Ataria Bertso Jaialdia 2019

Urteari lehen oinak jartzera

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urt. 12a, 08:34

TOLOSALDEKO ATARIA-ren urtarrileroko bertso jaialdiak hamargarrenez hartuko du, aurten, urtarrileko hirugarren larunbata; bertsozale bizkorrenek baino ez dituzte sarrerak lortu, datorren urtarrilaren 19ko hitzordurako.

Urteari lehen oinak jartzeko hitzordua izaten da; urteroko hitzordua eskualde bertsozale batean. Bai, behintzat, sarreren salmentari begiratuz gero. Urtarrilaren 19ak hartuko du, aurten, TOLOSALDEKO ATARIA-ren bertso saioa, eta hainbat entzule eserlekurik eskuratu ezinik geratu dira aurten ere.

Berezia izaten da Leidorreko hitzordua. Berezia, entzuleak saio berezia entzun nahi izaten duelako; berezia, gai jartzaileak horretarako ahalegina egiten duelako; eta, berezia, txapelketetako saioei inbidiarik ez izateko moduko arratsaldeak sortu izan dituztelako bertsolariek. Aurten, ordea, bi aldiz berezi izateko dator hilaren 19koa: Txolarre irratia bertso saioa antolatzen hasi zenez geroztik, hurrengo astekoa hamargarren jaialdia izango da, hain justu, TOLOSALDEKO ATARIA-ren bosgarren urteurrenaren bueltan.

Iazko moduan, iluntze aldera izango dute bertsozaleek hitzordua eta, 19:00etatik aurrera, bat-bateko kantuen gose guztiak asetzen saiatuko dira sei bertsolariak: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Andoni Egaña, Oihana Iguaran eta Haritz Mujika. Haien gidari, betiko moduan, Amaia Agirre gai-jartzailea ariko da, eta parean izango dituzte 800 entzuletik gora.

Bertsozale porrokatuak, batzuk, urtean plaza, areto nahiz gaztetxe zapalduz ibiltzen direnak, errima eta neurrien dantzari segika. Saio jakin batzuetako ezinbesteko publiko, beste asko; Leidorrekoaren pareko beste bizpahiru hitzordutara bai ala bai joaten diren horietakoak; edo, txapelketa eta txapelketa artean TOLOSALDEKO ATARIA-ren saioa zubi bakar izaten dutenak ere bai.

Denetik izango da, denetarik entzuteko prest bertaratuko dira entzuleak, eta denen neurrira kantatzen saiatuko dira oholtzatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!