"Guk hazten jarraitu nahi dugu, gure proiektuari sendotasuna ematen", adierazi du Cabiecesek. Tolosaldean, eta Tolosan, hirugarren indarra da Elkarrekin Podemos, eta "sustraitu" egin dela uste du. "Tolosaldear gehienek nahi dute gure alderdia izatea Euskadiko bipartidismoaren alternatiba".
Botoen galera estatu mailan gertatu denarekin lotzen du Tolosako Podemosen alkategaiak. "Aurreko hauteskundeek bazuten helburu zehatz bat, bipartidismoaren hegemonia horrekin haustea, eta horrek lehen mailara igo zuen Unidas Podemos. Orain kontrakoa pasa da: "Eskuin muturreko hiru alderdiei aurre egiteko jendeak mobilizazio ezberdin bat izan du, alderdi sozialistaren bozkek erakutsi duten moduan".
Pedro Sanchezek orain egingo duenari dagokionez, "kezka" duela dio: "Sanchezek Riverari begiratzen dio badakielako berarekin errazago gobernatuko duela Podemosekin baino; Podemosek behartuko du alderdi sozialista beste espazio progresista batzuetara".
HIlabete barru izango diren udal hauteskundeei begira baikor azaldu da Iñigo Cabieces: "Jendeak badaki azken lau urteetan Elkarrekin Podemos izan dela kalean mahai gehien jarri dituen alderdia edota batzar gehien egin dituena. Beste alderdi batzuentzat hauteskundeak kalean egoteko aukera bakarra da, horrela ikusten dute politika, baina, guk egunero galdetzen diogu kalean jendeari".