Ataria Bertso Jaialdia 2019

"Egon ninteke ordubete, buruz ikasitako bertsoak kantatu eta kantatu"

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urt. 12a, 08:30

Bertso doinuz bizi da Roberto Artetxe (1957), Tolosan bizi den azkoitiarra. Aitaren zaletasuna txikitan jaso, eta bat-batekoaren bueltan zaletu zen bera ere, entzule, kantari nahiz ikaslearen paperetik. 

Txolarre irratiak lehen eta ATARIA-k orain, urte hasieran antolaturiko saio guztietara joan izan da Artetxe; aurten ere, lehenengo egunean eskuratu zituen sarrerak.

Urtero joan izan zara bertso saiora.

Bai, bai, urtero. Gogoan dut, Leidor aretoa obretan zela, Beotibarren izan zela jaialdia, eta orduan ere han nintzen. Aspaldidanik, Txolarrek antolatzen zuenez geroztik; ez dut gogoan, behintzat, hutsik egin izan dudanik. Egutegian markatutako eguna izaten da.

Lehenengo egunean hartu zenituen aurtengo sarrerak. Inoiz batere gabe geratu izan al zara?

Bai, egia esan, urteren batean edo bestean larri samar ibili izan naiz. Hona ATARIA-ko erredakziora ez nintzen etorri, eta tabernetan ere aurkitu ezinda ibili nintzen. Baina, tira, azkenean lortu nuen nolabait; beti moldatu izan naiz.

Saio horrez gain, ba al duzu urtero errepikatzen duzun bertso saiorik?

Finkorik ez, baina, batez ere, udan joaten naiz bertso saioetara, hemen inguruko festetara. Alkizara, Asteasura, Altzora,... Garai batean, Pilar egunean, urriaren 12an, bertso saioa izaten zen beti, Urbiako bordan: Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Iñaki Murua aritzen ziren, eta urte batean Aitor Mendiluze ere bai. Lauzpabost aldiz joan nintzen saio hartara. Gero utzi egin zioten, baina oso giro berezia sortzen zen han. Txapelketaz aparte, horiek jarraitzen ditut.

Txapelketa zalea zara, beraz.

Bai, bai. Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketak asko jarraitzen ditut; gainerakoak gutxixeago, telebistaz-eta. Eta, Hitzetik Hortzera, bai, hori astero ikusten dut, bat bera galdu gabe, igandero, 15:00etatik 16:00etara.

Bertso asko buruz ikasiak dituzu. Nondik datorkizu afizio hori?

Gure aita harakina zen eta, ni txikia nintzela, harategiaren atzean bazen sukalde zahar bat. Ama eta biak odolkiak-eta betetzen aritzen ziren han, eta aitak bertso zaharrak kantatzen zituen beti: Betroiarenak, Bizkaiko txerriarenak eta halakoak. Gogoan dut bazituela ateraldi ederrak. Haurra nintzela harategira joaten nintzen, eta irrati handi bat han jarrita izaten zuen berak, txirrindularitza entzuteko. Bezero batek galdetu zion: «Patxi, zeinek irabazi du karrerie?». Eta aitak erantzun: «Aurrena in dunak sarrerie». Horrelako asko zituen, baina ez zen bertsolaria [barreak].

Beraz, aitaren eraginagatik edo ez dakit zergatik, beti izan naiz bertsozale. 14 urtetik 18ra bitarte, pixka bat utziago izan nuen zaletasun hori, baina, soldaduskatik itzulitakoan, orduan irabazi zuen Amurizak lehen txapela. Ez ginen joan, sarrerarik lortu ez genuelako. Bigarren txapela, ordea Karmelo Baldan irabazi zuen, eta orduan bai, orduan han ginen. Garai hartan, gu bertsoak entzutera joaten ginenetako gazteenak izango ginen, 20 urte ingururekin.

Ordutik hona bertsozalearen profila aldatuko zen, ezta?

Bai, asko aldatu da bertsozalea, eta baita bertsolaria ere. Nik uste dut, profil hori aldatzeko eragin handiena bertso eskolak izan direla, eta ikastetxeetan bertsolaritza irakasten hasi izanak. Orain bertsolaritzak jende asko mugitzen du eta, orduan, jende gutxi mugitzen zuen. Ez dakit Karmelo Baldan zenbat jende kabituko den, baina, belodromoaren edo BECen aldamenean, oso gutxi. Eta, Baldaren aurretik, finalak Astoria zineman izaten zirela gogoan dut, Uztapideren eta Basarriren garaian; orduan, Basarri bakarrik zen ikasia eta, gainontzekoek, sagardotegi giroko kontuak kantatzen zituzten.

Bertso eskolan ere aritua zara. Zer moduz?

Bai, eta ondo, egia esan. Lehenengo Tolosako Lizardi elkartean aritzen ginen, eta Mikel Artola genuen irakasle; beste bi urte Amaia Agirrerekin egin genituen. Ondoren Abastos eraikinera joaten ginen, eta han Oihana Iguaranek irakasten zigun. Etenaldi moduko bat izan zuen helduen bertso eskolak, eta orain berriro elkartzen dira batzuk, Alegiako gaztetxean. Noiz edo noiz joan izan naiz, baina beste kontu batzugatik joateari utzi diot.

Zeure kasara aritzen al zara?

Bai, bai, aritzen naiz. Ikasitako bertso asko dakizkit, baina, bat-batean egiteko ez daukat halako erraztasunik. Alde batetik, pentsatzen dut zeresana izango duela ikasketa guztiak gazteleraz egin izanak. Nahiz eta euskaraz idazten-eta saiatu, ez da gauza bera. Eta, noski, horrez gain, etorria behar da.

Nahiago duzu, akaso, entzulearen paperean egon?

Bai, entzutea gustukoago dut, eta nik neuk ikasitakoak kantatzea. Egon ninteke ordubete, buruz ikasitako bertsoak kantatu eta kantatu, baina beti berdintsuak kantatzen ditut [barreak]. Azken txapelketa nagusiko bat edo beste ikasi dut, baina gutxi.

Eta, zein dira, bada, behin eta berriz kantatzen dituzun bertso horiek?

Adibidez, Xabier Amurizak 1982an Donostian kantatu zituen naufragoarenak, edo 1980an aitari kantatutakoak. Amets Arzallusek 2017ko finalean Egoerak beste aldean jarri zaitu gaiari botatakoak ere kantatzen ditut. Eta Andoni Egañak oso bertso politak ditu, gai honekin: Une honetan zuretzako telegrama hauxe jaso dugu. Honelaxe dio: «Eskerrik asko, xarmangarria zara, laister arte. Kattalin».

Jende askok esaten dit, hori oso ona dela memoria lantzeko, eta hala segi beharko dut beraz.

Hainbeste urtetan 'Txolarre'-ko eta 'Ataria'-ko bertso saioetako entzule izandakoa zarenez, baduzu buruan, bereziki borobila atera zen saiorik?

Aspaldikoez ez naiz gogoratzen, egia esan. Gogoan dut, iaz Andoni Egañak oso bertso onak abestu zituela, antologikoak, parrandan ibili, etxera itzuli eta ispiluari begira jartzen denaren azaletik. Hori bururatu egin behar da eh! Bat-batean kantatzeko, oraindik onena iruditzen zait Egaña. Eta orain Jon Ostolaza trikitilariarekin estreinatu berri duen Neretik emanaldia ere oso polita da, bertso idatziekin. Egaña berezia izan da, eta horrelako besterik ez da sortuko, hainbeste urtean maila horri eutsiko dionik.

ATARIA-ko bertso saioan ere, kartela begiratuta, gehienetan kantatu dutenetako bat izango da, eta erritmo handia darabil oraindik; 57 urte izango ditu honezkero.

Erlazionatuak

Urteari lehen oinak jartzera

Itzea Urkizu Arsuaga 2019 urt 12 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!