Eskualdetik Ikaztegieta da jatorri atzerritarreko ikasle gehien dituena

Irati Saizar Artola 2019ko api. 17a, 19:59
Ibarrako Uzturpe Ikastolako ikaslea, duela bi urteko elkartasun krosean.

Gipuzkoako bi herritan ikasleen %25 baino gehiago dira jatorri atzerritarrekoak; horietako bat da Ikaztegietako herri eskola. Ibarrako Uzturpe Ikastolan ere kopuru esanguratsua dute.

Tolosaldean, Ikaztegietako eskola da jatorri atzerritarra duten ikasleen ehuneko handiena jasotzen duena. Gipuzkoa osoko ikastetxeetan, ikasleen %20 baino gutxiago dira jatorri atzerritarra duten ikasleak, eta hamaika herri dira ehuneko horretatik gora daudenak. Bada, bi herrik %25a gainditzen dute, eta Ordiziarekin batera, Ikaztegieta da beste herria. Gaur egun, 62 ikasle daude matrikulatuta Ikaztegietan, eta horietatik 16k jatorri atzerritarra dute.

Jatorri atzerritarra duen ikaslea, Euskal Herrian jaioa ere izan daiteke, baina gurasoren bat atzerritarra duena. Hori baliatuta atera dituzte datuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailekoek, Atzerriko ikasleen eskolatzea EAEko eskola-sisteman ikerlanean.

Atzerritar jatorriko ikasleak izateak eskolari «aberastasuna» ematen diola azaldu du Ikaztegietako eskolako Patrizia Ramos irakasleak: «Kultura anitzak ditugu eta horrek sekulako aberastasuna ematen du». Sahara, Errumania eta Senegalgo jatorriak dituzten ikasleak dituzte. «Beraiek, beraien esperientziak kontatzen dituzte, izan ere, beste errealitate batzuk ikusten dituzte». Horrela, inoiz landuko ez liratekeen gaiak ateratzen direla azaldu du Ramosek. «Nahi edo nahi ez ateratzen dira sentimendu eta esperientziak, eta denok ikasten dugu elkarrekin, beraiek guretik eta guk beraienetik». Adibidez, literatura astea ospatzen dutenean, ikasle horien gurasoak joaten dira beraien jatorrizko hizkuntzan ipuinak irakurtzera. «Horrela, ikasleek aukera daukate mundua oso handia dela ikusteko, eta jende asko bizi garela jakiteko, herrialde ezberdinetakoak eta hizkuntza ezberdinez mintzatzen garenak. Elkarbizitzen ikasten dugu».

Aurten, esaterako, ez zaie jatorri atzerritarreko ikasle berririk hasi. Daudenak aurreko urteetan hasitakoak dira. «Gaur gaurkoz, eskolara etortzen diren guztiak ondo ezagutzen ditugu».

Hasiera batean, nabarmendu du arazorik handiena hizkuntza izaten dela: «Hizkuntzak baldintza dezake zenbaitetan integrazioa, baina, normalean, berehala hartzen dute eta ez da arazorik izaten». Gurasoekin izaten dituzte askotan arazo gehien komunikazioari begira. Behin baino gehiagotan, seme-alabak itzultzaile lanetan aritu izan direla gogoan du Ramosek, gurasoekin ezin komunikatu geratu izan direnetan. Gaur egun dauden ikasleek, ordea, euskara nahiko ondo menperatzen dutela azaldu du. «Urteak pasa ahala, hobetzen doaz».

Jatorri atzerritarreko ikasleei begira, harrera planak eduki ohi dituzte ikastetxeek, badute bat Ikaztegietan ere. Ongi etorri horri garrantzi handia ematen dietela dio Ramosek. Ezagutzea da lehen pausoa: «Normalean, ikasleak klaseekin hasi aurretik, eskolara etortzen dira, eraikuntza guztia ezagutzen dute, haiekin hitz egiten dugu eta guk eskolaren funtzionamendua azaltzen diegu». Konfiantza eta gertutasuna eskaini behar zaie, «eroso sentiaraztea» baita eskolaren helburu nagusia.

Horren integrazioa errazten du. «Normalean, oso ondo moldatzen dira. Urte batzuk badaramatzatenak ikusten ditugu, eta ederki moldatzen dira, bai klasean, bai patioan. Azken batean, elkarrekin bizi dira». Eskola txikia da eta taldeak ere txikiak dira, «horrek gauzak errazten ditu».

DATU OROKORRAK

Lurraldeetako biztanleei begira, Araba da jatorri atzerritarra duten biztanle gehien biltzen dituen herrialdea, %11,3arekin; Bizkaian %8,8 dira eta Gipuzkoan, berriz, %9,5. Gipuzkoako biztanleria, ordea, ez dago hiriburu inguruan zentralizatuta, izan ere, jarduera ekonomikoen eta hezkuntza, osasun eta gizarte zerbitzuen eskaintza hiriburuz kanpoko udalerrietan ere eskuragarri dago. Gipuzkoako biztanle atzerritarrak kontuan hartuta 65.461 lagun guztira, Tolosaldea da proportzio txikiena duen eskualdea, %6arekin; hau da, 3.905 atzerritar bizi dira eskualdean. Erdia Donostialdean bizi da, eta %15a Bidasoa Beherean.

Errealitatea, beraz, eskola-eskaintzaren eta tokiko testuinguru horretan bizi den familia bakoitzak hautua egiterakoan duen lehentasunaren araberakoa da. Baina beste alderdi zabalago batzuk ere eragiten dute: biztanleriaren ezaugarri sozioekonomiko eta soziolinguistikoak, hauen patroi kulturalak, edo biztanleriaren banaketak, besteak beste, baldintzatu egin dezake.

Tolosaldean, bereziki, herrietako ikastetxe eskaintza izan daiteke gehien baldintzatzen duen faktoreetako bat. Tolosaldeko udalerri askotan, eskola aukera bakarra eskaintzen baita, beraz, horrek, ehunekoak alda ditzake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!