Euskal Herria plazako pisuak, aurrerapauso

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 2a, 15:57

Tolosako erdigunean emantzipatzeko prest zeuden herritarren eskura jarritako apartamentuek arrakasta handia izan dute, lau urteotan. Gazteen ustez, horrelako aukera gehiago eskaini beharko lirateke, eskariari aurre egiteko.

Tolosako Alde Zaharrean, herriko plaza nagusietako batean, udalak gazteen eskura jarritako 25 zuzkidura bizitoki daude. Tolosako Udalak 18 eta 35 urte bitarteko herritarrei begira martxan jarritako proiektua da apartamentu sozialena; gehienez ere, hiru urterako luzapenarekin. Oinarrian, baina, zenbait baldintza dira betebeharrekoak, bertan bizitzen jartzeko urratsa eman aurretik. Udaleko erregistroan izena eman nahi duenak, Tolosa ohiko bizilekua izan behar du eta, bertan, gutxienez, urtebetez erroldatuta egon behar du; Tolosan 10 urtez erroldatuta bizi izan behar du; edo Tolosan lan egin behar du. Horiez gain, hileroko soldatak ere kontuan hartzen dira. Gainera, gehienez bi pertsonarentzako apartamentuak dira, zaintza kasurik ez bada, behintzat; kasu horretan, hiru kideko bizikidetza unitateak onartzen dira. Azkenik, diru-sarrerak ere kontuan hartzen dira, zozketa egindakoan, apartamendua eskuratzen duten herritarrek beren soldataren araberako alokairu-prezioa ordaintzen dutelako.

Proiektuak helburu du, gurasoen etxetik norbere etxera joateko jauzia eman ahal izateko erraztasunak ematea; 2015eko urtarrilean jarri ziren bizitzen lehen herritarrak. Gerora, dozenaka gazte igaro da etxe horietatik. Horietako bat, Joana Ezkiaga tolosar gaztea da. Hiru urtez bizi izan zen Euskal Herria plazako pisu batean. Gurasoen etxean bizi zela, pisu horietan bizitzeko izena emateko aukera suertatu zitzaion. Zozketa egin, eta «izugarrizko zortea» izan zuela aitortzen du. Bertan bakarrik bizi izan zen, esan bezala, hiru urtez. Diru sarreren arabera urtero berritzen zioten ordaindu beharreko kuota: «Batetik, alokairua ordaindu behar genuen eta, bestetik, ohiko gastuak genituen. Oker ez banaiz, 250-300 euro inguru ordaintzen nituen hilean, bestelako gastu guztiak kenduta».

Pribilegiatu hutsak, kokapenagatik

«Erabat positiboa» izan zen, Ezkiagarentzat, pisu horietan bizitzeko aukera: «Pisuarekin ere zorte handia izan nuen, guztiak desberdinak baitira». Tamainagatik, batzuk beste batzuk baino handiagoak dira. Egituragatik, berriz, logela dutenak eta ez dutenak daude. «Nire kasuan, logela zuen pisua egokitu zitzaidan, eta bi leihoek plaza alderako ikuspegia zuten. Etxea txikia zen, baina oso polita». Hiru urte horietan, oso gustura bizi izan zela nabarmendu du Ezkiagak: «Aukera on bat da. Etxetik joatea ez da soilik alokairua ordaintzea, etxe batean gastu pila bat baitaude. Ni bakarrik bizi nintzen, eta oraindik ere bakarrik bizi naiz. Hortaz, janaria dela, ura dela, argindarra dela… Gauza asko daude ordaintzeko eta, azken finean, alokairua ere oso altua bada, pertsona batek bakarrik ia ezinezkoa du gurasoen etxetik joatea. Gastuez eta prezioez aparte, pertsona kopurua ere garrantzi handiko ezaugarria izaten da, pisu batera bizitzera joateko pausoa ematen denean».

Euskal Herria plazako pisuen kasuan, gainera, Ezkiagak azpimarratu nahi izan du, «pribilegiatu batzuk» izan direla, eta gaur egun bertan daudenak ere hala direla, batez ere, kokapenagatik: «Gaur egun, plazan bertan bizitzea eta herritarron zerbitzura dagoen alokairu bat ordainduz; hori sekulakoa da». Alde txarrik edo eragozpenik jartzekotan, garbitegiarena aipatuko luke berak: «Etxean ez genuen garbigailurik eta, arropa garbitu behar genuenean, garbitegi partekatura joan behar genuen». Eta, pisu guztietako bizilagunek erabiltzekoak direnez, batzuetan arazoak sortzen ziren: «Garbigailurik libre ez bazen, bueltan etxera joan behar izaten nuen». Hori, ordea, ez da garrantzia handiegiko kontua izan berarentzat: «Nire kasuan, bakarrik bizitzen ikastea izan da leziorik handiena, bere alde onekin eta txarrekin». Gazte batentzat eta, Ezkiagak dioenagatik, aldaketa handiena gurasoen etxetik kanpo bizitzea zeinen garestia den eta zer nolako lan karga izan daitekeen ikusteko modua da. «Dena den, ni, ordurako, aurretik ere etxetik joana nintzen; beraz, aldaketa ez zitzaidan hain handia iruditu».

Alternatibak bilatu beharra

«Etxebizitza horietan bizitzen egoteko gehienezko epea 3 urtekoa da. Beraz, alde egiteko ordua iritsi aurretik aukera desberdinak aztertzen ibili behar izan nuen. Tolosan, ordea, alokairu aukera oso-oso mugatua da eta, batez ere, garestia». Alokairuaren prezioa altua bada, bakarrik bizitzea ia ezinezko kontua bihurtzen dela dio Ezkiagak. Egoera horren aurrean, etxea erostea erabaki zuen, «une hartan, aukera onena hori zelako». Beraz, gaur egun, «hipoteka bati lotuta» bizi dela dio, «ia mundu guztia bezala».

Egoera bestelakoa balitz, «gazteek alokairuan bizitzeko joera handiagoa» izango luketela nabarmendu du tolosarrak. Gaur egun, lana dela eta ez dela, mugitzeko askoz ere joera handiagoa dutela dio: «Gure gurasoekin alderatuta, uste dut beste ikuspegi bat dugula, baina, aukera faltak, betikora garamatza. Ez dago ia etxebizitzarik alokairuan, eta dagoena garesti. Ondorioz, gaur egun, oraindik ere, kasu gehienetan, aukera onena izaten da erostea; aukera izanez gero, noski, baita erosteak dakartzan zailtasun eta ondorioak kontuan hartuta ere».

Alokagai dauden etxebizitzen prezioak jaitsi ezean, gazteek «zailtasunak» izango dituztela, eta egoera horren aurrean, emantzipatzeko «aukera berriak edota alternatibak» jorratu beharko dituztela dio; lagunekin partekatutako pisuen aukera aipatu du berak: «Horregatik guztiagatik, Euskal Herria plazako etxebizitzen aukera hori izatea oso oso positiboa da, aukera oso ona».

Iker Alkorta ibartarrak ere badu zeresana mota horretako etxebizitzen inguruan. Bera Ibarrako gizarte-etxebizitzetan bizi izan zen 6-7 hilabetez, alokairuan. Ondoren, gurasoen etxean jarri zen bizitzen, Tolosako etxebizitzaren aukera suertatu aurretik: «Horrelako etxebizitzak alokagai jartzearen aukera, gazteok lehen aldiz etxetik joateko pausoa emateko, ideia oso ona da». Edonori gomendatuko lioke, behintzat: «Prezioaren aldetik oso ondo dagoela iruditzen zait. Etxe txikiak dira, eta bakarrik edo bikotearekin bizitzeko aukera oso ona eskaintzen dute. Ez zara denbora luzez bertan biziko, baina bultzada txiki hori ematen laguntzen dizu».

Ibartarren eskura jarritako alokairu horietan, gazteak 5 urtez bizi daitezke, gehienez, 30 urteak bete artean. «Azkene finean, kontutan hartu behar da, ez dela zure bizitzako etxea izango, eta ez zarela hor betiko biziko. Baina, alokairu garesti bat ordaintzeak beldurra emanez gero edo, gurasoen etxetik atera bezain pronto, etxe berri bat erostea aukera zaila izan daitekenez, horrelakoak aukera ederrak izaten dira».

Egungo egoera zein den ikusita, eta soldatak nola dauden kontuan izanda, bere belaunaldiko askok nondik jo ere ez dakitela uste du Alkortak: «Asko dira horrelako aukerak non aurki ditzaketen ez dakitenak, eta oraindik gurasoen etxean bizitzen ari direnak, garestiegiak direlako, edo norekin partekatu ere ez dakitelako. Oso zaila da gure belaunaldiko norbait bakarrik bizitzen egotea, ezinezkoa dela ez esateagatik. Nire kasuan, adibidez, etxe honetan bakarrik bizitzea pentsaezina litzake».

Erlazionatuak

Bizimodu berri bati ekin nahia

Josu Artutxa Dorronsoro 2019 ots 02 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!