Ikasleen intereseko ebaluazio irizpideen alde, greba deitu dute bihar

Ataria 2019ko ots. 18a, 19:59

TASek egin du biharko eskualde mailako deia, eta ostiralean, baterajotze nazionala dago iragarrita Tolosan.

Urtarrilaren 14an Orixeko ikasleek haien ebaluazio irizpideak aldatzeko borroka bat abiaraziko zutela iragarri zuen TAS Tolosaldeko Autodefentsa Sareak, ikastetxean bertan burututako prentsaurreko baten bidez. Harrezkero, ikasleen eta zuzendaritzaren artean iskanbila sortu da, eta besteak beste, 21 ikasleren hiru egunetako kanporaketa ekarri du gatazkak. TASek ikasleen intereseko ebaluazio irizpideak lortzeko borrokarekin jarraitzeko hautu «irmoa» egin du eta hainbat ekintza burutu ditu azken egunotan.

Kazeroladak, mahai inguruak, asanblada irekiak, eta aurreko larunbatean, Trianguloa plazatik abiatutako manifestazioa egin zuten. Ostiralean, Zarata Eguna zegoen deituta eta goizean zehar hiru petardo leherrarazi ziren Tolosako Santa Lutzia auzoko hezkuntza gunean.

TASek egin dituen beste deialdiei buruz aritu da  Orixe institutuko zuzendaritza: «Aurreikusita daude mobilizazio gehiago. Hemendik kanpo antolatzen ari dira, gure izena erabiltzen ari dira eta horrek mina egiten dio ikastetxeari eta eskola publikoari». Bihar, esate baterako, eskualde mailako greba deitu du TASek eta mobilizazioa egingo du 11:30ean Trianguloa plazan.

BATERAJOTZE NAZIONALA

Ostiralean, berriz, otsailak 22, baterajotze nazionala dago deituta. Dagoeneko, besteak beste, Aiaraldea edo Iruñerriko autodefentsa sareek bat egin dute deialdiarekin eta Euskal Herriko beste hainbat ikasleek ere atxikimendua adierazi diote ekimenari. Ikasle Abertzaleak taldeak ere «babes eta animo sentituenak» adierazi dizkio TASi. Ohar batean adierazi duenez, aipatutako manifestazio hau «ahalik eta jendetsuena izateko helburuarekin», otsailaren 22rako Hego Euskal Herri mailako greba deialdia luzatu du hezigune guztietarako. «Egun guztiko zein behar diren ordu tarteko greba edo paro deialdiak burutzera animatzen dugu ikasleria».

Ostiralean, otsailaren 22an, baterajotze nazionalaren barruan, 12:00etan Tolosako Trianguloa plazan egingo du mobilizazioa TASek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!