Laugarrena bietako bakarra izango da: Altuna III.a edo Artola

Ataria 2019ko ots. 16a, 21:33

Irribarria-Zabaletak eta Victor-Albisuk asteburuko euren partidak irabazi ondoren, gauzak argitzen hasi dira binakako txapelketan: Ezkurdia-Galartza kanpora, eta eskualdeko bakarra, finalerdietara.

GAUR SAILKAPENA NOLA DAGOEN

1. Elezkano II-Rezusta, 13 jokatu, 9 puntu

2. Irribarria-Zabaleta, 13 jokatu, 8 puntu

3. Olaizola II-Albisu, 13 jokatu, 8 puntu

4. Artola-Mariezkurrena II, 12 jokatu, 7 puntu

5. Altuna III-Martija, 12 jokatu, 6 puntu

6. Ezkurdia-Galartza, 13 jokatu, 6 puntu

Falta dena

Azken aurreko jardunaldia hasi aurretik, Jokin Altuna eta Iñaki Artola biak batera finalerdietan egoteko probabilitatea %17koa zen. Jardunaldia hasi orduko hutsean geratu dira, ordea, probabilitate horiek: bietako bat finalerdietan egongo da, baina bestea, bai edo bai, kalera joango da. Ezkurdia-Galartza bikotea ere finalerdietatik kanpo geratu da, nahiz eta euren partida irabazi 22-14 Bengoetxea VI-Imazi.

Ezkurdia-Galartza, kalera

Jardunaldi baten faltan sei punturekin daude. Hurrengo asteburuan irabaziz gero, Artola-Mariezkurrenari 7. puntua lortuko lukete. Egun Artola-Mariezkurrena II.ak duten kopuru bera, bi partidaren faltan. Azken hauek bi partida horiek galduta 7 punturekin geratuko lirateke, baina horrek esan nahiko luke, bihar Altuna III-Martijaren aurka galdu egingo luketela eta amezketarrak eta nafarrak 7 puntu gutxienez izango lituzketela. Ondorioz, hiru bikote horien arteko berdinketa emango balitz, Ezkurdia-Galartza kalean lirateke.

Araudiaren arabera, berdinketa batean, bikoteen arteko partidetako puntuak kontatu behar dira. Altuna III-Martijak 3; Artola-Mariezkurrena II.ak 2; Ezkurdia-Galartzak 1.

Artolak bihar irabazten baldin badu, finalerdietara

Artola-Mariezkurrena II.ak bihar Tolosan irabazten baldin badute, Altuna III-Martijaren aurka, finalerdietan egongo dira; amezketarra, ondorioz, kanpoan. Aldi berean, Artolak bihar galdu eta azken jardunaldian, alegiarrak irabazi, baina Altuna III.ak galdu, Iñaki Artola-Mariezkurrena II.ak aurrera egingo lukete. 

Beotibarren Altuna III-Martija suertatzen baldin badira irabazle, lehen ligaxka honen amaieran gutxienez bi bikote berdindurik geratuko dira; 7 edo 8 punturekin. Horien arteko sailkapena egin  beharko litzateke.

Amaieran berdinketak suertatuko balira nortzuk aurrera?

7 puntukoen artean berdinketa

Hiru bikoteren artean gerta daiteke hori: Altuna III-Martija (geratzen zaizkien bi partidak irabazita); Artola-Mariezkurrena II.a (geratzen zaizkien bi partidak galduta) eta Ezkurdia-Galartza (azken partida irabazita). Kasu horretan, Jokin Altuna eta Julen Martija finalerdietan izango ziren.

8 puntukoen artean berdinketa

Gaur 8 punturekin bi bikote daude, azken jardunaldiaren faltan: Olaizola II-Albisu eta Irribarria-Zabaleta. Baina azken jardunaldi hori elkarren aurka jokatzen dutenez, batek 9rekin amaituko du lehen ligaxka hau. Bestea, esan beharrik ez dago, 8rekin geratuko da.

Altuna III-Martijak falta zaizkien bi partidak irabazi behar dituzte 8 puntura iristeko. Tartean, biharkoa, Artola-Mariezkurrena II.aren aurka. Horrela izanez gero, alegiarrak eta bere atzelariak azkena irabazi beharko lukete 8ra iristeko.

Laugarren postua 8 puntu dituzten bikoteen artean erabaki beharko balitz, bi aukera hauek egongo lirateke:

  • Irribarria-Zabaleta, Altuna III-Martija eta Artola-Mariezkurrena II.a. Kasu honetan, hiruen arteko sailkapena hau izango litzateke: 1. Altuna III-Martija (3 puntu); 2. Irribarria-Zabaleta (2 puntu) eta Artola-Mariezkurrena II (puntu bat). Azken hauek, beraz, finalerdietatik kanpo.
  • Olaizola II-Zabaleta, Altuna III-Martija eta Artola-Mariezkurrena II.a. Kasu honetan, hiruen arteko sailkapena hau izango litzateke: 1. Olaizola II-Albisu (3 puntu); 2. Artola-Mariezkurrena II (2 puntu) eta Altuna III-Martija (puntu bat). Azken hauek, beraz, finalerdietatik kanpo.

 Ondorioz, beste gauza bat argi geratzen dena zera da: bihar Tolosako partidaren tanto kopuruak ez diola axolarik, puntua izango da erabakigarria.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!