Frankismo garaian jasandako torturak salatuko dituzte

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 10a, 16:18
Jesus Muñecas Aguilar kapitaina Auzitegi Nazionalean.

Frankismo garaian torturak jasan zituzten sei pertsonak salaketa jarriko dute Tolosako epaitegian, datorren asteazkenean. 12:00etan emango dute euren testigantzen berri, eta 11:00etarako elkarretaratze deialdia egin du Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak.

Elixabete Nosellas, Jokin Sarasola, Juan Goñi, Martin Jose Zabaleta, Jose Begiristain eta Amparo Arangoaren anaia, Juan, dira salaketa jarriko duten sei herritarrak. 1975 eta 1976. urteen artean izan ziren torturatuak eskualdeko Guardia Zibilaren kuartelean.

Esan dutenez  Espainiako justiziaren esku utziko dute beraz, "Jesus Muñecas Aguilar kapitainak, beste guardia zibil batzuekin batera, garai hartan Frankismoaren aurkako mobilizazioetan Tolosan, Donostian edo Zarautzen ari ziren milaka gazteei izu zitala sartzeko asmoarekin egin zituzten ekimen kriminalaren salaketak".

Testigantzen berri, hilaren 16an emango dute, 12:00etan, Tolosako Epaitegian, baina hori baino lehen, 11:00etan, elkarretaratzea egingo dute Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak deituta. Batetik, herritarrei egin diete dei mobilizazioan parte hartzeko, eta, bestetik, erakundeei "laguntza eta atxikimendua" eskatu diete; "hain zuzen, Gipuzkoako Batzar Nagusiei, aldundiari eta biktimak izan ziren udalei, bereziki kasu honetan eszenatokia izan zen Tolosako Udalari".

Servini epailea

Torturen berri emango duten herritarrek esan dutenez, badira beste biktima batzuk ere Donostiako, Bergarako edo Azpeitiko epaitegietan txanda eskatzen eta "Muñecas kapitainaren ekimenak salatzeko prest" daudenak. "Krimen hauek jadanik izan ziren salatuak, 2014an, Servini epaile argentinarraren aurrean, baina hark inputatu ondoren agindutako estradizioa bertan behera geratu zen garai haietako gobernu eta epaileen oztopoak medio".

Espainiako Gobernuari ere egin diote eskaera: "Egungo Pedro Sanchezen gobernua Frankismoarekin ere justizia egiteko jaio bada, berak aldarrikatzen duen moduan, badu betebehar bat: Estatuaren Fiskaltza Nagusiak 2016an ezarri zituen oztopo guztiak ezabatuaz egungo instantzia judizialei bultzada handi bat eman behar die, aurkezten diren salaketa guztiak onartuak izan daitezen eta beharrezko diligentziak egin daitezen horren larriak eta preskribaezinak diren Giza Eskubideen Legedi nazional eta nazioartekoaren aurkako atentatuaren aurrean justizia ezartzeko, Espainiako Konstituzioak berak, bere artikuluetan bederen, defendatzen duen lez".

'Tolosaldeko Ataria'-n 2014. urtean jorratu genuen gaia: Tolosako Guardia Zibilen kuarteleko azpiko mundua, agerian

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!