Murias-Limousin talde berria aurkeztu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urt. 30a, 19:59

Murias taldeak gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak aurkeztu zituen pasa den astean Errenterian. TOLOSALDEKO ATARIA

Murias taldeak, Oriako Txirrindulari Eskolako klubarekin hitzartu du emakumezkoen taldea osatzearen proiektua.

Azaroan, Bizkaia-Durango klubarekin zuen harremana hautsi zuen Muriasek, ez zirelako adostasunetara heltzen. Hortik suertatu zen aukera berri hau. Aitor Aiertza Oriako Txirrindulari Eskolako lehendakariak dioenez, «2019rako zerbait berria egin nahi zuten. Guk, kadete mailako lau txirrindulari eta jubeniletako bizpahiru genituen emakumezkoetan. Horietako baten aita, Murias taldeko mekanikaria da, eta hitzarmen berria sinatu aurretik, niregana etorri zen, ideia hori mahaigaineratu eta gure asmoei buruz galdetzeko. Emakumezko txirrindularirik gabe geratu zirela, eta berriak behar zituztela aitortu zidan. Beraz, horrela hasi ginen, eta baldintza batzuk adostu ondoren, proiektu berria aurkeztu zuen Murias taldean. Ondoren, beraiekin bilera bat egin genuen, ideia desberdinez hitz egiteko. Horrela hasi ginen bide berri honetan».

Errenterian egin zen Muriaseko emakumezko eta gizonezko taldeen aurkezpena. «Iazkoa ikusi nuen; bertan, emakumezkoak gizonezkoekin tartekatuta jarri zituzten, eta oso polita izan zen ekitaldia. Aurten, aurkezpenera joateko esan zigutenean, egun hartaz gogoratu nintzen. Neskei ez nien ezer esan, badaezpada ere, urduritasunean ez erortzeko». Hain justu, ekitaldi hartan ezagutu zen Murias taldearen emakumezkoen taldeak, Murias-Limousin izena eramango duela aurrerantzean.

Murias taldearentzat bosgarren denboraldia izango da profesional mailan. Iaz denboraldi ona burutu zuen, eta izen handia hartzen ari da. «Oraingoz poliki goaz, baina beraien ideia, aurrera begira, maila igotzen joatea da». Txirrindulariek, albistea «poz handiz» hartu zutela aitortu du. «Gero, gainera, arropa eta bestelako elementuak izango zituztela jakin zuten, eta noski, hori beste jauzi garrantzitsu bat da eurentzat».

Helburu nagusia, emakumezko txirrindularitzaren harrobiari etorkizun bat bermatzea dela diote. Lasterketei dagokienez, Euskal Herriko Txapelketan eta Espainiako Kopan arituko dira. «Proiektua sortu aurretik, emakumezkoek Euskal Herriko txapelketan eta Espainiako Kopako lasterketa batzuetan aritzea zen helburua. Orain, ordea, Espainiako Kopako proba guztietan parte hartu ahal izango dute».

Emakumezko txirrindularien egutegia, hala ere, ez da oso betea. Horregatik, gizonezkoen egutegiko probetan ere parte hartzea nahi dute, probarik ez dutenean behintzat. «Gizonezkoekin aritzean, beste abiadura bat hartzen dute, eta entrenamendu modukoak dira. Taldeko giro on bat sortzeko ere baliagarria izaten da, neskak eta mutilak elkarrekin aritzen direlako».

23 urtez azpikoetan, eta junior eta kadete mailetan izango ditu taldeak Muriasek. Azken hauek, gainera, Limousin-Murias izenarekin lehiatuko dira. Tartean, eskualdeko txirrindulariak izango dira. Pozik dago Aiertza. «Proiektu honekin, maila handiagoetan, jarraipen bat bermatzen dela, eta aurrera begira, aukera dutela ikusiko dute». Emakumezkoen taldeak, BH bizikletak, Limousin Kartoiak, Arsuaga Bizikletak eta Oriako Txirrindulari Eskola taldeen babesa jasoko du. «Eskualdean harrobi sendoa dugu, eta ez gizonezkoetan bakarrik. Beraz, elkarlanean aritzea ezinbestekoa da, eta babes horrek irauten duela ikustea pozgarria da».

Jarraipena bermatu nahian

Errenterian egindako aurkezpenean esandakoaren arabera, Frantziako zenbait talde erreferente modukoak izango dira Muriasentzat, batez ere, etorkizunera begirako prestakuntzetan egiten duten lanagatik. «Frantziako talde askok, profesional mailan lehiatzeaz aparte, afizionatuetan ere taldea dute. Hortaz, jarraipen hori bermatzea dute helburu, gaztetatik hasita. Hori oso garrantzitsua da, gora begira aukerak badaudela jakitea, alegia».

Eneko Garai eta Loli Sansano izango dira taldearen arduradunak. «Eneko aspalditik ezagutzen dut, eta bera izan zen taldea sortzearen ideia bota zidana. Loli, aldiz, egindako ibilbideagatik ezagutzen dut. Beragatik entzundako guztia oso ona da, eta jakitun naiz arduratsua dela».

Oriako Txirrindulari Eskolak eskualdeko txirrindularitza bultzatzen du. «Azken finean, gaztetan, ikastetxeetan mugitzea ezinbestekoa da. Gero, agian, haur bat interesatzen da, eta baita bere inguruko lagunak ere. Ekintzak antolatzea eta mediatikoki zabalpen bat ematea ere beharrezkoa izaten da». Taldean egiten diren kirolek indar handia dutela dio. «Gainera, hemen negua oso gogorra izaten denez, zaildu egiten da bizikletan aritzeko gogoa handitzea. Eguraldiaz gain, errepideak sortzen duen errespetua eta beldurra ere kontuan hartu beharreko baldintzak izaten dira».

Azken urte hauetan, gorakada bat bizi izan du eskolak. Harrobiko txirrindulariekin lanean gogor ari dira. «Gipuzkoan, Tolosaldea eta Goierri dira eskualde indartsuenak. Guk, alebinetatik hasi eta junior mailara bitarte, 60 kirolari ditugu. Eguneroko lanari eta talde giroari eman behar zaio garrantzia, emaitzei begira egon gabe». Proiektu berri hau, beraz, atzetik egin den lan guztiaren emaitza dela dio Aiertzak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!