Itziar Urkola: «Baliabide faltagatik, eskaini nahi dieguna ezin izaten diegu eskaini»

Irati Saizar Artola 2019ko api. 17a, 13:54

Datuei begira, jatorri atzerritarra duten ikasle gehiago bideratzen dira sare publikora, itunpekoetara baino. Eskola eskaintza kontuan hartuta, ordea, Ibarra izan daiteke bi baldintzak betetzen dituena, eskola eskaintza bakarra baitago: Uzturpe Ikastola.

Ibarrako ikastolan, ikasturte honetan, ikasleen %13,95 dira atzerritar jatorria dutenak. Itziar Urkola da gaur egungo orientatzailea eta datu horrek ematen duen «aberasgarritasuna» azpimarratu du batetik, baina, bestetik, «baliabide faltak» hobetzen joateko mugak jartzen dizkietela azaldu du.

Zein da Uzturpe Ikastolako egoera, gaur egun?
Ikasturte honetan, 516 ikasle ditugu guztira eta horietatik 72 ikaslek dute jatorri atzerritarra. Aipagarria da, ordea, 13 jatorri desberdinetako ikasleak direla, beraz, aniztasun kultural handia daukagu, bere alde positibo guztiekin. Mailaz maila, ordea, alde handia dago: adibidez, Haur Hezkuntzan askoz ikasle gehiago daude Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan baino. Batetik, ikasle kopurua hartu behar da kontuan, eta, bestetik, ikastola bezala ematen zaigun diru laguntza, normalean, etorkinak direnak kontuan hartuta ematen dena. Etorkinak dira duela bi urtetik hona etorritako guztiak, eta horiei hizkuntza errefortzua emateko eskaintzen zaigu diru laguntza. Behin bi urte pasata, ordea, nahiz eta euskara ondo ez jakin, diru laguntza hori amaitu egiten da.

Zein pauso jarraitzen dituzue, behin ikaslea etorrita?
Harrera plana daukagu, etengabe hobetzen ari garena. Ikaslea etorri aurretik familiari harrera egiten zaio, informazio bilketa bat egiten dugu, beharrezko ditugun datuak biltzeko. Komeni zaigu jakitea aurrez zein mailatan egon den eta zer moduz joan zaion. Bigarren bilera batean ikaslea ezagutzen dugu; irakurketa eta idazketarekin datozen edo ez begiratzen dugu; batzuk, adibidez, arabieraz bakarrik daude alfabetatuta. Horren ostean, kokatzen hasten gara. Ze geletan jarri pentsatzen dugu, eta harrera egiten zaio tutorearekin, familiarekin eta gelakideekin batera. Egun horretan harrera jolasak egiten dira, harrera ahalik eta goxoena izan dadin. Denbora bat pasatzen denean, jarraipena egiten zaie familiei, kasuan kasu.

Hizkuntzak asko baldintzatzen du integrazioa?
Harrera horren barruan plan bat dago, eta integrazio aldetik sozialki zer egin ahal den eta hizkuntza aldetik akademikoki zer egin daiteken aztertu behar dugu. Hor ikusten dugu ikasleak zer behar dituen eta zer eskaini ahal diogun, izan ere, batzuetan, eskaini nahi dioguna ezin dugu eskaini. Adibidez, ikasturte erdian etortzen badira, guk baliabideak bideratuta ditugu ordurako.

Zein dira baliabide horiek?
Adibidez, HIPI Hizkuntza Indartzeko Programaren Irakaslea izateko diru laguntza izaten dugu. Hizkuntza errefortzu hori, ordea, soilik LH eta DBHkoentzat ematen dute. Zaila da, izan ere bi urterako soilik da, eta oso motz geratzen da, bi urtetan hizkuntza bat ez baita ikasten. Eta hizkuntza behar dute, bai ikasketetarako eta baita harremanetarako ere.

Zer egin daiteke horren aurrean?
Herriarekin elkarlanean aritzen gara. Gaztezulo gunea daukate, kale hezitzaileak daude, hor, lanketa bat egiten dugu udalarekin batera. Aurten estreinakoz, eskolaz kanpoko hizkuntza errefortzua eskaintzeko laguntzen ari zaigu udala. Hizkuntza indartzeko beharrezkoak dira gauza hauek.

Integraziorako beharrezkoa da denen ahalegina?
Ez da bakarrik ikastolarena, herrian bertan nola integratzen diren ere badago gakoa. Familiak herrian integratzen direnean, geroz eta gehiago integratzen dira ikasleak ikastolan ere.

Zer ematen dio aniztasun horrek ikastola bati?
Aniztasun kultural honek aberastasun izugarria ematen du. Baliabide oso gutxi daude, ordea. Gehiago izango bagenitu, gauzak hobeto joango ziren, eta aniztasun kultural hori aberastasun bezala hartuko genuke, geroz eta gehiago. Gertatzen dena da, adibidez, DBHn jatorri ezberdinetako jende asko dauzkazula eta guztiek ez dakitela euskaraz ondo eta akademikoki ere aurrera egin behar duzula. Nola egiten duzu hori? Hor sekulako hutsunea dago, eta espero dugu hobetzen joatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!