Euskara indarberritzea eta normalizatzea, misio

Imanol Garcia Landa 2019ko urt. 5a, 11:46

Lehen pausoak ematen eta forma hartzen doa Tolosaldeko Euskararen Mahaia. Dagoeneko bi batzar egin dira Lehiberri zentroan, 2018ko urrian eta abenduan, eta 2019ko urtea egitasmoa finkatzeko erabiliko da, eta 2020-2022 urteetarako plangintza diseinatzeko.

Olatz Peon Tolosako alkateak eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak, lehenengo batzarraren aurkezpenean hartu zuen hitza, eta egitasmoak «berebiziko garrantzia» duela azaldu zuen. Balioan jarri nahi izan zuen Tolosaldeko Euskararen Mahaiak «hizkuntza politikak eskualde mailan modu komunean garatzeko» aukera emango duela. Batetik, «proiektuaren eskualdetasuna» jarri zuen, beraz, balioan, eta gogora ekarri zuen, «eremu euskaldun izateari nolabaiteko garrantzia eman nahi badiogu, Euskararen Mahaia nahitaezko erreminta da, bai eremu formalean eta baita informalean ere». Bestetik, egitasmoan jasota dauden printzipio batzuk jarri zituen balioan: aniztasuna, genero berdintasuna eta bizikidetza. «Instituzioez aparte, gure komunitatearen hainbat eragilek parte hartuko dute».

Eusko Jaurlaritzatik zein Gipuzkoako Foru Aldunditik babestu den proiektua da, eta bertako ordezkariak izan ziren lehen batzar horretan, babesaren zergatia azaltzeko. Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaritzako arduradunak zehaztu zuenez, «Eusko Jaurlaritzatik ikusten genuen bai ikerketaren ikuspegitik eta baita sustapenaren ikuspegitik ere horrelako proiektuak indartu egin behar direla». Euskararen erabilerak gune euskaldunetan behera egin duela eta helburu estrategiko batzuk jarri dituztela gaineratu zuen: «Euskararen transmisioa ugaritu beharra, bai etxean eta baita etxetik kanpo ere; euskal herritarren euskararen erabilera handitzea eta bere kalitatea hobetzea; eta euskara biziberritzeko ezagutzaren garapenean sakondu beharra. Eta bereziki arnasguneei eta eremu funtzionalei buruzko azterketak ugaritzeko konpromisoa hartu genuen». Estrategia horretan «Tolosaldeko proiektu honek paper garrantzitsua bete zezakeela» ikusi dute.

Bere aldetik, Beñat Egues aldundiko Hizkuntza Berdintasuna zuzendaritzako teknikariak zehaztu zuen aldundiarentzat «beti izan da kezka hizkuntza berdintasunaren eta gainontzeko zehar politiken kudeaketa». Gabeziak daudela, eta barrura begiratuz gero, «gabezi honen oinarrian egon daiteke zehar politika bakoitzak bere aldetik lan egin izan duela orain arte». Kanpora begiratuz gero, «azpimarratuko genuke lurraldea antolatuta dagoen moduan aldundiak zailtasunak izan dituela bai euskara zein gainontzeko zehar politikak aplikatzerako orduan; izan ere, zailagoa egiten da landa eremuetara iristea. Eta euskararen arnasguneetan ezin izan dugu nahi adina eragin». Aldunditik gobernantza eredu berria jarri dela martxan adierazi zuen Eguesek, «zeharkako politikak modu integratuagoan eta indartsuagoan kudeatu ahal izateko».



Hori horrela, Eguesek eragile publikoak eta pribatuak elkarrekin aritzearen garrantzia azpimarratu zuen. Hain justu, Galtzaundi Euskara Taldea Tolosaldean egiten ari den lana erakargarri egiten zaio aldundiari, «gobernantza eredu berri batean oinarrituta, politika publikoak sustatzen dituzten eragileen eta eragile sozialen elkar hartze hori sustatzen dela kontuan hartuta». Bide batez, Eguesek nabarmendu zuen proiektuak «orain arteko moldeak birformulatzeko saiakera» egiten duela eta «zeharkako politikak bateratzen saiatzen dela irismena areagotzeko».

Arnasguneetan aldaketa

Egitasmo guztiek bezala, Tolosaldeko Euskararen Mahaiak ere izan zituen bere hasiera proposatzeko arrazoiak. Euskararen arnasguneen egoera aldaketa izan zen pizgarria, eta egoera hauskorra dela erakutsi dute datuek. Azken urteetan euskaldunen kopuruak gora egin badu ere, ezagutzan gora egin bada ere, etxeko transmisioan eta erabileran behera egin da. Herri handienetan ezagutzaren igoera eman da, eskolaren eraginez batik bat, baina txikienetan, eta bereziki landaguneetan kokatutakoetan, beherakada gertatu da, batzuetan oso nabarmena.

Datu horien aurrean, gogoeta prozesu bat abiatu zuen Galtzaundi Euskara Taldeak. Elkarte horrek antolatuta, Euskaltzaleen Topagunearen enkarguz hainbat adituk landutako Berrikasi, Berrikusi gogoeta aurkezteko Tolosako kultur etxean egin zen ekitaldia izan zen txinparta. Aditu horien tesiak bide eman zion, berariaz antolatutako Tolosaldeko Euskaltzaleen Foroa deitu zitzaion hausnarketari, 2016ko martxotik 2017ko martxora.

Bi eragin esparru identifikatu zituen foro horrek. Batetik, geografikoa, hau da, eskualde mailan eragin behar dela. Herriz herriko politika eta ekintza ildoak ez direla eraginkorrak ikusi zen, eskualde eta azpi-eskualdeko herri nagusiak eta horiek eta beren inguruko txikiak elkar eragina dutelako, baita hizkuntzaren arloan ere. Bestetik, ekinbidezkoa, hau da, herri guztietan euskaltzale taldeak eratu eta lanean jarri behar direla. Sektore desberdinak inplikatu behar direla ondorioztatu zen, eta euskalgintza instituzionala eta sozialaren arteko parez pareko lankidetza sustatu eta artikulatu behar dela.

Galtzaundi Euskara Taldeak egindako lanketa eta ateratako ondorioak hainbat erakunderi aurkeztea pentsatu zuen: Tolosako Udalari, ia guztiz udalerri honetara mugatzen baitzen artean elkarte horren jarduna, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Tolosaldea Garatzeni ere, pentsatzen zelako horrelako proiektu bat aurrera ateratzekotan erakunde horien inplikazioa eta guztien elkarlana beharrezkoa izango zela. Galtzaunditik azaldu denez, «harrera oso ona» izan zuen proposamenak. «Eskualde izaerako proiektua izateak eta erakunde publiko eta euskalgintza soziala biltzeak adostasunak lortzeko aukera eman zezakeela baloratu zen, eta unea interesgarria zela».

Aldundiak eskatuta Soziolinguistika Klusterra egiten ari zen ikerlan batean parte hartzea proposatu zitzaion Galtzaundiri, eta onartu egin zen. Ikerlan horren helburua, ondo funtzionatu zuten esperientziak aztertzea, gako garrantzitsuenak identifikatzea, eta gako hauek hautatutako proiektu batzuetan nola gauzatzen diren frogatzea da.

Galtzaundik proposatutako proiektuari pilotu izaera eman zitzaion eta berau gidatzeko ardura hartu zuen euskara taldeak. Proiektua hiru lan ildorekin jarri zen abian. Batetik, Galtzaundi Euskara Taldearen lan eremua eskualdera zabaltzea, herri guztietan euskaltzale taldeak sortu eta elkarren artean harremanean jartzea euskaltzale ehun aktiboa eratu eta egonkortzeko. Bestetik, gizarteko sektore desberdinak inplikatu eta sinergiak lantzeko bideak urratzea, sektore bakoitzaren ezaugarrietara egokituta. Eta, hirugarrena, Tolosaldeko Euskararen Mahaia sustatzea, desberdinen arteko lankidetzatik eskualdeko hizkuntza politikaren aitzindaritza, lidergoa, hartzeko.

2019ra begira

Tolosaldeko Euskararen Mahaiaren lehen bi batzarrak egin aurretik, Lan Mahaia deiturikoa eratu zuten, hain justu, Euskararen Mahaia berari forma emateko. Lan Mahaiak proposatutako misioa eta helburuak onartu ziren lehen batzarrean. Misioak zehatz-mehatz horrela dio: «Tolosaldean euskara indarberritu eta bere erabilera normalizatzea, berdintasun eta aniztasun balioen oinarrietatik, benetan komunikazio eta kohesio hizkuntza nagusia izan dadin bere lur-eremu osoan».


Hainbat helburu estrategiko zehaztu ziren Euskararen Mahaiarentzat. Batetik, gobernantza eredu berri bat oinarri eta sostengu duen eragile instituzional, sozial eta kulturalen elkargune eta erabakigunea antolatzea. Bestetik, eskualde mailako hizkuntza politika definitzea. Horrez gain, normalizazio erreala lortzeko baliabideak adostu eta abian jartzea. Eta, azkenik, gizarte esparru guztietako eragileekin elkarlana bermatzea, euskara beren eguneroko jardunean hizkuntza nagusia, komuna, izan dadin. Beste helburu batzuk ere zerrendatu ziren: bizikidetza eremu zabalean (generoa, aniztasuna, integrazioa…) inklusio bidea egiteko diskurtsoa eta metodoa landu eta garatzea; garapen sozio-ekonomikoarekin uztartzea; eta bizitza sozio-kulturala euskaraz izan dadin ahalbidetzea.

Abenduan egindako bigarren batzarrean, 2019 urteari begira jarri ziren. Hainbat egitasmo zehaztu zituzten, eta horietako bat Euskararen Mahaia egonkortzeko urrats sendoak egiteko konpromisoa hartzea eta gizartearen aurrean aurkeztea izan zen. Proiektua bideratzeko beharrezkoa da dirua eta, hori horrela, «hizkuntza politika garatzeko aurrekontu atala izendatu eta diru poltsa egokia» jar dezaten eskatuko zaie eskualdeko udalei. Bestalde, Mahaiaren behin betiko izaera, egitura eta funtzionamendua definitu, eta 2020-2022 urteen arteko jarduera plangintza landu nahi dute.

Beste zenbait egitasmo ere zerrendatu zituzten. Gizarte ehuna sendotzea, herriz herri eta herri artean, izan zen horietako bat. Sektoreen inplikazioa lortzea izan zen beste bat. Helduen euskalduntzeari dagokionez, eragileekin eskaintza aztertzea eta eskualde ikuspegia garatzea adostu zen. Tokiko hedabideen gaiak ere badu bere egitasmoa: eskaintza bermatzea eta eragileen proposamenak aztertzea. Azkenik, bizikidetzari dagokionez, harrera protokoloak eta bere aplikazioa gauzatzeko urratsak ematea.

Proiektua aurrera nola eramango den ere proposatu zen. Batetik, batzarra, berariazko euskalgintzak osatua eta erabakigunea izango dena. Bestetik, zuzendaritza, hau da, orain arte Lan Mahaia izendapena hartu duena. Bertan, zenbait udalen, aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Uemaren ordezkariak izango dira, baita euskara teknikarien, Larramendi Bazkunaren, Galtzaundi Euskara Taldearen eta Tolosaldea Garatzenen ordezkariak ere; horrez gain, bizikidetza, genero berdintasuna, aniztasunarekin lotura duten eragile eta pertsonak, eta hezkuntza arloko ordezkariak, bai eskola nagusi zein eskola txikienak, eta helduen euskalduntzearenak. Talde eragile bat izatea ere proposatu da, zuzendaritzak izendatua, eta soslai teknikoa duten zuzendaritza kideez eta adituez osatua. Koordinazioa Galtzaundi Euskara Taldearen ardura izango da, Uemarekin harreman estu eta jarraituan. Azkenik, baliabideen aldetik, udaletara, aldundira eta Eusko Jaurlaritzara joko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!