Petardoak leherrarazi dituzte Orixe institutuan, eta klaseak bertan behera utzi ditu zuzendaritzak

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 15a, 20:01
Ertzaintza Orixe Institutura joan da goizean gertatukoaren berri izatera.

Tolosaldeko Autodefentsa Sareak (TAS), bere mobilizazioen barruan, gaurko Zarata Eguna antolatuta zuela azaldu dute Orixeko zuzendaritzatik. Hiru petardo entzun dituztela azaldu dute, eta "ikasleen eta irakasleen segurtasunagatik", erabaki dute gaurko klaseen azken ordua ez egitea, Hezkuntza Ordezkaritzarekin hitz egin ondoren.

Orixeko zuzendaritzatik azaldu dutenez, goizean zehar entzun dituzte petardoak. "Hirugarrengoan soinua nahiko indartsua izan da, eta urduritasuna zabaldu egin da, inguruan zeuden ikasleen artean", azaldu dute zuzendaritzatik. "Bestalde, ez zaigu iruditu irakasleontzako baldintzak direnik klaseak emateko, eta Hezkuntza Ordezkaritzara deitu dugu eta baimena eman digute azken ordua bertan behera uzteko. Batez ere segurtasuna bermatzeko, eta lasai bidaltzeko ikasleak eta irakasleak etxera, iruditu zaigu une horretan egokiena hori egitea izan dela". Ikastetxetik Ertzaintzari deitu zaio gertatukoaren berri emateko.

Gaur bertan idatzi bat irakurri diete ikasleei zuzendaritzatik, Batxilergoko eta DBH4 mailakoei. Ikastetxearen ebaluazio irizpidea zein den azaldu zaiela esan dute ordezkaritzatik, "eta ikastetxeko foroetan gaia nola tratatzen ari garen jakin dezaten. Azkenean, kontua da zuzenak ez diren hainbat kontu esaten ari direla, eta nahasten ari direla hala moduz hemengo irizpideekin". Horrez gain, zuzendaritzatik azaldu dutenez, "agerian geratu da gutxi batzuk direla horretan ari direnak. Ikasle gehienak errespetuzko ekarpenak egin dituzte". TASen Orixeko "ikasle batzuk" badaudela diote zuzendaritzatik, "baina gehienak kanpokoak dira, eta ikusten dugu Orixe erabiltzen dutela kexatzeko aitzakia bezala. Kanpotik erabaki eta kexatu nahi dute hemengo kontuez". Zuzendaritzatik Orixeko ikasleak gonbidatu dituzte "ikastetxeko foroak erabiltzera". 

TASetik egin diren beste deialdiei buruz ere aritu dira zuzendaritzatik: "Aurreikusita daude mobilizazio gehiago. Hemendik kanpo antolatzen ari dira, gure izena erabiltzen ari dira eta horrek mina egiten dio ikastetxeari eta eskola publikoari".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!