Maiatzaren Lehena

Irati Saizar Artola 2019ko mai. 1a, 08:00

Eskualdean ez dira gutxi borrokan ari diren langileak, egun: adinekoen egoitzetako eta lehen arretako langileak, polizia etxe eta epaitegietako garbitzaileak eta Tolosaldea Bus-ekoak, besteak beste.

Langile klasearen borroka indartzeko eta aldarrikatzeko eguna da gaurkoa, Maiatzaren Lehena. Bada horretan lanik eskualdean ere. Esku batekin larri konta daitezke Tolosaldean gaur egun dauden langile gatazkak. Kalitatezko zerbitzua eskaintzea eta baldintza duinak helburu, borrokan dabiltza azken boladan, besteak beste, adineko egoitzetako langileak, lehen arretako langileak, epaitegi eta polizia etxeetako garbitzaileak eta Tolosaldea Bus-eko langileak.

Bizitzan lana egitea beste aukerarik ez dutenek, gutxieneko baldintzak edukitzeko eskubidea dute. Ez dira beti betetzen, ordea. Murrizketak, soldata arrakala, kaleratzeak, baldintza duinak eta beste hainbat arrazoi tarteko, langileak lanaz gain borroka ere egin behar izaten du sarritan, zerbait lortu nahi badu.

Grebak, lanuzteak, mobilizazioak eta beste ari dira egiten azkenaldian Tolosaldeko hainbat enpresetako langileak. ELA sindikatuaren arabera, «mobilizazioa, gizarte-partaidetza eta greba-eskubidea oinarrizko tresnak dira. Denona defendatzeko antolatu behar gara, zeren gure bizimoduetan zuzeneko eragina du». Azken boladako greben gorakada nabarmendu dute: «Aurten nabarmen ugaldu dira grebak, eta haietako askotan emakumeak izan dira protagonista. Gauza guztien gainetik borrokak batu egiten gaitu».

LAB sindikatuarentzat ere langile borrokak hauspotzeko eguna da gaurkoa. Langile sektorearen indartzea bultzatzeko aldarrikapenak argi ditu sindikatu abertzaleak: «Enplegu duinerako oinarrizko zoru komuna ezarri eta lan munduan ere ertzetan dauden langile sektoreek erdigunerako bidea egin dezaten, honakoa eskatzen dugu: 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lanastea, prekarizazio eredu oro ezabatzea, diskriminazio mota guztiak amaitzea, lanetik etxera bizirik eta osasuntsu itzultzeko eskubideak eta erabaki propioak bertan hartu ahal izateko marko propioa izatea».

GREBAN, ORAINDIK

Erresidentzia eta eguneko zentroetako langileek 53 egun daramatzate greban. «Kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko eta beren baldintzak hobetzeko borrokan» ari dira.

Patronalarekin adostasunik lortu ez eta 2017an hasi ziren negoziazioekin. Bi dira arrazoi nagusiak ELAren arabera: «Batetik, patronalak soldata izozketak planteatzen ditu, eta bestetik, hobekuntza sozialekin amaitu nahi du». Horren aurrean, greban jarraituko dute, momentuz, maiatzaren 10era bitarte.

Gaur egun, dituzten ratioen arabera, ordu eta erdiko arreta eskaintzeko gai dira langileak, eta ELAren arabera, bi ordukoa izan beharko luke gutxienez. Horrez gain, greba egunetan, zerbitzu minimoak tarteko, %70eko arreta jasotzen dute. Kontua da, ordea, foru aldundiak enpresari %100 ordaintzen diola eta erabiltzaileek enpresari ere %100a ordaintzen diotela. ELAk salatu duenez, «grebalariak dirua galtzen ari dira, erabiltzaileek ez dute arreta osoa jasotzen eta enpresa dirua irabazten ari da».

SOLDATA ARRAKALA

Zazpi hilabete baino gehiago daramatzate greban Gipuzkoako epaitegi eta polizia etxeetako garbikuntza zerbitzuko langileek eta tartean dira Tolosako epaitegi eta polizia etxeetako langileak. Irailaren 19an hasi ziren greba egiten, eta ordutik, soldata arrakala gainditzea dute helburu.

Kale garbitzaile baten oinarrizko soldataren eta polizia etxeetako garbitzaileen artean %13ko aldea dago eta epaitegietako garbitzaileekiko %7ko aldea. Desberdintasuna, baina, langileen generoan ere kokatu behar da: Kale garbikuntzan langileen %80 gizonezkoak dira, eta komisaldegi eta epaitegietan %95 emakumezkoak dira.

Egun, negoziazioen zain daudela adierazi du Edurne Barbarejo ELAko ordezkariak. «Mobilizazioekin jarraituko dugu; asanbladetan hilabeteroko egutegiak antolatzen ditugu, eta horretan jarraituko dugu».

OSASUNGINTZAKO AFERA

Medikuen paziente muga errespetatzea, ordezkapenak betetzea, aurrekontua handitzea eta burokrazia murriztea eskatzen ari dira osasun langileak azken boladan. Horretan dihardu Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak, Tolosan. Apirilaren 12an egin zuten azkenekoz greba eta «inongo aldaketa eta hobekuntzarik» ikusi ez dutenez, maiatzaren 17rako ere greba deialdia prestatzen ari direla azaldu du Ramon Zabala plataformako kideak. Bihar, Osakidetzako mahai sektorialaren bilera egingo dute, «baina ez dakigu zer aterako den hortik», dio Zabalak.

Urtebetetik gorako ibilbidea egin du Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak, eta hasiera hartan bezala, oraindik lehen arretan «hutsune estrukturalak» daudela salatzen jarraitzen dute.

Berez, egunero 25 kontsulta eta bi urgentzia artatu beharko lituzkete, baina 40 pazientera ere iritsi izan direla azaldu dute. Hamar minutu dituzte, hain zuzen ere, mediku nahiz erizainek, paziente bakoitzarekin egoteko, baina batzuetan hori ez dela betetzen diote. Horrez gain, ordezkapenak betetzea ere nahi dute. Ez dute eskatzen %100ean ordezkatzea, baina bai plangintza orokor bat izatea. Aurrekontua handitzea ere nahiko lukete. Lehen arretak aurrekontuaren %20 eduki beharko luke, baina, momentu honetan, %13 edo %14 baitauka.

Kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izatea helburu izanik, «bidea egiten eta lanean jarraituko dugu», adierazi du Zabalak.

BERRIRO BORROKAN

Tolosaldea Bus-eko langileek 10 hilabete eraman zituzten greban iaz. Enpresarekin hitzarmena sinatzea lortu zuten azaroan eta normaltasunez ari ziren zerbitzua eskaintzen harik eta martxoan enpresak ELAko langile ordezkaria kaleratu zuen arte.

Astelehen honetan zuten hastekoa greba mugagabea, baina bertan behera utzi dute, enpresarekin egingo duten kontziliazio ekitaldia egin arte. Bihar bilduko dira enpresarekin, eta bertan gertatzen denaren zain daude langileak. «Kaleratutako langileen ordezkaria berriz onar dezaten nahi dugu», adierazi dute langileek. Adostasunik lortuko ez balute, Tolosaldea Bus-eko langileek ez diete uko egiten borrokan jarraitzeari.

GAURKO DEIALDIAK

Baionan eta Iruñean mobilizazio eta ekimenak egingo dituzte, gaur, LAB sindikatuak deituta. Iruñera joateko autobusa antolatu dute, Tolosatik abiatuta. 9:15ean irtengo da Usabal kiroldegitik eta 18:00etarako jarri dute itzulera ordua.

Mobilizazioa 12:00etan izango da Gaztelu Plazan eta bost zutabe izango dituela zehaztu dute «bost kolektibori dagozkionak: lantokietako gatazkak, feministak, langile migranteak, gazteak eta pentsionistak. Sektore guzti hauek langile klasearen barruko aktoreak dira gizarte-aldaketarako prozesu baterako».

Ekitaldiaren ondoren, Santa Ana plazan jarriko duten M1 gunea irekiko dute eta bazkaltzeko aukera izango da bertan. 14:00etan, Irrien Lagunak emanaldia eskainiko dute pailazoek eta puzgarri eta jolasak egongo dira. 15:00etan, The Trikiteens eta Hara! taldeekin dantzaldia egiteko aukera izango da.

Erlazionatuak

Hiru langileren heriotza gogoan dute

Tolosaldeko Ataria 2019 mai 01 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!