko aukera EH Bildu dela aldarrikatu dute koalizioko alkategaiek

Ataria 2019ko mai. 9a, 20:28

Tolosak eskualdearen kohesiorako duen garrantzia nabarmendu eta herrien arteko elkarlana sustatuko dutela adierazi dute EH Bilduko alkategaiek, Zerkausian egindako agerraldian. Horrez gain, Tolosaldearen ondoan egongo den aldundi indartsuaren beharra nabarmendu dute.

"Ilusioz eta arduraz aurrerapausoa eman dugunak, herritarrentzat lan egiteko gogoz gaudenak". Hala definitu ditu Andu Martinez de Rituertok EH Bilduren Tolosaldeko alkategaiak. Herritarrei eta udal jardunari ekarpena egin asmo dietela adierazi du eta gobernatu nahi dituzten udaletan herritarren parte hartzea errazten ahaleginduko direla gaineratu du.

Bide horretan, Tolosak eskualdearen kohesiorako duen garrantzia nabarmendu du Martinez de Rituertok: “Tolosak dituen baliabideak eskualdearen mesederako ere badira eta. Edonola ere, Tolosak eskualdeari eskaintzen dizkion babesaz eta zerbitzuez harago, erronka asko eskualde mailakoak dira”. Erronka horiei aurre egiteko herrien arteko elkarlana ezinbestekoa dela nabarmendu du Tolosako alkategaiak: “Tolosaren garapena, ezinbestean, eskualdeari lotuta irudikatzen baitugu. Elkarlan horrek egiten duelako Tolosa handi, eskualdetik ere elikatzen delako”. Amaitzeko, adierazi du EH Bilduk Tolosa berreskuratu nahi duela eskualdearen garapenean sakontzeko.

Amaia Azkue Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak eta Berastegiko alkategaiak, bere aldetik, Tolosaldeak Gipuzkoara begira dituen erronkak zehaztu ditu. Mugikortasunaren arloan, Tolosaldeko alkate eta herritarrak mobilizatu ziren arte, Gipuzkoako Foru Aldundiak posiziorik hartu ez izana salatu du: “Mobilizazioei esker, egunerokotasunera itzultzea lortu genuen. Eskualde buruarekiko komunikaziorako ezinbestekoa den garraio zerbitzuaz ari gara”.

Tolosaldeko Emakumeen Etxearen kasuan, aldundiaren inplikazio falta salatu du: "Gaur gaurkoz, ez dago borondaterik, eta EH Bilduk hori bermatu egingo du”. Azkenik, hondakinen kudeaketari dagokionez, aldundiak herri bakoitzak egokien jotzen duen bilketa eredua ezartzea eragotzi nahi badu ere, Azkuek esan du hori dela hondakinen kudeaketa “jasangarria eta arduratsua” bermatzen duen proposamena.

Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundi indartsuaren beharra nabarmendu du Azkuek: “Osasungintzaren arloan ondoan edukiko dugun aldundia behar dugu, Eusko Jaurlaritzari kalitatezko zerbitzua exijituko diona. Aldundi indartsua, euskararen gaian, Tolosaldean egin den lanari babesa emango diona eta arnasguneak indartzeko politikak sustatuko dituena. Aldundi indartsua, eskualdearen ondoan egongo dena, besteak beste, lurralde orekaren ikuspegia bermatzeko”.

Horretarako guztirako bermea EH Bildu izango dela adierazi du batzar nagusietarako hautagaiak: “Eskualde gisa pentsatu eta jokatzeko berme bakarra da. Herri txiki eta handietako kudeaketa ezagutzen du, aldundikoaz gain, eta horregatik da EH Bildu eskualde mailako oreka bermatzeko aukera bakarra”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!