Elkarretaratzeak, kataluniarrei babesa emateko

Irati Saizar Artola 2019ko ots. 12a, 20:08

Tolosan, Ibarran, Zizurkilen eta Anoetan egin dituzte bilkurak, gaur iluntzean, auzipetu kataluniarren aurkako epaiketaren egun berean.

Gaur goizean hasi da Kataluniako politikari eta gizarte mugimenduetako buruzagi independentisten aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Gorenean. Tolosaldetik babes eta elkartasun keinuak bidali nahi izan dituzte. Horren adierazle dira Tolosan, Ibarran, Zizurkilen eta Anoetan, gaur iluntzean, egin diren elkarretaratze jendetsuak. «Euskal Herritik bada momentua, beste behin ere, elkartasun keinu hori ematekoa, baina ez soilik haiei, baita gure eskubideen defentsari ere», esan du Jone Amonarriz Gure Esku Dago mugimenduko bozeramaileak gaur, ATARIA IRRATIAn.

Epaiketaren lehen eguna baliatu da elkarretaratze horiek egiteko, baina bada beste hitzordurik: Gure Esku Dago dinamikatik dei egin dute igandean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko. 12:00etan abiatuko da Gros auzoko Katalunia plazatik. Mezu argia eman nahi izan du Amonarrizek dinamikaren izenean: «Gure eskubideak daude jokoan, eta ez haiengatik bakarrik, guregatik ere kalera atera behar dugu, gertatzen ari dena oso larria delako, salatu beharra daukagulako».

Euskal Herrian soilik ez, Madrilen ere ordezkaritza badutela azaldu du Amonarrizek: «Madrilera joatea ere garrantzitsua iruditzen zitzaigun, batetik, preso politikoei eta haien ingurukoei elkartasuna adierazteko, eta babes hori ahalik eta hurbilenetik emateko, bestetik». Kataluniako auzipetuen prozesua «oso gertutik» bizitzen ari direla aitortu du, Kataluniako herriak eta Euskal Herriak duten «lotura estua» tarteko. «Gure Esku Dago-tik azken urteetan asko estutu dira harremanak, eta orain arte bezala beraiekin jarraituko dugu», esan du dinamikako bozeramaileak. Izan ere, aurreratu du, Gure Esku Dago-k martxan jarriko duen ildoetako bat Kataluniarekin «elkartasunetik elkarlanera» pasatzea izango dela.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!