"Ikasleon aurkako erasoaldia" salatu du TAS-ek

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ots. 5a, 13:17

Tolosaldeko Autodefentsa Sareak Orixe institutuko ebaluazio irizpideak aldatzea nahi duela zabaldu zuen bideo bidez; ikasleen eta zuzendaritzaren artean iskanbila sortu da.

Tolosaldeko Autodefentsa Sareak, urtarrilean, Orixe institutuko ebaluazio irizpideak aldatzeko borondatea zuen dinamika aurkeztu zuen, bideo baten bidez. Institutuan bertan grabatu zuten bideoa, eta zuzendaritzak baimenik gabe egin zela esan du. Horrek, ikasle eta ikastetxearen arteko liskarra sortu du, 21 ikasleren hiru egunetako kanporaketa ekarriz.

Pasa den ostiralean, Zerkausian, beste agerraldi bat eskaini zuen TAS-ek, «sortu den egoera orokorraren berri eman, ikasleon aurkako erasoaldia salatu eta bertako ikasleei momentu zail hauetan gure babesik beroena adierazteko».

Tolosaldeko Autodefentsa Sarea Tolosako hiru ikastetxeetan aktibo dago: Herrikiden, Laskorainen eta Orixen. Sarean elkartzean, aurrera eman beharreko borrokak identifikatu zituztela azaldu dute, eta horien artean lehena ebaluazio irizpideena izatea aukeratu zutela. «Arazoa plazaratzea erabaki genuen lehenik eta behin, eta gero, prozesu baten bitartez, zuzendaritzarekin harremanetan jartzea», adierazi dute.

Orixe ikastetxeko ebaluazio irizpideak ikasleentzat «modu mesedegarriagoan moldatzea» helburu duen dinamika martxan jartzean, espero ez zuten erantzuna jaso zuten: «Prozesuarekin jarraitzen dugu, baina erantzuna nahiko bortitza izan zen, eta ez genuen espero horrelako burrunba sortuko zuenik».

Borroka honen bitartez, «historiako ebaluazio irizpide jakin bat da aldatu nahi duguna. Programazioan 24 iruzkin eta 12 gai eman behar direla azaltzen da, eta zenbait ikastetxetan gai erdiak ematen dira. Gai erdiak ikasita, nahikoa da selektibitaterako. Azterketekin jasaten dugun presioa ikusita aldatu beharra dagoela uste dugu». Horrez gain, euskarako ebaluazio irizpide bat ere aldatzea nahi dute: «Atal edo ariketa bakoitzean nota jakin bat atera behar izaten dugu, azterketa gainditu ahal izateko».

Lehen agerraldi hura egin ostean, irakasle batzuk «identifikatuta» sentitu zirela adierazi dute, eta jarraian «ikasle batzuengana joan ziren salatu egingo zituztela mehatxatuz». Horrez gain, zuzendaritza esku hartzen hasi zela salatu dute, bideoan agertzen diren ikasleak hiru egunetarako kaleratuz. «Ikastetxeko barne araudiaren aitzakiapean ezkutatzen badira ere, ondo ikusi dugu Orixen garesti ateratzen dela zilegi zein beharrezko den ikas baldintzak hobetzeko jarduna burutzea», nabarmendu dute.

BILERAK ZUZENDARITZAREKIN

Zuzendaritzarekin eta irakasleekin bilera bat baino gehiago egin dituztela esan dute: «Edukiaz ez zuten hitz egin nahi, baizik eta prozeduraz. Beraien ustez gaizki egin dugu arazoa prentsaurreko baten bidez plazaratzen. Eta zigorra ikastetxe barruan egin dugulako jaso dugu. Ez genuen asko sakondu gaian».

Orixeko ebaluazio irizpideak ez direla egokiak ikasleentzat uste dute, eta «nahiz eta horrela zabaldu nahi duten, gure dinamikaren funtsa eta helburua ez dira ikastetxearen, zuzendarien zein irakasleen aurka egitea, ezta gutxiagorik ere», azpimarratu dute. «Ikasketa prozesuak sortzen digun antsietate, estres eta frustrazio gehigarria ekiditeko gaitasuna dago, Euskal Herriko beste ikastetxe gehienekin berdinduz».

Ikasleenganako jazarpenari amaiera emateko eskatzen diote zuzendaritzari, eta baita elkarrizketa sustatu eta egikaritzeko ere, «gure hitza ukatu eta beste aldera begiratu ordez». Era berean, kobentzimendu osoa dute ikasleek, zuzendaritzaren bitartez,«posible eta bideragarria» izango dela aldarrikapena gauzatzea.

Ikasleek osatutako taldea bada ere, ateak zabalik dituzte, eta ikasle ohiek edota edozein norbanakok parte hartu dezake. Borroka, ikasle mugimenduarena bakarrik ez dela aldarrikatzen ez direla aspertuko adierazi dute gazteek.

Eskerrak eman dizkiete babesa agertu dieten guztiei, eta «zuhurtzian mantendu eta desbideraketa pertsonalak ekidinez» borrokan parte hartzeko deia egiten diete; ikasketa baldintzak hobetzearen aldeko dinamikarekin aurrera jarraitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!