Pertsona bat hil da Hernio inguruan, hegazkin istripu batean

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 9a, 15:26

Bi laguneko tripulazioa zuen hegazkin batek istripua izan du Hernio puntan. Horietako bat hilda aurkitu dute. Erreskate taldeak bilaketa lanetan ari dira. Suhiltzaileek hegazkinaren zati nagusia kiskalita aurkitu dute.

SOS Deiakek jakinarazi duenez, larrialdi zerbitzuak 14:00ak aldean arrastoa galdu duten hegazkin baten bila ari dira Zelatun inguruan. Ertzaintzak Urola Kostako Hitza-ri adierazi dionez, hegazkina erori izanaren bi zantzu dituzte: batetik, Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportuan hegazkinaren seinalea galdu dute; bestetik, berriz, baserritar batek larrialdietara deitu du hegazkin baten motorra gelditu egin dela sumatu duelako.

Baieztatu dutenez, Portugaldik zetorren hegazkina, baina Bilbotik Donostiara burutzen ari zen ibilbidea, eta Hernio puntan harkaitza jo du. SOS Deiaken arabera, hegazkina partikularra zen, eta bi lagun zihoazen bertan. Horietako bat hilda aurkitu dute. Une honetan, erreskate taldeko kideek bigarren kidearen bila jarraitzen dute Hernio eta Zelatun inguruetan.

Tolosaldeko Ataria-k jakinarazi duenez, Zelatun eta Hernio artean hegazkinaren zatiak aurkitu dituzte. Hernio gainean, berriz, hegazkinaren zati nagusia kiskalita aurkitu dute. Bilaketa lanak bertan behera utzi behar izan dituzte, ilundu duelako. Bihar jarraituko dute erreskatearekin, bigarren kidearen gorpuaren bila. Jendea bertara ez gerturatzea eskatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!