Zaleen indarraz ekin dio Arria V.ak, marka saiakerari

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 17a

09:00etan hasi du marka saiakera errezildarrak. Azpeitiko zezen plazaren kanpoaldean enborrak ebakitzeko entrenamendu saio txiki bat egin ostean, barrura sartu da. Ordurako zain zituen zaleak; bete samartu egin da gunea.

Segidan, jendearen animo oihu artean, bata bestearen segidan ziren enborrak ebakitzeari ekin dio Arria V.ak, aita eta Luis Txapartegi ondoan zituela. Azpeitiko lanak 50 bat minutuan amaitzea zen Arria V.aren asmoa, eta lortu du helburua. Izan ere, hamar kanaerdiko 21 minutu eta 47 segundoan ebaki ditu, eta hogei kanaerdikoak 47 minutu eta 17 segundoan.

Lan horiek amaitzean, Herniorako bidea hartu du kirolariak. Damaso aldera joan da aurrena, eta handik gora, Odria baserrira igo da. Ondoren, Etumetarako bidea hartu du; hara, 10:40 inguruan iritsi da, Andoni Ibarmia eta Joxe Apalantza ondoan zituela. Horiez gain, Ibon Gaztañazpi kazetaria eta kameralariak izan ditu bidelagun. Etumetan oinetakoak aldatu, eta Zelatunerako bidea hartu du errezildarrak. Itxura oso ona zuen. Euria eginagatik, jende ugari bertaratu da ingurura Arriaren iritsiera ikustera.

Ondoren, Zelatundik Herniora igo da Arria V.a, eta gurutzea ukitu ostean, Tolosarako bidea hartu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!