Bizimodu berri bati ekin nahia

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 2a, 15:57

Gurasoen etxean bizi diren gazte askok problematika bera dute: gaur egungo gizartearen arazo handi bat da emantzipatzearena. Alokairuaren prezioa gero eta garestiagoa da, eta ez da erraza herritarren beharrak asetzeko moduko etxebizitza bat aurkitzea.

Prezioz garestiegiak direlako. Bakarrik bizitzeko ere ematen ez dutelako. Edo agentzietan eta bestelako plataforma askotan ere aukera handirik eskaintzen ez dutelako. Hainbat eta hainbat dira eta gehiago ere izan daitezke etxebizitzak alokairuan hartzeko ezinaren arrazoiak. Eskualdean, gazte asko bizi dira, oraindik, gurasoen etxeetan, nahiz eta horietatik ateratzeko gogoa izan. Emantzipatzearena gizartean bizi den gaietako bat da; gero eta ilusio handiagoarekin, baina baita arazo handiagoekin ere. Kasu batzuetan, buruhauste izatera ere heldu daiteke, kalkuluak egiten aritu beharrak eta bestelako kontuek sustatuta.

Asier Bengoetxeak 15 urte daramatza Tolosako Lizardi etxe agentzian lanean, eta balantze bat egin du, urteotako eta gaur egungo Tolosako etxebizitza eskaintzaren inguruan. Hasi zenean, guztia «oso erraz» saltzen zutela azaldu du. Krisiaren ondorioz, ordea, salmenten kopurua asko jaitsi zela dio: «Orain, hala ere, mugimendu gehiago nabaritzen dut. Alokairuen kasuan, beti egon da mugimendu gutxi, ez baitago pisu asko egoera horretan». Lehen baino gehiago dagoela dio, baina demanda ere askoz handiagoa dela nabarmendu du: «Une honetan, pisu bat soilik dugu alokairuan. Urtean, gehienez, bi izaten ditugu; eta, gainera, pisu horiek ez dira salgai daudenak bezain beste iragartzen».

Lizardi agentziak, bertatik bertara edo sarean egiten du lan, bezeroekin. Agentzian bertan, alokairua hartu nahi duten interesatuekin, zerrenda bat ari dira osatzen. Era berean, eskaerak egiten ari direnen ezaugarriak kontuan hartzen dituzte, jabeek hala eskatzen dutelako. «Bulegora bertara etortzen da jendea, baina helbide elektronikoaren bitartez gero eta jende gehiagok idazten duela ikusten ari gara». Salgai dauden etxeen kasuan, etxe agentzien webguneetan ikus daitezke ia denen argazkiak eta ezaugarriak: «Ohikoena da lehen begiratua, behintzat, internet bitartez egitea. Gerora, interesa duenak, informazio gehiago nahi badu, agentziara jo dezake». Alokairuen kasuan, ordea, Bengoetxeak aitortzen du, jabe askok iragarkirik ez argitaratzea eskatzen dutela. Zerbait konkretua bilatu nahi duenak, agentziara bertara gerturatu behar izaten du. «Edonorentzako erakusgai izan baino lehen, jabeak, pisua hartu nahi duen ororen inguruko ezagutza izan nahi du».

Alokairu eske joaten den jendearen profilagatik galdetuta, portzentai handi bat atzerritarrak direla adierazi du Bengoetxeak. «30 urte inguru dituzten gazteak, eta gurasoen etxetik joan nahi dutenak dira gehienak. Bikoteak ere badira tartean, baita banandu berri diren pertsona ugari ere». Bere ausardia osoarekin bakarrik bizi nahi duen gazte bat, ez da oso erraz aurkitzen hemen. Prezioei eta soldatei erreparatu besterik ez dago».

Dena den, prezioaren aurretik, gune fisikoa izaten da, bezero askok behin eta berriz ikuskatzen duten xehetasunetako bat. Kasu horretan, etxe bat erosi nahi duenak, «gauzak argiago» dituela uste du Bengoetxeak. «Errentari gehienek, bestelako kasu bat bizi dute; hain aukera gutxi izanda, ia edozerekin konformatzen dira. Egoera onean dagoen etxebizitza bat nahi dute, eta lekua ez da, kasu askotan behintzat, ezinbesteko ezaugarria izaten».

Iker Alkorta ibartarrak, agentzietan edo internetez beharrean, kuadrillako WhatsApp taldean aurkitu zuen irtenbidea. 28 urte ditu, eta lanbidez diseinatzaile grafikoa da, branding enpresa batean. Duela bost hilabeteko kontua izan zen pisuarena: «Gurasoen etxean bizi nintzen eta, halako batean, lagun batek idatzitako mezu baten bitartez, Tolosako Alde Zahar inguruan bi lagunentzako moduko pisu bat alokagai zegoela jakin nuen». Etxebizitza horretan, jende ezaguna egon zen alokairuan lehenago; kuadrillako lagun baten anaiaren bi lagun. «Horiek pisua uztera zihoazenean, interesa piztu zitzaidan, eta pisua ikustera joan nintzen. Aurrera egitea erabaki nuen eta, ondoren, kuadrillako beste lagun bat sartu zen etxean». Egun, beraz, bi kide bizi dira etxe berean.

Jabeen eta bezeroen arteko harremana

Alokairuan etxe gutxi egoteari arrazoiren bat bilatzen hasita, honakoa dio Bengoetxeak: «Jabeek ez dituzte pisuak alokairuan jarri nahi izaten, esperientzia txarrengatik. Errentariak emandako garantia bat egongo balitz, pisu gehiago irtengo lirateke merkatura. Baina, nola jakin berme nola lortu ahal daitekeen?». Berez, gaur egun, bizpahiru hilabeteko fiantza eskatzen dutela azaldu du, «baina, zerbait hautsiz gero, edo ordaintzeari utziz gero, fiantza horrek ez ditu gastuak kubritzen». Hori dela eta, jabe gehienek eroslearekin elkarrizketa bat izatea eskatzen dute, ezaugarriak ezagutuz, profil egokiena aurkitzeko.

Alkortaren kasuan, pisuan sartzeko gestio guztiak agentziaren bitartez egin zituen: kontratua, sinadurak, ordainketak... Hala ere, lehenago, pisuaren jabearekin izan zuen harremana. «Etxea ikustera joan nintzen eta, berarekin zerbait hartuz, elkar ezagutu eta hitz egiteko aukera izan genuen. Niri buruz nolabaiteko interesa ere azaldu zuen: lanaren inguruan, diru-sarreren eta egoera ekonomikoaren inguruan galdetu zidan». Bigarren pisukideak ere bide bera jarraitu zuela dio. «Ondorioz, ikusten da, kasu askotan, jabeen aldetik segurtasun eta konfidantza hori falta dela, pisuak alokagai jartzerako orduan».

Inguruotan, gainera, historikoki, etxea jabetzan izatearen ideiak indar handia duela dio Lizardi etxe agentziako langileak: «Uste dut, hala ere, hori aldatzen ari dela. Gero eta gazte gehiagok dute pisua alokairuan. Beste alde batetik, egia da, alokairuak gero eta garestiago daudela». Hain zuzen ere, krisi ekonomikoak utzitako eragin handienetako bat da hori: behin eta berriz bankuko zifrei begiratu beharraren kezka.

Salgai dauden etxebizitza askorenak bezala, alokagai dauden pisuen prezioak ere etengabe ari dira igotzen. «Une honetan, gutxienez ordaindu beharreko prezioa 600 euro ingurukoa da». Tolosaldean, ordea, herri txikietan, prezioak baxuagoak dira, eskaria ere txikiagoa delako. «Horrelakoetan, garraioa eta antzeko gastuekin konpensazioa bilatu behar izaten da». Ikerrek eta bere lagunak 660 euro ordaintzen dute, bien artean. Gero, baina, argiaren, uraren eta bestelako gauzen gastuak ere gehitu behar zaizkio prezio horri. Euren ustez, etxea nolakoa den eta zein egoeratan dagoen kontuan izanda, eta zein lekutan bizi diren jakinda, «prezio egokia» ordaintzen dute. «Noski, askok bezala, nahiko genuke merkeagoa izango balitz, baina ez gaude kexatzeko».

Gertukoengandik, errazago

Lehen aipatutako garantia edo berme horrek beharrezkoa izan beharko luke zenbait kasutan, Bengoetxearen arabera, «prezioetan eragiten duelako». Dioenez eskualdean, pisuen salmentak edo alokairu kudeaketak hobeto funtzionatzen du, familiako kideekin edo inguruko ezagunekin egindakoan: «Lehengusua dela, kuadrillako lagun bat dela...». Jabearen edota haren ingurukoen ezaguna izateak, edo nolabaiteko konfidantza izateak, pisu hori beste edonori baino prezio baxuagoan edo denbora tarte laburragoan eskaintzea ekar dezake. Alkortaren ustez ere, «gertukoengandik errazagoa da, alokairuan dauden pisuen inguruko informazioa izatea, eta horien bitartez aukera bat lortzea».

Donostian bezala, hiriburu askotan, etxe turistikoen arrakastaren eraginak prezioak igotzea ekarri du. Begoetxeak dio, inguruotan horrek ez duela inolako ondoriorik ekarri: «Gainera, hemen, mota horretako etxebizitza bat edo bi ezagutzen ditugu. Hona etortzen diren ia guztiek, ohiko alokairu bat nahi izaten dute, hiru urterako kontratuarekin, egonkortasuna lortze aldera».

2013an, Espainiako Gobernuak bost urtetik hirura jaitsi zuen, pertsona partikularren alokairu kontratuen iraupena. Duela gutxi, bost urtera luzatu nahi zuten berriro, baina, pasa den astean, dekretu hori deuseztatu zuten. Hiru urteko epea «egokia» iruditzen zaio agentziako langileari: «Bost urtera luzatzeak, jende askori beldurra ematen dio. Hiru urtez luzatzen den kontratua, gainera, errentariak duen eskubide bat da, gerora, jabeekin negoziatuz eta adostasun batetara helduz, luza daitekeena». Alkortak argi dauka, epe laburrean behintzat, horrela bizitzen jarraitzea dela asmoa, pixka bat finkatu arte: «Orain erosotasun handia eskaintzen dit horrela bizitzeak. Gerora, agian, suerta daiteke etxe bat erostearen ideia, edo hori darabilt buruan, behintzat». Hala ere, jakitun da «prezioak oso altuak direla» oraindik, eta gurasoen etxetik joan nahi izanez gero, «biderik errazena» berez alokairuarena dela.

Behin eta berriz errepikatzen den arazoa da ondorengoa: alokairuen demanda handia da, baina, konfiantza faltagatik, ia ezinezkoa izaten da eskaintzak aurkitzea. Agentziako langilearen esanetan, «oso zaila da jendeak aukerak izatea, eta jabeek ere beraiena den hori eskura jartzea. Tolosa bezalako herrien eta inguruko herri txikien kasuak, gainera, oso desberdinak dira». Alkortak, bestalde, ikusten duen arazoetako bat zera da: oso zaila dela agentzien bitartez alokagai dauden etxeak aurkitzea. «Badirudi ez dagoela etxebizitzarik. Eta, ez dakit, agentziak ere ez ote diren etxe horiek ikusgai jartzearen beldur. Baina, hor jada bestelako kontuetan sartzen gara».

Irtenbidea, nolabaiteko garantia bat

Bengoetxeak argi dauka zein den bidea: «Garantiaren beldur hori galduz gero, eta jabeak nolabaiteko erosotasun bat aurkituz gero, etxebizitza gehiago aterako lirateke merkatura». Alokairuan bertan edozer gertatuta ere, jabeak etxebizitza berreskuratzeko aukera izango duela ziurtatzea ezinbestekotzat jotzen du: «Hala ere bi aldeen artean dagoen distantzia handi hori txikiagotzea da helburua. Muga hori jartzen duen beldurra kendu behar da, eta bien lasaitasun puntua aurkitu. Kasu askotan, bi alderdiak oso kontentu daude, baina bien artean zerbait txarra gertatzen denean, auzia asko zabaltzen da, informazioa batetik bestera dabil, eta zalantzan jartzen da bien arteko harremana. Gainera, errentariaren gaineko konfidantzan negatiboki eragiten du horrek».

Jabeari erreparatuz gero, bi motatako pertsonak daudela dio Bengoetxeak. Batetik, ekonomikoki beharra dutenak eta, bestetik, egoera onean daudenak. «Lehenengoen kasuan, segituan jarri ohi dute pisua alokairuan. Bigarrenek, ordea, ez dute beharrik diru sarrera bat lortzeko eta, orduan, itxaroteko eta errentaria aukeratzeko denbora hartzen dute». Gainera, jabeekin jarraituz, agentziako langileei erantzunkizun handia ematen dietela uste du; gehienbat, errentaria bilatzerako orduan. «Jabeek pisu hori gainetik kentzen dute eta, gauzak arazorik gabe badoaz, beraien lan onagatik izaten da; baina, gauzak aurreikusi bezala ez doazenean, eta arazoak etengabe irteten hasten direnean, guri botatzen digute errua».

Askotan, zalantzak aurretik izandako esperientziek sortutakoak izaten direla dio Bengoetxeak; eskaera egitera doanak gauza bat esan eta, gero, beste jarrera bat hartu izan duten kasuak, adibidez. «Atzerritarren kasuak, ume bat baino gehiago dituzten familienak, animaliak dituztenenak... Askotan, baina, etxeak zein egoeratan dauden ere ikusi behar izaten da». Alde horretatik, gutxieneko baldintza batzuk eskatuko lituzke berak: «Adibidez, ura edo argindarra egoera onean egon daitezela, eta hori kontrolpean egon dadila».

600 €: Alokairuaren prezioa

Krisi ekonomikoak utzitako eragin handienetako bat da. Tolosan alokagai dagoen etxebizitza edo pisu batek duen batezbesteko prezioa, gutxienez, 600 euro ingurukoa izaten da. Eskualdeko herri txikietan, berriz, prezioak baxuagoak izan ohi dira, eskaria ere baxuagoa delako. Gazteek, gainera, alokairuaren prezioaz gain, bestelako gastu batzuk hartu behar izaten dituzte kontuan.

 

2015eko eraberritze plana

Duela lau urte, Tolosako Udalak etxebizitza plan berri bati ekin zion, proiektua jendaurrean aurkeztuz. Planak egoera txarrean zeuden etxeetako obrak finantzatzea zekarren, ondoren alokairuan merkaturatu ahal izateko. Behin aurrekontua zehaztuta, udalak finantzatuko luke obra eta, etxe hori alokairuan jartzerakoan, alokairu horren bitartez amortizatuko lukete gastua.

Erlazionatuak

Euskal Herria plazako pisuak, aurrerapauso

Josu Artutxa Dorronsoro 2019 ots 02 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!