Otsailaren 8an izango da III. Txotx Solidarioa

Irati Saizar Artola 2019ko urt. 30a, 19:57

Aurten Ibarrako Misio Taldearentzat izango da biltzen duten dirua; 80ko hamarkadako Realeko jokalariek irekiko dute txotxa. Afarirako tiketak salgai jarri dituzte Casino lkartean eta Agustin eta Xare tabernetan, 25 euroren truke.

Aurreko urteetako arrakastak eraman ditu Casino elkartekoak, hirugarren urtez jarraian Txotx Solidarioa antolatzera; otsailaren 8an egingo dute, Zerkausian. 80ko hamarkadan Realak liga irabazi zueneko jokalariak izango dira txotx irekia egingo dutenak eta eskualdeko ekoizle eta sukaldarien esku geratuko da menua.

Aurkezpen agerraldian Casino elkartearen ibilbidea ekarri zuten gogora antolatzaileek. «Tolosako agenda kultural eta sozialean oso errotuta daude antolatzen ditugun ekitaldiak, eta gure borondate eta bokazioa jarduera hauek indartzen eta garatzen jarraitzean datza», azaldu dute.

Beraz, Zerkausia sagardotegi bilakatuko da egun batez. Tolosa Gourmeten biltzen diren zortzi sagardogilek hartuko dute parte; besteak beste, Aburuza, Zabala, Sarasola, Begiristain, Eguzkitza, Isastegi, Goikoetxea eta Zalbidek upel bana jarriko dute. Adierazi zutenez, «Tolosako ekitaldi bat izanda, tolosaldeko sagardoa egotea beharrezko iruditzen zaigu. Tolosaldea ere sagardoaren lurraldea da eta bertaratutakoek bertako produktuak kalitatez eta aniztasunez gozatu ahalko dute».

Edatekoaz gain, jatekoa ere zaindu egingo dutela ziurtatu zuen Xabier Martinez sukaldariak. Menua «klasikoa» izango bada ere, aldaketa txiki batekin dator: «Tortilla beharrean, Lanbroa enpresak egiten dituen frijituak jarriko ditugu». Horrez gain, Ibarrako Barriola harategiko txistorra, bakailaoa piperradarekin eta Goyako txuletak izango dira parrilan erreta. Gazta eta Ezeiza gozotegiko zigarrotxoekin osatuko dute menua. Beste berrikuntza bat ere izango du egunak: Pintxotx egingo dute 18:30etik hasita. Urdaiazpiko kroketa pintxo bat eta txotx bat hartzeko aukera izango da euro baten truke.

HEZKUNTZA BERMATZEKO

Aurten, tolosaldeko erakunderen bat laguntzea pentsatu dute Casino elkartekoek, eta hortik jarri dira harremanetan Ibarrako Misio Taldekoekin. 1998an sortu zuten eta ordutik proiektuak lantzen aritu izan dira Honduras, Ekuador eta Indian. Misio taldeko kide batek azaldu zuenez, «taldearen helburu nagusia, herrialde horietako neskatoen hezkuntza bermatzea da, eta horretarako eskolak eraikitzen laguntzen dugu». Gaur egun, 107 haur dituzte babesean hartuta eta Ibarratik dirua bidaltzen diete «ikasteko aukera izan dezaten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!