Zinegotzi banaketan aldaketak egongo dira

Ataria 2019ko apirilaren 9a

2019-2023 legealdian 11 zinegotzi izango dituzte Anoetan, orain baino bi gehiago; Belauntzan aldiz, gaur egun dituztenak baino bi gutxiago izango dituzte, orotara, bost.

Tolosaldean 214 dira maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan hautatuko diren zinegotziak. 17 eserleku erabakiko dira Tolosan, 13 Amasa-Villabonan eta hamaikana Zizurkilen, Ibarran eta Anoetan. Azken herri horretan, bederatzi zinegotzi hautatzen ziren orain arte, baina 2.000 biztanleko kopurua gaindituta, bi zinegotzi gehiago izango dituzte orain.


Bederatzirekin jarraituko dute Alegia, Asteasu, Berastegi eta Irurako udaletxeetan eta bosna izango dituzte, berriz, Elduain, Gaztelu, Baliarrain, Orendain, Orexan eta Belauntzan. Hain justu, biztanle kopurua 101 eta 250 bitartekoa den udalerrietan, bost zinegotziak zerrenda irekien bidez hautatuko dira: boto-paper bakarra egongo da eta bertan alderdi desberdinetako hautagaiak agertuko dira. Hautesleak lau hautagai markatu beharko ditu, nahiz eta alderdi desberdinetakoak izan. Lehen aldiz erabiliko dute sistema hori Belauntzan. Tolosaldeko gainerako 13 udalerritan zazpina zinegotzi erabakiko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!