«Gutxiengo soldataren zifra jada eslogan bat bihurtzea lortu dugu»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abe. 16a, 11:29

Ederki asko oroitzen ditu diktadura garaiko urteak. Halaber, atzera begiratzea gehiegi gustatzen ez zaion horietakoa da Nekane Berriotxoa Segurola (Urretxu, 1949). Emakume pentsiodun bat baino gehiago. Hitz egiteko moduagatik, langile borrokatua izango zela dirudi. Irakaslea izan zen 30 urtez; lehenik Zumarragan, eta ondoren Villabonan.

Osasun arazoak medio, erretiroa hartu behar izan zuen duela zortzi urte, bizkar gainean mende erdi bat zuela. Orain, Oneka izeneko emakume pentsiodunen plataformako bozeramailea da. Tartean kafea hoztu zaion arren, dotore eta trebe aritu da galdera-erantzunetan.

Oraindik honi buruz ezer entzun ez dutenentzat, zer da Oneka?

Pentsiodunen mugimenduetan parte hartu izan dugun emakumeok osatzen dugun talde bat gara. Lehendik, Gipuzkoa mailako emakumeak Zarautzen biltzen ziren, une eta data puntualetan. Hala ere, gure arazo zehatzei irtenbide bat emateko asmoz, bilkura gehiago egiteko eta emakumeen presentzia areagotzeko beharra ikusi zen. Nahiz eta erretirodunen taldean egon, gai ugari planteatu behar genituela uste genuen, eta beraz, arazo horri irtenbide bat emateko asmoz sortu zen plataforma.

Talde motor bat dago, pixka bat plataformaren antolamendua aurrera eramaten duena. Bi bilera mota egiten ditugu, lurraldetasunagatik banatutakoak. Lehena, probintzia mailan egiten dugu; ondoren, lau probintzietako kideak biltzen gara bakoitzaren zalantzak mahai gainera azaldu eta arazoei irtenbideak emateko. Azaroan egin genuen lehen bilera, Bilbon, eta hura inflexio-puntu moduko bat izan zen.

Zein motatako emakumeak zaudete taldean?

Emakumeek bizitza osoan zehar lan handia egin izan dugu, batzuek beste batzuek baino gehiago ekoitziz, eta gehienek gutxi kotizatuz. Ondorioz, kotizazio baxuak eman direlako heldu gara orain gauden puntu honetara. Garbiketa edota zaintza lanetan aritutakoak gara gehienak, baina guztiak ere egoera desberdinak bizi izan ditugunak. Oraindik elkar ezagutzen eta ideiak partekatzen ari gara.

Emakumeek historian zehar errekonozitu ez zaizuen aberastasun bat sortu duzuela diozue. Hala ere, kotizatu ez duzuenez, gutxieneko soldata bat jasotzeko eskubiderik ez duzuela adierazten zaizue. Hori bere horretan geratzea bai ez dela eskubidea, ezta?

Dudarik gabe! Gure helburua jende horrek gutxieneko soldata bat izan dezan da. Ez alargun geratu delako, noski. Jakitun gara pausoz pauso joan behar dugula aurrera. Gainera, kontuan izan behar dugu nondik gatozen. Erretiroa hartuta dugunok, diktadura batetik igarotakoak gara. Orduan, enpresariek emakumeak lana uztera behartzen zituzten, eta beldurra ikaragarria zenez, ezinezkoa zen lanean jarraitzea.

Alargun geratu direnen kasua ere arazo sozial handi bat da, emakumeen kasuan batez ere. Diruaren %100 jasotzetik, %52 jasotzera igarotzen zarela uste dut, eta urtarriletik aurrera %60ra igo nahi dute. Hala ere, gastu batzuk bikoiztu egiten dira, eta beste batzuk ordaintzera, berriz, pertsona bakarra pasatzen da. Horrela heldu gara gauden tokira, eta gure artean pobrezian bizi diren emakume ugari izatera. Gainera, ezkutatutako informazio gehiegi dago. Askotan, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aldeen estatistikak ez dituzte ematen, eta datuak jakin gabe geratzen gara askotan.


Onekaren estatistikei erreparatuta, 300 emakume zeundeten izena emanda aurkezpenaren egunean. Izan al da aldaketarik taldean?

Oraindik ere zaila da zifra zehatz bat jakitea. Seguruenik gorantzako joera izango du, bete beharreko fitxa teknikoak biltzen ari garelako orain.

Agian, jendeak ez du zuen berri izan.

Baliteke. Gainera, Bilboko bilkura hura egin arte, gure izena ez zabaltzearen hautua egin genuen. Hala eta guztiz ere, aste honetan hasi gara herri desberdinetan lehen hitzaldi informatiboak eskaintzen (Tolosan, asteartean egin zuten), eta nik uste urtea amaitu bitartean eskualde bakoitzean aurkezpenak eginez, jendearengana gehiago hurbiltzearekin batera, zifra handiagoetara iristea lortuko dugula. Lehenik, Gipuzkoa mailan zer nolako jendea gauden ikusi nahi genuke, haiekin informazioa partekatuz, eta parte hartzea ahalbidetzeko, solasaldiak zabalduz.

Bizi duzuen egoera ekonomikoa larria da, eta pentsio duinen alde jende ugari irten zarete kalera azken hilabeteetan. Gazteak ere batu dira aldarrikapen horietara. Baina, goi karguetakoek entzun dizuetela uste duzue?

Erantzunak behintzat jaso izan ditugu. Izan ere, pentsiodunen elkarteko kideek alderdi politiko indartsuenetako ordezkariekin bilerak egin dituzte. Une honetan, Iñigo Urkullu lehendakariarekin biltzeko egindako eskaeraren erantzunaren zain gaude. Oneka plataformako kideok ere, lehenik eta behin, politikariekin biltzeko asmotan gabiltza, geure burua aurkeztu, ideiak mahai gainean jarri eta ekarpenak egiteko. Urte berriarekin batera, Emakunde elkartearekin biltzeko ideia ere buruan darabilkigu. Gainerako emakume taldeekin ere bildu nahi dugu, eta adibidez, Emari mugimendu feministarekin harremanetan gaude.

Pentsiodunentzat, erraza da bizimodua aurrera eramatea?

Kasu desberdinak daude, eta pertsonalak dira asko. Baldin eta zein lan egin izan duzun edota kotizatutakoaren arabera, aldeak txikiagoak edo handiagoak izan daitezke soldaten artean, eta baita gizonezkoen eta emakumezkoen artean ere.

Zuek aldarrikatzen duzuena zifra bat da: 1.080 euro. Hori da emakume pentsiodunentzat eskatzen duzuen gutxieneko soldata.

Halaxe da bai. Duela hiru urte, 71.000 sinadura bildu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, gutxieneko soldata hori eskatuz, eta zifra hori (1.080) jada eslogan moduko bat bihurtu denez, mantentzea erabaki dugu. Badakigu, ordea, zaila dela, emakumeon %75ak kopuru hori baino gutxiago jasotzen dugulako. Askok, gainera, kopuru oso eskasak darabiltzate esku artean.

Eta zein pauso eman behar dira zifra horretara heltzeko?

Kontuan hartu behar da, Espainiako Gobernua une honetan aurrekontuarekin gora eta behera dabilela, eta horrek guri ere eragiten digula. Egia da kalkulu batzuk egin zirela. Aurrekontuan 420 milioi euroko igoera emango zela esan zuten aurrena; gero, ordea, kantitate hori jaitsi egin dute. Beraz, ez dakigu nondik joko duten ere.

Gizarteko esparru askotan, parekidetasunetik oso urrun aurkitzen gara. Indarkeria geldiezina da, behin eta berriz gertatzen dena. Gainera, pentsioetan ere aldea handia da. Horri ere erantzun bat eman nahiko diozue.

Bai, bai, hala da. Gainera, plataforman bertan, sindikatuetan lan egin duen jendea dago, beste batzuk politikoki mugimendu feministetan parte hartu dute, eta bestelako langile ohiak ere badaude. Hortaz, bakoitzaren esperientziak, nolabait ere, indarra ematen digu. Emakumeon artean, errekonozitu gabeko indarkeria ugari dago. Oraindik gehiegi jabetzen gara lehenaldian, eta aurreko garaiei erreparatzen diegu. Hau da, garrantzia ematen diogu «Nondik gatoz?» galderari, gaur egun ere biolentziak hor jarraitzen duela kontziente izan gabe.

Sarri, gainera, biolentzia fisikoari erreparatzen zaio, bestelako indarkeriak ere badira, ordea.

Noski! Biolentzia edo indarkeria psikologikoa askotan okerragoa izaten da, eta lanean jasaten dena zer esanik ez. Beste kontu bat heldutasunik eza da. Helduen eta Zerbitzu Sozialen Institutuarekin egindako bidaietan askotan haurrak bagina bezala tratatzen gaituzte. Orduan esaten duzu: «Adineko pertsonak gara, baina ez umeak, helduak baizik».

Gizarte Segurantzako sistema propio bat eraikitzea beharrezko ikusten du Onekak. Nolakoa izan beharko luke sistema horrek?

Gehienbat lurralde ikuspegitik abiatutako sistema bat beharko litzateke. Gertukoak ditugun arazo soziologiko, politiko edota ekonomikoei erantzungo lieken bertako eragileren bat edo sistema bat izatea nahiko genuke. Madril, azkenean, oso urrun geratzen zaigu guri. Eurek hartzen dituzte erabakiak, eta beraz, arazoak eta erabakiak gure eskuetan egongo balira, hobeto egongo liratekeela pentsatzen dugu.

Hala ere, azkenean, betiko problematika berarekin ibiltzen gara bueltaka. Estatutuak aurkeztu genituenean, Nafarroako emakume pentsiodunen datuekin batera egin genuen, baina orain guztia atzera bota dute, eskaera hiru probintzietako emakumeek soilik egin behar genuela esanez. Nafarroako emakumeek euren aldetik egin beharko dute. Orduan, lurraldetasun legeek indarrean jarraitzen dute sistema honekin.

Oneka plataforman, ez dakit legerik duzuen, baina talde motor batekin lan egiten duzuela aipatu duzu lehen. Nolakoa da funtzionamendua?

Oraingoz gauzak ez ditugu gehiegi aldatu. Talde motorrak lau probintzietako jendea hartzen du, eta honek markatzen du plataformako partaide guztiek jarraitu nahi duten norabidea. Nahiz eta lehen aipatu bezala gauza batzuk ezin izango ditugun elkarrekin egin, EAEko nahiz Nafarroako emakumeok linea bera jarraitzea dugu helburu. Bestalde, duela bi aste Gipuzkoan lehen biltzen ziren emakume pentsiodunekin egin genuen lehen bilera. Hortik abiatuta, ikusi beharko da zenbat jende dagoen prest parte hartzeko, eta nola antolatuko garen gero. Guztiak, beraz, zifren arabera funtzionatuko du. Bitartean, aurkezpenak egiten eta jendea animatzen jarraituko dugu.

Ikusezin modura kalifikatzen duzue emakume pentsiodunen burua. Nola egiten zaio aurre egoera horri?

Azkenean, jaramonik egiten ez zaion gauza larri bati erreparo gehiago izatea nahi dugu, eta moduak aldatzea, noski. Hizkuntz gramatikari dagokionez, euskaraz ez da hala gertatzen, artikulu bera erabiltzen delako gizonezko nahiz emakumeentzat. Gazteleniaz, baina, artikuluek bi sexuak alderatzen dituzte, eta batzuetan, pluraleko izen maskulinoa erabiltzen da. Orduan, zeure buruari galdetzen diozu: «Orokorrean ari da, gizonezko eta emakumezkoak zaku berean sartzen, alegia? Edo gizonezkoez soilik?». Zalantza handiak izatera behartzen gaituzte, etengabe geure buruari galderak egitera. Ez gara ohartzen, baina horrelako kasu ugariren aurrean aurkitzen gara egunero, eta horiek aldatzea ezinbestekoa da, berdintasunaren bidean eta emakumeok ikusgarri bihurtzeko bide horretan nolabaiteko urratsak eman ahal izateko.



Onekak emakume pentsiodunen ikusgarritasuna bilatu nahi du, eta bere helburua betetzeko, zabalkunde lana erabat garrantzitsua da. Nola daramatzazue mobilizazioak?

Nahiko goiz da mobilizazioetan gabiltzala esateko. Baina, bai, gure izena eta eginkizuna herrietan zabaltzea ezinbestekoa da. Gainera, laguntza handia dugula aipatu beharra dago, talde mistoekin egiten baitugu hedapen lana. Bide horretan, pixkana hitzaldiak eskaintzen joango gara, emakumeek euren interesa azaltzeko asmoz. Helburuak markatuta badaude ere, horiek betetzeko bidea marraztu gabe dago oraindik. Ez dugu plan konkreturik, eta jakitun gara aurrera eta atzera ibiliko garela.

Bestelako eragileen laguntza jasotzea eta elkarlanean aritzea aipatu duzu lehen.

Bai. Eta sektore desberdineko langileekin ere ideiak partekatu nahi ditugu: Nekazariekin, baserritarrekin, arrantza munduko langileekin, preso izandakoekin, indarkeria pairatu dutenekin… Horien egoerari buruz informazioa jasotzeaz gain, gure plataformaren berri ematea eta gure ideien nahiz helburuen nondik norakoak azaltzea izango litzateke asmoa. Emagin, Euskal Herriko Bilgune Feminista ere euskarri eta laguntza indartsu bat izango da marraztu gabe dagoen bide hori eraikitzerako orduan. Jende gaztea dabil bertan, eta beraz, desberdina izango da, baino horri ere helduko diogu.

Lehen zifra bat aipatu dizut; orain data bat: Martxoak 8. Aurtengoa ikaragarria izan da. Datorren urterako lanaldi osoko grebara deitu dituzte emakumeak. Pozik, ezta?

Bai. Erabaki bikaina iruditzen zait, eta greba horretan parte hartzeko asmoa dugu guk ere, elkarri lagundu, eta arazo desberdinak ditugula adierazteko. Geroz eta gazte gehiagok egiten dituzte aldarrikapenak eta geroz eta gehiago dira mobilizazioetara gehitzen direnak, eta gure plataformaren barruan ere belaunaldi desberdinei bideratutako ideiak ditugu. Oso urruti ikusten dute guk orain bizi dugun egoera, baina gauza bera gerta ez dadin, arazoaz lehenago jabetzea beharrezkoa da. Horregatik, atzetik datozenek ere soldata duinak izatea ezinbestekoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!