Erresidentzietako langileek greban jarraituko dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko otsailaren 25a

Trianguloa plazan egin dute elkarretaratzea, goizean, Gipuzkoako erresidentzietako eskualdeko langileek. JOSU ARTUTXA

Gipuzkoako eguneko zentroetako eta erresidentzietako emakume langileek, 16 eguneko grebari jarraipena emango diote, lan baldintzak hobetzea eskatuz.

Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileak greban daude. Otsaila hasieran ekin zieten lanuzteei, eta gaurtik aurrera, beste 19 eguneko grebarekin jarraituko dutela adierazi zuten. Goizean Tolosako Triangulo plazan egin dute elkarretaratzea, ELA sindikatuak deituta, eta bertan azaldu dituzte erabakiaren arrazoiak.

Batetik, «Foru Aldundiak sektore feminizatu eta prekarizatu honetako emakumeen lan baldintzak hobetzeko asmorik ez duela» aldarrikatu dute. Gainera, «aldundia bera, langileek bi patronalekin lortutako akordioa finantzatzeko prest ez dagoela» ere esan dute. «Dirua soberan du, eta negoziaketa blokeatzen ari da».

Hirugarren adineko pertsonak zaintzeaz arduratzen diren emakume langileentzat, pertsona horiek erresidentzia eta zentroetan jasotzen duten arreta hobetzea «lehentasun bat» da. «Egun ditugun ratioekin, ordu eta erdiko arreta jasotzen du bakoitzak, eta hori, gure ustez, ez da nahikoa; lotsagarria da».

Bitartean, «patronalek langileen prekarietatea bermatzea helburu dutela, eta diru gehiago lortzen dutelarik, baldintzak bi urtez izoztu nahi dituztela» diote. «Horrez gain, orain arte gure lan baldintzak babestu dituzten enpresa hitzarmeneko amaitu nahi dute, eta urteetan guk borrokaren bitartez lortutakoa kendu nahi digute», adierazi dute. Horregatik, «borrokan jarraitzea» da euren asmoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!