Galdeketen zikloa itxi eta fase berri bati ekingo dio Gure Esku Dagok

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 9a, 14:08

Etapa berriaren nondik norakoak aditzera emateko ekitaldia egingo dute martxoaren 31n Bilboko Euskalduna Jauregian.

Bost urteko zikloa borobildu eta urrats berriak egiteko abiapuntua izango da Bilboko ekitaldia, gaur, Tolosako Topic aretoan iragarri dutenez. "Heldu zein gazte, emakume, gizon ala beste, bateko zein besteko, guzti guztiak gonbidatuta zaudete hitzordu honetara", esan dute Larraitz Zubeldiak eta Sugoi Etxarri bozeramaleek. Dagoeneko ekitaldian izen emateko aukera dago Gure Esku Dagoren webgunean.

Herri galdeketek eman duten emaitzaz "harro" daudela esan, eta orain, oinarria zabaltzen jarraitu nahi dutela azpimarratu dute. "Orain arte 208 herri argiztatzeko gai izan gara, eta hemendik aurrera, Euskal Herri osoa argiztatzea dugu helburu". Ekitaldian nabarmendu dutenez, 218.248 herritarrek hartu dute parte galdeketetan.

Hautetsontziak eskutan hartuta 208 herri horietako ordezkariek bete dute Topiceko areto nagusia eta Zubeldiak eta Etxarrik aipatu duenez, "elkarrekin ahalduntzeko, ikasteko, gaitasun tekniko, ekonomiko eta kolektiboak bereganatzeko edota demokrazian sakontzeko" aukera izan dute herriz herri egin diren galdeketetan. "Gugan sinesteko aukera eman digute hautetsontziek, zer nahi dugun eta nola erabaki nahi dugun jabetzeko, urteetan aurpegira begiratu ez diogunari eskua emateko".

Bost urteko zikloari amaiera eman eta orain, eragiteko garaia dela azpimarratu dute Gure Esku Dagoko kideek. "Ezer ez dagoenean ziur, dena da posible. Orain da unea. Herritarron unea. Etorkizuna gure eskuetan sentitzen dugulako, prest gaude erabakira iritsi arte lanean jarraitzeko, lurra ereiten segitzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!