"Alderdien artean indar gehiago bildu beharra ikusten dugu oraindik"

Ataria 2019ko urt. 14a, 16:11

85.000 herritar batu ziren presoen eskubideak errespeta daitezela eskatzeko, larunbatean Sarek deituta Bilbon eta Baionan egindako manifestazioetan. Tolosaldeko Sarek balorazio baikorra egin du eskualdean izandako erantzunarekin.

Jon Ugartemendia Tolosaldeko Sareko kideak azaldu duenez, "manifestazioaren aurretik egindako lanaren ondorioz, Orain presoak dinamika herrietan martxan jartzea lortu da, eta bai Bilboko manifestaziora, bai eta Baionakora ere jende asko gerturatzea lortu da". Tolosaldetik bederatzi autobus bete ziren BIlborako, eta horri autoetan joaten direnak eta Baionara joateko hautua hartu zutenak batuta, "gustura" azaldu dira Saretik izandako erantzunarekin. Halaber, Sarek adierazi du kaleko aldarriari muzin egitea "akats handia" litzatekeela.

"Nahiko lasaia" izan zela larunbata adierazi du Ugartemendiak, "betiko emozioak" biltzen diren unea izanik. "Segurtasun txanda egitea eskatu ziguten aurten, eta horrek gertutasuna ematen dizu, batez ere, senideak eta abar ikusten dituzulako bertara nola biltzen diren. Eta horrek barnean lanean jarraitzeko indar gehigarria ematen dizu", azaldu du.

Aldarria "geroz eta zabalagoa" dela herritarren artean uste du Sarek. "Gutxiengo batzuk exijitzen ari garela uste dugu, eta Sareren  helburua ahalik eta jendarte zabalenak aldarrikapenak bere egitea da. Herritarren artean babes zabala dugu, baina, talde politikoen artean indar gehiago bildu beharra ikusten dugu". Espainiako Gobernuan aldaketak eman ondoren, ez dela mugimendurik eman espetxe politikan adierazi du Sarek, eta "agindutako aldaketak benetan martxan jartzeko" eskatu dute. Hala Fernando Grande Marlaska Espainiako barne ministroari bilera eskatuko diote.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!