Altuna III.ak irabazi ondoren, azken jardunaldian erabakiko da dena

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 17a, 20:04

Binakako txapelketaren finalerdietan nortzuk egongo diren hurrengo asteburuan jakingo da. Hiru bikote sailkaturik daude. Laugarrena, Altuna III-Martija edo Artola-Mariezkurrena II.a izango da.

Tolosako Beotibar pilotalekua lepo bete da gaur arratsaldean. Binakako txapelketako azken aurreko jardunaldiko partida jokatzen zen bertan, eta Altuna III-Martijak 22-15 irabazi die Artola-Mariezkurrena II.ari. Gauzak horrela, finalerdietako laugarren bikotea nor izango den hurrengo astean erabakiko da: Altuna III.a edo Artola, bietako bat.

Asteburu honetako emaitzekin, Elezkano II-Rezusta, Olaizola II-Albisu eta Irribarria-Zabaleta finalerdietan daude. Laugarren bikotea eskualdeko bat izango da.

Azken jardunaldiko partida erabakigarriak hauek dira:

  • Ataunen, larunbatean, Olaizola II.aren ordezkoa-Albisu vs. Irribarria-Zabaleta.
  • Labriten, larunbatean, Ezkurdia - Ladis Galartza vs. Artola - Mariezkurrena II

  • Donostian, igandean, Altuna III - Martija vs. Bengoetxea VI - Imaz.

Sailkapena, aldiz, jardunaldi baten faltan honela dago:

1. Elezkano II-Rezusta, 13 jokatu, 9 puntu

2. Irribarria-Zabaleta, 13 jokatu, 8 puntu

3. Olaizola II-Albisu, 13 jokatu, 8 puntu

4. Altuna III-Martija, 13 jokatu, 7 puntu.

5- Artola-Mariezkurrena II, 13 jokatu, 7 puntu

6. Ezkurdia-Galartza; 13 jokatu, 6 puntu, beraz, ez dute aukerarik finalerdietarako.

 

Nortzuk egingo lukete aurrera?

7 puntukoen artean berdinketa

Hurrengo asteburuan, Altunak eta Artolak galdu eta Ezkurdia-Galartzak irabaziz gero, hiru bikote geratuko dira berdinduta zazpi punturekin. Kasu horretan, hiru bikote horien arteko sailkapena egin beharko litzateke. Hor, puntu gehien Jokin Altunak eta Julen Martijak dituztenez finalerdietan eurak izango lirateke.

8 puntukoen artean berdinketa

Azken jardunaldian Olaizola II-Albisu eta Irribarria-Zabaleta partida dago. Horrek esan nahi du horietako bat 8 punturekin geratuko dela. Azken jardunaldian Altuna III-Martijak irabaziz gero, 8 puntu izango lituzkete. Artola-Mariezkurrena II.arekin gauza bera gertatzen da. Esan beharrik ez dago, Altuna III edo Artola bietakoren bat 8ra iristen baldin bada azken jardunaldi horretan eta bestea ez, aurrera hark egingo lukeela.

Buruhausteak hiru bikoteren arteko berdinketak ekarriko lituzte. Hemen bi aukerak:

Laugarren postua 8 puntu dituzten bikoteen artean erabaki beharko balitz, bi aukera hauek egongo lirateke:

  • Irribarria-Zabaleta, Altuna III-Martija eta Artola-Mariezkurrena II.a. Kasu honetan, hiruen arteko sailkapena hau izango litzateke: 1. Altuna III-Martija (3 puntu); 2. Irribarria-Zabaleta (2 puntu) eta Artola-Mariezkurrena II (puntu bat). Azken hauek, beraz, finalerdietatik kanpo.
  • Olaizola II-Zabaleta, Altuna III-Martija eta Artola-Mariezkurrena II.a. Kasu honetan, hiruen arteko sailkapena hau izango litzateke: 1. Olaizola II-Albisu (3 puntu); 2. Artola-Mariezkurrena II (2 puntu) eta Altuna III-Martija (puntu bat). Azken hauek, beraz, finalerdietatik kanpo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!