Euskara eta gizarte berdintasuna

Imanol Garcia Landa 2019ko urt. 5a, 13:06

Euskararen Mahai batetik abiatuta Gizarte Berdintasunaren Mahai bat osatzea posible ote den hausnartu zuen Lorea Agirrek, Tolosaldeko Euskararen Mahaiaren lehen batzarrean.

Agirrek garbi azaldu zuen bere ustetan euskara dela «integrazio hizkuntza bakarra, gaur eta hemen», eta horrela arrazoitu zuen: «Hizkuntzaren egoerak ahalbidetzen digu integrazioa gure baitatik egitea. Euskal hiztunoi ezinbestekoa zaigu genero berdintasuna lantzen dutenak, etorkinekin lanean dabiltzanak edo integrazio soziala lantzen dutenak kontuan hartzea. Aldi berean, horiei ezinbestekoa izan beharko litzaieke euskarara hurbiltzea eta euskara bere zentroan jartzea. Nik beti esaten dut, euskarak beste horien guztien hizkuntza hitz egiten du, espainolak ez».

Euskarak hizkuntza hori hitz egiten du, Agirrek zehaztu zuenez, «menderakuntza modu bera pairatzen dugulako». Menderakuntza modu guztiak teknika berdina direla gaineratu zuen, «izan arraza menderakuntza, izan hizkuntz menderakuntza, kultur menderakuntza, jatorri menderakuntza, klase menderakuntza... sistema berdina da». Kondizio hori elkarbanatzeagatik, «modu berean gu gara normalizazioa, eraldaketa eta gizarte normalizazio bat ekarriko duen jendea», azaldu zuen Agirrek, eta gaineratu: «Buruan izan behar dugu komunitate dinamikoa, irekia, solidarioa, inklusiboa eta guztia barne bilduko dituena osatzeko ausardia izatea, eta sinestea benetan subjektuak gu garela».

Tolosaldea gaur egun linguistikoki Kataluniaren pare dagoela esan zuen Agirrek: «Normalizazioa eskuen puntetan izan dezakegu, eta nola kudeatzen dugun horrek markatuko du etorkizunean izango ote garen eskualde euskaldun bat eta hizkuntza komuna eta integratzailea euskara izango den, edo beharbada hamar-hamabost urtetan oso egoera ezberdinean egongo garen. Oso momentu onean gaude, baina aldi berean oso kontuan eta arduraz hartzekoa da».

Euskara eta gizarte berdinzaleak buruan edo jomugan izan behar direla dio Agirrek. «Horrek eskatzen du politika jakinak, askoren artean proposatuak, diseinatuak, eztabaidatuak, adostuak izatea, eta eskatzen du ausardia laborategi bat martxan jartzea. Tolosaldeko Euskararen Mahaia izan daiteke horren ernamuin bat».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!