Amezketako Zazpi Iturri elkartea nazio mailako txapelketatik kanporatua

Ataria 2019ko otsailaren 1a

Hernani pilota elkarteko kideak.

Eskualdeko elkarterik gabe geratu da V. Euskal Herriko kluben arteko Torneo Nazionala. Amezketako Zazpi Iturri elkarteak Oberenaren aurka galdu zuen, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako kanporaketan. Horrez gain, Zazpi Iturriko Peru Labaka aurrelari zizurkildarra lesionatu egin zen.

Lehenengo partidan Zazpi Iturriko Zubirik 9-18 galdu zuen Canabalen aurka. Bigarrengoan, Amezketako elkarteko Adonis pilotariak 7-18 galdu zuen Garciaren aurka. Hirugarren partidan, Zazpi Iturriko Labaka-Aranguren eta Oberenako Mata-Aldabe lehiatu ziren. Ohorezko puntua lortu nahi zuten Zazpi Iturrikoek, baina markagailua hogeina zegoela, Labaka lesionatu egin zen.

Eskualdeko beste elkartea, Tolosa Aurrera, Iurretak kanporatu zuen aurretik. Bi ezusteko izan dira txapelketan, Zazpi Iturri eta Tolosa Aurrera bi elkarte indartsuenetakoak zirelako.

Hernani-Erreka, Beotibarren

Torneo Nazionalak Tolosako Beotibar frontoian jarraituko du. Igandean, 17:00etan hasita, Hernani eta Doneztebeko Erreka klubak ariko dira nor baino nor. Hernani elkartetik, lau eta erdian Ojuel ariko da, banaka frontoi osoan Arrieta eta, binaka, Urkizu-Iñigo Labaka. Erreka elkarteari dagokionez, lau eta erdian Iker Salaberria, banaka frontoi osoan, Barandiaran, eta, binaka, Enaitz Telletxea-Gorriti. Pilotarien sasoia ikusita, maila handiko kanporaketa izatea espero da.

Erreka pilota elkarteko kideak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!