Handia egin du 'Arria V.a'k

Ataria 2019ko mar. 17a, 15:15

Sekula egin gabeko marka saiakera lortu du errezildarrak, kronometroa 04:49an geratuz; probaren inguruan sortutako jakin-minaren mailan aritu da kirolaria.

Eguneko kirol hitzordua izan da, gaur, Xabier Orbegozo Arria V.aren marka saiakera. Azpeitiko zezen plazan ekin dio lanari, 20 kanaerdiko ebakiz, eta Hernioko tontorrera igo da, gero, behelainopean. Handik Tolosako zezen plazara jaitsi, eta beste 20 kanaerdiko ebakitzea zuen egiteko; guztia, 5 ordu eta 10 minutu azpitik, Peru babeslearen saria jasotzekotan. Bada, errezildarrak sekulakoa egin du gaur: 4 ordu eta 49 minutuan amaitu ditu lanak, sekula egin gabeko probaren marka bere izen abizenekin sinatuz.

Azpeitiko lanak 47 minuturen bueltan osatu ditu Arriak, eta bi ordu eta erdi pasatxo behar izan ditu, proba hasi duenetik, Hernioko gurutzea ukitzeko. Tolosan, berriz, txalo artean jaso dute kirolaria; uste baino lehenago heldu da plazara, eta atarian zain zituen zalea. Aizkoran hasita, 31 minuturen bueltan iritsi da lan erdietara: 10. enborra ebakitzera.

Nekea nabari zitzaion, bai, baina Orbegozok etenik gabe osatu du lana, enborrez enbor, arnasa hartzeko tartetxoak hartuz. Sufritu duela esan du amaieran, baina bazekiela zertara zihoan. Horrela, probaren aurretik hitzartu bezala, Peru Eraikuntzak enpresak 6.000 euroko ordainsaria emango dio marka ezarri izanagatik. 5 ordu eta 10 minutuan zuen langa, eta erraz gainditu du erronka errezildarrak.

Zaleen nahiz kazetarien artean sekulako jakin-mina piztu du gaurko hitzorduak, eta euri langarrak giroa trakestu badu ere, Arriak ez du animo faltarik izan. Probaren minutuz minutuko jarraipenaz gain, EITBko Gailurra extreme saioko lantaldea ere alboan izan du aizkolariak; azaldu zuenez, MendiFilm Festivalerako ikus-entzunezkoa prestatuko dute, kirol balentria kontatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!