Urte berrian ere, pentsiodunak kalera irten dira

Ataria 2019ko urtarrilaren 7a

Tolosako Plaza Zaharrean egin dute hitzordua, eguerdiko 12:00etan. Astelehenero bezala, eskualdeko pentsiodunek, gaur ere manifestazioa egin dute alde zaharreko kaleetan zehar.

Pentsio justu eta duinen aldeko aldarrikapenak egin dituzte, bizi duten egoera salatu asmoz. Tartean, Tolosako Harizpe eta Iturritza elkarteko kideak, Amarotz auzoko Beti gazteak elkartekoak eta Ibarrako Bizi-nahi elkarteko kideak izan dira.

Dozenaka erretirodunek hartu dute parte gaur egin den mobilizazio jendetsuan. Gainera, bertaratu direnei, Oneka plataformak antolatu duen Isabel Otxoaren 'Emakumeak eta Pentsioak' hitzaldirako gonbidapena luzatu diete. Hitzaldia etzi izango da, arratsaldeko 18:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena Kultur-zentroan. Aurkezle lanetan, gainera, Nekane Berriotxoa tolosarra arituko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!