Orixeko zuzendaritza ikasleekin eztabaidatzeko prest agertu da

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ots. 5a, 12:58

TAS-ek erabilitako prozedura ez zaio gustatu zuzendaritzari; «gaia ez dute ikastetxeko foroetan aurkeztu» esan du.

Orixeko zuzendaritzak TAS-en izenean urtarrilean sareratutako bideoaren harira ohar bat argitu zuen urtarrilaren 24an. Zuzendaritzatik jakinarazi dutenez, ikasleak institutukoak badira ere, baimenik gabe grabatu eta sareratu dute bideoa, eta arau hausteari barne araudiaren arabera eman zaio erantzuna.

Bilerak egin dituztela ikasleekin adierazi du Joserra Zalakain zuzendariak, baina «erabilitako prozedura» ez zaie gustatu. «Arazoa edo gaia ikastetxeko foroetan batere aurkeztu eta eskatu gabe egin dute agerraldia».

Eztabaida tokiz kanpo eraman dela adierazi du zuzendariak, baina, mamiari helduta, «prest gaude bideratzeko». Baina, era berean, «ikasleek ezin dute exijentziekin etorri, eta epeak zehaztu», gaineratu du. «Erantzungo diegu, baina guztia ez dago gure esku. Curriculumak zehazten ditu gure betebeharrak, eta gaien erdiak emanez gero, horrek, gure profesionaltasun falta agerian utziko luke. Legeak zehazten ditu irakatsi beharrekoak. Behartuta gaude», argitu du. «Ez gaude itxita, eta eztabaidatzeko prest gaude», nabarmendu du Zalakinek, baina «mintegi buruarekin elkartzeak ez du esan nahi eskatzen duten guztia bete behar denik».

Ofizialki ez dagoela erregistratuta azaldu du, eta nor den TAS ere jakin nahi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!