Gaur elkarretaratzeak, igandean manifestazioa

Ataria 2019ko otsailaren 12a

Tolosan, Ibarran eta Zizurkilen 19:00etan egingo dituzte elkarretaratzeak; Anoetan, 19:30ean. Kataluniako politikari eta gizarte mugimenduetako kideen aurkako auzia gaur hasi da Madrilen. 

Jone Amonarriz, Gure Esku Dago-ren bozeramailea:

Herri oso baten aurkako epaiketa da; Kataluniako gehiengoaren aurkakoa eta baita herritar guztion aurkakoa ere, oinarrizko eskubideak epaitzen direlako.

Gaur elkarretaratzeak deitu ditugu, eta igandean manifestazioa Donostiako Gros auzoan dagoen Katalunia plazatik. 12:00etan abiatuko da mobilizazioa.  

Madrilen egotea garrantzitsua zen gaur, preso politikoei eta euren senideei elkartasuna eta babesa ahalik eta hurbilenetik emateko.

Erdigunean urriaren 1eko erreferenduma dago. Ariketa demokratiko bat judizializatu nahi dute. Gure Esku Dago-ren ildoa erabat ukitzen du, eta hori salatu behar dugu bai ala bai. Oso oinarrizko eskubideen aurkako erasoa da.

Joseba Landa, Herrialde Katalanetatik:

Iritsi da epaiketaren eguna. Goiza pixka bat aztoratua doa Katalunian, batez ere errepide nagusietan. Bide mozketan goizean goizetik hasi dira. Unibertsitateko ikasleak ere atera dira, eta Bartzelonan Gran Via eta Sarria moztu dituzte.

CDR-en deialdia errepresioa ez normalizatzea izan da. Hurrengo asterako, hilaren 21erako, greba orokorra deitu dute.

Madrilen igandean eskuinaren manifestazioa izan zen, gaur beste kolore bat dago, Kataluniatik joandako parlamentari eta alderdi independentisten ordezkariekin.

Protestak Madrilen ere egon dira. Goizean Auzitegi Gorenaren fatxadan urriaren 1eko kargen irudiak proiektatu dituzte. Nazio arten ere protestak izango dira gaur.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!