«Aukera egokia da, ez baitakit oso ondo zer den taldean aritzea»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urt. 30a, 19:59

Naia Amondarain, eskuinean, Murias-Limousin taldeko mailotarekin. TOLOSALDEKO ATARIA

Murias-Limousin taldea sortzearekin batera, begien aurrean aukera berri bat sortzen zitzaiola ohartu zen Naia Amondarain (Ibarra, 2001). Bera, junior kategoriako taldean ariko den eskualdeko txirrindulari bakarra da.

Kadete mailako taldean, baina, Amaia Astarloa, Jone Gisasola eta Naroa Olano eskualdeko txirrindulariak arituko dira. Amondarain ibartarra, pistako Espainiako Kopako lasterketetan aritu zen pasa den asteburuan, eta kanporaketa eta puntuazio probetan, txapeldun izan zen. Gaur, ikasketak, entrenamenduak eta beste zereginak alde batera utzi, eta TOLOSALDEKO ATARIArekin egoteko tartea hartu du.

Nola joan zen txapelketa? Irabaztea espero zenuen?

Iaz, Espainiako Kopako sailkapen nagusian txapeldun izatea lortu nuen. Hala ere, aurten, kadete mailatik txirrindulari berriak igo dira, eta banekien ez zela erraza izango. Pasa den asteburukoa, aurtengo Kopako lehen lasterketa izan zen. Hortaz, urduritasun apur bat antzematen nuen, aurkari asko ezezagunak zirelako niretzat. Gogotsu joan nintzen, eta ondo irten ziren gauzak; oraingoz lehen postuan nago. Beste bi jardunaldiak Madrilen eta Valentzian jokatuko dira datozen asteetan.

Aurretik ezagutzen al zenuen Murias taldearen jarduna?

Ez asko, baina azken urtean Espainiako Vueltan lortutako garaipenak gehiago jakiteko bidea ireki didala uste dut.

Beraz, zer suposatzen du zuretzat proiektu hau gauzatzeak?

Egia esan, oso aukera polita da Oriako Txirrindulari Eskolako kideontzat. Esaterako, orain arte Espainiako Kopako Sevillako lasterketara gurasoekin joaten ginenez, hori ere aldatzen da. Ekonomikoki ez zen batere bideragarria, eta beraz, horretarako baliabide egokiagoak eskaintzen dizkigu proiektu berri honek. Gainera, gure arteko giro ona bermatu ahal izateko ere ezinbestekoa da. Orain arte, Oriako Txirrindulari Eskolan, emakumezko kirolari bakarra nintzen nire mailan, eta bakarrik aritzea tokatu izan zaidanez, ez dakit oso ondo zer den talde baten parte izatea. Orain, ordea, Gipuzkoako txirrindulari gehiagorekin, hiru mailatan taldeak osatzea lortu dugu.

Nola jaso zenuen albistea?

Hasieran esan zigutenagatik, airean zegoen proiektua zen. Hala ere, gerora, egia bihurtu zela jakin nuenean, zur eta lur gelditu nintzen. Gainera, izugarrizko maila erakusten ari den talde batekin hitzarmena sinatzen genuela jakitea oso pozgarria izan zen. Aurkezpenean, gainera, profesional izandako txirrindularien ondoan eserita egotea ere oso une polita izan zen taldeko emakume txirrindulari guztiontzat.

Murias taldearekin aritzeak, gauza berriak ikasteko aukera emango dizu, gainera.

Estatu mailan lasterketa gehiagotan aritzeko aukera izateak, ilusio handia sortzen du. Gainera, maila handiagoko txirrindulariekin, lehiakorragoak izango diren probetan jardungo gara. Nire kasuan, orain arte neska bakarrik nintzenez, eta taldeak ekonomikoki gehiagorako aukerarik izaten ez zuenez, bertan lehiatzeaz gain, soilik estatuko gertuko tokietan aritzeko aukera izaten nuen, eta hori orain aldatu egingo da.

Eta zeintzuk dira zure buruari jartzen dizkiozun helburuak.

Garrantzitsuena, taldean aritzen ikastea izango da; ahalik eta azkarren giroan sartzea. Hala ere, errepideko denboraldia oraindik ez denez hasi, pistako Espainiako Kopa irabazi nahiko nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!