Muñecas

Tolosako Guardia Zibilen kuarteleko azpiko mundua, agerian

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko api. 29a, 17:25

Jesus Muñecas Auzitegi Nazionalean
Jesus Muñecas ez dute estraditatuko Argentinara. Auzitegiaren ustez, preskribituta daude egotzitako delituak eta Andoni Arrizabalagaren tortura kasu «bakarra» da. Baina eskualdean bat baino gehiago pasa zen bere eskuetatik. Muñecas Tolosako koarteleko buru izan zen 60ko eta 70eko hamarkadetan eta koartela ezagun egin zen garai hartan hango gogortasunagatik. Herritar asko torturatu zituzten bere aginduz, eta horietako bat da Eli Nosellas ibartarra.
Eli Nosellas Goldatu Frankoren diktadura garaiko euskal preso eta errepresaliatuen elkartearekin dago harremanetan. Duela bi urte sortu zen eta pozik daude lortutako oihartzunarekin. Juan Mari Zulaika elkarteko kideak azaldu digunez, “berandu gabiltza testigantza asko betirako galdu baitira, baina hemendik aurrera egindako lanak ez dira alferrikakoak izango”.

Jesus Muñecas Tolosako koarteleko buru izan zen 60ko eta 70eko hamarkadetan eta koartela ezagun egin zen garai hartan hango gogortasunagatik. Tolosaldeldeko eta leitzaldeko Hitzak argitaratutako Frankismoa eta trantsizioa Tolosaldean eta Leitzaldean  irakurri ahal denez, Jokin Sarasola ibartarra 9 aldiz atxilotu zuten, eta behin, bainuontzian burua sartua ziotela, ito beharraren ezinegonaz, eskuburdinak txikitu zituen. Bere bikotekide Eli Nosellas ere handik pasa zen 17 urte besterik ez zituela. Baina ez dira Muñecas guardia zibil ohiaren atzaparretatik pasatako bakarrak.

Espainiako Auzitegi Nazionalak, hala ere, guardia zibil ohia Argentinara ez estraditatzea erabaki zuen pasa den ostiralean. Maria Servini epaile argentinarrak egin zuen eskaera Espainiari frankismoko krimenak ikertu ahal izateko, baina Auzitegi Nazionalaren iritziz delitua preskribatuta dago eta ez dute estraditatuko.

Maria Servini epaileak urriaren 28an egin zuten Muñecas eta Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niñoren zuzeneko estradizio eskaera. Irailaren 18an egin zuen lehen eskakizuna, hala ere. Aurreneko atxilotze agindu hartan, Celso Galvan eta Jose Ignacio Giralt ere zerrendan sartu zituen epaileak, baina biak hilda daude. Muñecas eta Billy el Niñoren kasuan Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ez zuen atxilotzeko beharra ikusi, eta libre utzi zituen.

Gizateriaren aurkako krimena

Espainiako Auzitegi Nazionalaren iritziz torturak gizateriaren aurkako krimentzat jo izana ez da egokia eta horregatik erabaki du polizia ohia ez estraditatzea.

Epaileek Muñecasen abokatuaren eta fiskalaren iritziarekin bat egin du, euren ustez, iraungitako delituak leporatzen zaizkio.

Asko dira Muñecasek aginduta torturatuak izan zirela esan duten herritarrak, eta Argentinako epailearen eskakizunaren harira salaketak ari dira pilatzen. Asturiasko (Espainia) talde bat joan berri da Argentinak Madrilen duen ordezkaritzara salaketa egitera.

Muñecasek oraingoz kasu bakarrarengatik epaitu dute ordea, Andoni Arrizabalaga, Itziarren semea torturatzeagatik, hain justu. 1968. urtean torturatu izana leporatu zioten  eta salaketa 2012. urtekoa da. Espainiako Zigor Kodean tortura delitua hamar urtera preskribatzen da, beraz, Auzitegi Nazionalak dio delitua preskribatu dela, eta epea igarota ezin dela epaitu.

Auzitegiak dio, gainera, guardia zibil ohiari delitu bakarra egotzi diotela, eta ezin dela gizateriaren aurkakotzat jo, ez baitago loturarik Arrizabalagaren torturen eta beste krimenen artean. Espainian tortura delituak sei urte arteko espetxe zigorra du, eta Argentinan zortzi eta 25 urte artekoa.

Telesfono Monzon Arrizabalagaren tortura testigantzan oinarritu zen Itziarren semea abestia idazteko eta bere anaia Jonek jarri zuen Muñecasen aurkako salaketa. Itziarren semea 1984. urtean hil zen. Senitarteko gehiago ere torturatu zituen Muñecasek, beste bi anaiak, Josu eta Mikel. Argentinan salatu zuten 1976. urtean torturatuak izan zirela.

Arangoa, irudi argigarria

Arrizabalagaren kasuarekin batera Anparo Arangoaren kasua egin zen ezagun. Anparo Arangoa Leitzako Sarrio paper fabrikako langilea zen. 1976ko apirilean atxilotu zuten Paper eta Arte Grafikoen sindikatuko presidenteorde zen eta Nafarroako Langileen Kontseiluko bokala. Zazpi edo zortzi guardia zibilen artean torturatu zuten Tolosako koartelean. Ondorioz Iruñeko Bideko Amaren ospitalera eraman zuten hilzorian. Arangoak jasan zituen torturen argazkiak munduari buelta eman zioten, Patxi Zabaleta eta Javier Yabenek ateratakoak, hain zuzen. Gertakari horiek eta gero, Muñecas tokiz aldatu zuten.

Jesus Muñecasek Euskal Herrian jardun zuen lanean Guardia Zibileko buru gisa 60ko hamarkada bukaeran eta 70eko hamarkadan. Tartean, Tolosako Guardia Zibilen koartelean bertako arduradun nagusia izan zen.

Halaber, Espainiako hainbat militar eta guardia zibilek 1981. urtean Espainiako Kongresuan egin zuten estatu kolpe saioan parte hartu zuen, Antonio Tejerorekin batera. Egun, 74 urte ditu.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!